


Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira, martxoaren 20ean, SOS Arrazakeria, medicusmundi Gipuzkoa eta Euskadiko GGKE Koordinakundeak antolatutako Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XXV. Martxa ospatu da, Pasaia eta Donostia artean. Bertan, 57 erakunderen eta 700 pertsonaren babesarekin, migratzeak, duintasun handiagoko bizitza bat bilatu nahi izateak, bizi ahal izateko eta familiari lagundu ahal izateko lan bat bilatu nahi izateak, kasu askotan, bizitza galtzearekin lotua egotea salatu nahi izan da, eta mugak heriotza-leku izateari utz diezaiotela eskatu da.
Edizio honetarako, Martxa babestu duten 57 erakundeek “Pasa” izan dute kanpainaren lelo nagusi bezala. Honekin, paperik ez duten eta mugak zeharkatu nahian bizitza jokatzen duten migratzaileek bizi duten babesgabetasun-egoera salatu nahi da, egoera honi buelta emateko herritarrak mobilizatzearen garrantziaz kontzientziatzearekin batera. Aldarrikapen honetara gaurko Martxan parte hartu duten 700 pertsonak batu dira.
Urte askoan Europako Batasuneko kanpo mugak heriotza-lekuak izan dira, bereziki Mediterraneo erdialdekoak (Italia eta Malta), mendebaldekoak (Espainia) eta ekialdekoak (Grezia), Europaren eta Afrikaren arteko migrazioaren haustura marra handian aurkitzen direnak.
Eta azken urteotan, Europar Batasuneko kanpo mugei, beste muga eta ibilbide batzuk gehitu zaizkie. Batasuneko barne mugak dira, Batasunaren barruko Estatuen artekoak, Irun-Hendaia, Frantzia-Ingalaterra arteko Mantxako kanala, edo Afrika mendebaldea eta Kanarien arteko Atlantikoko bidea, esaterako. Horietariko bakoitzean handitzen doa hildakoen eta desagertutakoen kopurua
Europar Batasuna lortu ezinik dabil migrazio eta asilo politika bateratu txukun bat. Batzordeak 2020an aurkezturiko egitasmoa erdi geldirik dago. Zehaztu ezinean dago, Batasuneko Estatuen arteko kontradikzio latzak tarteko. Batzuek kosta ahala kosta migrazioa geldiarazi nahi dute, hesiak eta harresiak eraikita ere. Beste batzuek asilo eskatzaileak hirugarren herrialdeetara bota nahi dituzte, haien asilo eskaerak onartu bitartean. Hainbatek sarrerak eta irteerak arautu nahi dituzte. Kanpo muga direnek muga haietan kontrol handiagoak nahi dituzte. Eta hala ez direnek, bigarren mailakoak deituriko mugimenduen kontrol handiagoa nahi dute, hau da, herrialdeen arteko mugimenduen artekoa, hemen trantsiziozko migrazioa izenez ezagutzen duguna. Hori guztia negoziazioen geldieran eta betikotzean bilakatzen da, migrazio mugimenduak modu egokian antolatzeko erabakirik hartu gabe daudelarik, Martxa babestu duten erakundeek onartezina ikusten dutena.
Heriotzak migrazio mota batean pilatzen dira, Schengen espaziora sartzeko bisa behar duten herrialdeetatik datozenengan alegia, batez ere Afrikatik eta Asiako zonalde batzuetatik etorritakoengan. Hildakorik ez dago hegazkinez iristen direnen artean, edo eta bisaren beharrik ez dutenen artean, nahiz eta geroago arazo larriak izan ditzaketen erregulazio administratiboekin. Baina horiek bestelako kontuak dira.
Europar Batasunak hartzen ditu nazioarteko migratzaile gehien munduan. Halaber, munduko migrazio helmuga nagusienetakoa da. Hein berean, urtero, milaka lehen asilo-baimen eskaera gauzatzen dira.
“Arazoa da, aspalditik, sarrera horiek guztiak ez direla nahikoak, milaka lagunek uzten dutela sorterria Europar Batasunera etortzeko, bizimodu duinagoa egin asmoz, etorkizun hobearen bila edo eta jazarpenetik ihesi –SOS Arrazakeriatik kontatzen dute, Martxaren antolatzaileetako bat-. Beraz, nahiz eta egungo sarrera kopuruak estimatzen ditugun, jende gehiegi geratzen ari da sartu ezinik, bidaia arriskutsuak eginaz eta bizia kolokan jarriz. Eta munduak hartzen ari duen norabidea ikusita, badirudi ate joka datorren jende kopurua handitu egingo dela. Jada badira 25 Martxa, mugetan eskubideak urratzen direla salatzen, dakarten heriotza politikak eta diskriminazio selektiboak salatzen, eta egoera ez doa hobera”.
Martxa babestu duten erakundeek errealitate gordin honek erabaki politiko eta sozialak hartzea, migrazio fluxuak eta nazioarteko babes, asilo eta aterpe eskaerak hobe bideratzea eskatzen dutela uste dute. Era berean, bigarren mailako mugimenduen, Batasuneko herrialdeen arteko joan-etorriak hobe erregulatzea: migratzaileei bisak emateko politika eraginkorragoak sortzea; hitzetatik ekintzetara pasatzea, eta beste herrialdeekin akordioetara iristea, sartzeko bide legalak errazteko; teknikoki kualifikaturiko migratzaileentzako talentu gaietan politika bateratuak garatzea; nazioarteko babesa behar dutenek, iristen diren herrialde horietan eskatzerik izango dutela ziurtatzea; errefuxiatuen birkokatzeak azkartzea; etab.
“Mundua Estatu nazioetan zatitua dago, zein baino zein bere subiranotasunaz zelatiago dagoena, non argi adierazten den herritar eta atzerritar izaeraren arteko aldea. Baina migrazioak hortxe daude. Eta balio estimagarriak kontrajartzen dira. Estatuek nor sartzen den eta nor ez kontrolatu nahi dute. Baina, mundu mailan ematen diren ezberdintasun handiek, aberastasunen banaketa okerrak, pertsona asko eta asko, bizimodu duinago bat lortu nahi badute, migratzera bultzatzen ditu. Eta asmo hori bidezkoa da, eta migrazioa aspaldidanik izan da horretarako bitartekoa, -SOS Arrazakeriatik diote-, eta azpimarratzen dute, balioen talka horretan, alderik ahulena, zailtasun gehienak dituena, egur guztia jasotzen duena migratzaile eta errefuxiatuen kolektiboa dela, arrisku handiko bidaiei aurre egin behar dieten pertsonak, herrialde batetan finkatzeko zailtasun handiei aurre egin behar dietenak. Eta haien artean, emakumezkoak eta adin-txikikoak kaltetuenak dira”.
Martxa babestu duten erakundeek adierazten dute “egoera hau izanik, haiekin egon beharra dugula, lagundu egin behar ditugula eta agintari politiko eta administrariei irtenbideak planteatu behar zaizkiela. Inor ez da irla bat. Pertsona horien egoerak interpelatzen gaitu. Eta bidezkoena, laguntza ematea litzateke. Jende horien bizia bada zerbait, zerbait izan beharra du. Eta migrazio-politikek pertsona hauek kontuan hartu behar dituzte”.
SOS RACISMO • MEDICUSMUNDI GIPUZKOA • COORDINADORA DE ONGD DE EUSKADI • ADISKIDETUAK • AGISAS • AMHER • AMNISTIA INTERNACIONAL • ARRATS • ASAMABLEA FEMINISTA ORERETA • ASOCIACIÓN ADECO • BEHAR BIDASOA • BIDEZ BIDE ELKARTEA • CALCUTA ONDOAN • CEAR ERREFUXIATUAK • DENON ELKARTEA • DONOSTIAKO SAHARAKO LAGUNEN ELKARTEA • EIHERA KOOP. TXIKI • ECONOMISTAS SIN FRONTERAS EUSKADI • EHGAM • ELAN-EUSKADI • ELKARREKIN KOOP. TXIKI • EMAÚS FUNDACIÓN SOCIAL • ENRAIZA DERECHOS • ESK • ESPERANZA LATINA • ETIOPIA UTOPIA • FISC EUSKAL HERRIA • FUNDACIÓN ADSIS • FUNDACIÓN PAZ Y SOLIDARIDAD DE EUSKADI • GOT • GRUPO PEÑASCAL • HAURRALDE FUNDAZIOA • HIRITARRON HARRERA SAREA/RED DE ACOGIDA CIUDADANA • HELDUAK • INTERED • IRUNGO HARRERA SAREA • KOLORE GUZTIAK • MALEN ETXEA • MUGARIK GABE • MUGEN GAINETIK • MUNDUBAT • ONDOAN TOPAGUNEA • ONGI ETORRI ERREFUXIATUAK • PLAZANDREOK • PROCLADE-YANAPAY • PROYDE-PROEGA FUNDAZIOA • RED ATENEA • SALVAMENTO MARÍTIMO HUMANITARIO • SODEPAZ EUSKADI • STEILAS • TAU FUNDAZIOA • UME ALAIA • ZAPOREAK • ZERO POBREZIA • USANDESIGN • LAB SINDIKATUA • EGK