

Donostian egin berri ditugun Sexu eta ugalketa eskubideetan fundamentalismoek duten eraginari buruzko Nazioarteko Topaketetan, Jexuxmari Mujikak bigarren atalari hasiera eman zion, laizitateaz, demokraziaz eta erlijio fundamentalismoez, ondoko ponentziarekin: ‘Eliza Katolikoa sexu eta ugalketa osasunaren aurrean: arrazoiak eta ikuspuntuak’. Bertan, Elizak hainbat gaitan darabilen diskurtsoari begiratu bat eman zion: emakumearen lekua erakundean, abortuaren gaia, eta sexu eta ugalketa politiketan izan duen eta izan nahi duen kontrola. Gai hauek denak ere mintzagai izan genituen elkarrizketan.
Has gaitezen gaurkotasun handiko gai batekin, Eliza Katolikoa eta sexu eta ugalketa eskubideei buruz. Zer deritzozu Elizak abortuaz duen jarrera ofizialaz?
Jarrera ofiziala ezaguna da. Erabat abortatzearen aurka dago, eta abiapuntua izanik espermatozoidea eta obulua elkartzen diren unetik eskubide osoko pertsona bat badela, jarrera horrek lojikoa lirudike. Alta, baina ugari daude hemen. Hasteko, Elizak ez du beti jarrera hori eduki. Ez du beti pentsatu badela pertsona bat ernaltze unetik beretik. Santo Tomasek zioen aste jakin batzuen ondoren zela. Edozelan dela ere, abortua inoiz ez da gauza desiragarria, baina irtenbideetarik hoberena bilatu behar da bizitzan sortzen zaizkigun egoeretan. Eta zientziari entzun egin behar zaio. Egun, kristau etikak edo moralak ezin dute hitzegin biologia batere kontuan hartu gabe. Pertsona kontzeptuari buruz hitzegin behar da: zer dugu pertsona, zein unetik aurrera eta zergatik, Eta, batez ere, bizitza kontzeptuari buruz hitzegin behar da, zeri deitzen diogun horrela; soilik bizitza biologikoari? Eta nik uste dut beharrezkoa dela elkarrizketa, baina Elizaren jarrera itxiek ezinezkoa egiten dute. Hitzegin behar da, irtenbide egokienak zein diren jakiteko eta bultzatzeko, eta jendea hezitzen saiatu erabakiak kontzientziaz hartu ahal ditzan, askatasunez eta arduraz. Eta heziketa horrek eskatzen du esatea, nola ez, abortu guztiak ez direla berdinak. Eta Elizari esan beharko litzaioke arazoak ez direla eskumikua bezalako zigor latzekin konpontzen.
-Agian bizitza eskubidea da Elizak darabilen arrazoi nagusia abortua arbuiatzeko; baina, jaiogabearen bizitzari lehentasuna emanez. Zer esan amen bizitzaz eta osasunaz?
Egokiena litzateke abortatzeko beharrik ez egotea, baina bizitza eskubideaz ari garela, gauzak argitu egin behar dira. Bizitza poriektu bat da, askatasuna, autonomia… Horrexegatik, gauza askori buruz hitzegin beharko litzateke, baina elkarrizketa inoiz ez da posible jarrera errotik itxiekin, beste aldearen asmo zintzoa gogoan hartu gabe. Are gutxiago jarrera horiek historian zehar ez direnean beti berdinak izan.
-Baina Eliza ez da justuki elkarrizketaren aldera lerratzen.
Badirudi Aita Santu berriak eliztarrei galdetu nahi diela gai honi buruz duten iritziaz. Eliza ofizialean jarrerak aldatzeak ez dirudi erraza, baina esango nuke Aita Santu honek badakiela elkarrizketarako prest egon behar duela.
-Aborta dezakeen emakumearen aurka, Elizak mehatxu gisa darabiltzan zigorrei buruz hitzegin duzu. Zuzenbide kanonikoak, ordea, hainbat abortu kasu onartzen ditu.
Ni ez naiz aditua zuzenbide kanonikoan, baina egia da bertan badirela bereizketak, nahiz eta, egun, Elizak ez dituen egin nahi. Lehenengo kristauek, adibidez, badirudi garrantzia handiagoa ematen ziotela adulterioari hainbat abortatzeri baino, ez zutelako uste haietan giza pertsona bat zegoenik. Elizaren jarrera ofiziala da zabalduena. Baina bere barruan badira iritzi desberdinak, agian bazter geratzen direnak goi hierarkien boterearen aurrean. Egun, goi hierarkiek asko hitzegiten dute komunitateaz, baina komunitate bat ezinezkoa da disensorik eta aniztasunik gabe. Gaur Elizan bada gehiengo zabal bat ahots eta botorik ez duena, baina badira mugimendu ugari estimuan daukatenak Jainkoaren seme-alaben askatasuna. Egun, aniztasunik eta disensorik gabe ezinezkoa da pertsona helduen komunitate bat, eta ez da desiragarria ere.
-Eta nola lortu horrelako komunitate bat Elizaren jarrera ofizialarekin? Uste al duzu Frantzisko Aita Santuaren adierazpenetan aldaketa suma daitekenik?
Nik hala uste dut. Badakit oraingoz hitzak besterik ez direla, baina hitz garrantzitsuak izan dira. Goizegi da aldaketez hitzegiteko, baina ikusiko dugu noraino hel daitekeen. Argi ikusten dut urrats sendoak ematen ari dela, eliz komunitateak hainbat gairi buruz iritzia eman dezan, hala nola bioetikaz, homosexualitateaz, abortatzeaz, jaiotzen antolaketaz, emakumearen garrantziaz elizan edo eta dibortzioaz. Eta esango nuke galdera hauek egiten dituela, uste duelako Elizak, egun, inork ere egin gabeko galderei erantzuten diela, eta, aldiz, ez dituela erantzuten fededunek eta jendeak orohar egiten dituenak. Uste dut Aita Santua sinestuta dagoela hobe dela besteekin batera egiaren bila dabilen Eliza, ziurtasunak predikatzen ibili ordez, berak badakielako mundu hau injustiziaz beterik dagoela, eta askotan jendea nora ezean dabilela erantzun zehatzik gabe aurrean dituen arazo guztientzat. Alde honetatik, esperantza badut. Esan zuen esaldi bat, asko gustatu zitzaidana: ‘nahiago dut Eliza gorabeheratsua, Eliza gaixotua baino’; arriskuak hartuko dituen Eliza, denekin hitzegingo duena, baita fedegabeekin ere… Eliza mota horrek anka sartu dezake, baina Eliza gaixotu bat bere baitara itxia dagoena da, defentsiban beti, berari buruz beti. Zentzu horretan, badirudi onartzen duela egungo Eliza ofiziala gaixorik dela. Eta nik uste dut Aita Santu berria arriskatu egingo dela, baita sexu eta ugalketa eskubideei buruz, eta saiatuko dela emakumeei Elizan protagonismo gehiago ematen, non menpeko egoeran dauden, Ebanlegioan Jesusek emandako mezuaren aurka erabat, gizon eta emakumeei balio bera ematen baitzien.
-Beraz, emakumearen egoera Elizan ez da beti gaurkoa izan.
Lehenengo kristauen artean emakumeek ardura garrantzitsuak izan zituzten, baina Eliza instituzionalizatzen joan zen heinean eta erromatar kultura patriarkalaren gisakoekin harremandu, berdintasun kultura hura galdu egin zen emakumearen kaltetan. Berdintasunezko egitura batek leku egin zion menpeko bati emakumeari zegokionez. Okerrena da oraindik estatus horretan dagoela, eta ez zaiola uzten gizonen aginte eta ardura berak edukitzen. Pentsatzen dut kostako dela, gaur egun Eliza egitura handi bat delako, indar handiarekin, baina uste dut Aita Santu hau ohartzen dela Elizak aldatu egin behar duela Jesusen mezuari erantzun nahi badio. Bizkor aldatuko ote den? Ez dakit, baina jende asko dago haren hitzak atseginez eta esperantzaz entzuten. Bada, bai, gerta liteke aldaketarik.
-Ba al dago loturarik emakumea Elizan nola dagoen eta erakunde horrek haren sexu eta ugalketa bizitzari buruz dogmak eta jokaerak inposatzeko agertzen duen halako behar baten artean?
Boterea duen erakunde oro saiatzen da jendea kontrolpean edukitzen, hain zuzen ere boterea kontrolaren bidez gauzatzen baita; gero eta botere gehiago, orduan eta kontrol gehiago. Eta Elizak, sexua eta ugalketa politika kontrol tresna gisa erabili izan ditu, emakumeengan batez ere. Zentzu honetan, harreman argia dago emakumeek erakunde honetan duten lekuarekin. Eta askoz ere zailagoa da boterea erabiltzea jende heldu eta buruaskearen aurrean, norbere kontzientziaren arabera jokatzen duenarekin, bereziki gizarte ordenarentzat hain garrantzitsua den gai honetan. Kontrol hori botere politikoari bezainbat interesatu zaio eliz botereari, eta emakumeen gaineko kontrola are eta garrantzitsuagoa izan da ugalketa politika kontrolatzeko, azken finean beraiek baitira erditzen.
-Elizaren iritzia aldagaitza da zenbait gaitan, baina osasun publikoari arazo larriak sortzen dizkio, adibidez HIES eta SBG bidezko kutxadurak ekiditeko preserbatiboen erabilerarekin gertatzen dena. Osasun publikoaren alde, ezin al da marra moralik gainditu?
Preserbatibo eta bestelako metodo antikontzeptiboetan, katoliko eta apaiz ugarik muzin egin dio doktrina ofizialari. Egun, gure gizarteetan, katoliko gehienek arazorik ez dute metodo horiek erabiltzeko; are, badakite erabili egin behar dituztela sexu bidezko gaixotasunak ekiditeko. Elizaren jarrera tradizioan oinarritu da, baina tradizioa ez da berdina izan historian zehar. Egun, sinestezina dirudi Elizan oraindik preserbatiboaren aurka hizketan jardutea, edo eta italiar kazetari Constanza Marianoren ‘Casate y se sumisa’ liburuan esandakoak esatea; hitz-erdi bat bera ere ez diet opa.
-Batzuetan badirudi alderdi hauek gutxiengoa direla Elizan, baina, aldi berean, boterearen jabe direla.
Bai, baina zenbateraino da boterea, inork ez badizu kasurik egiten? Gogorra da, halaber, oraindik ere gizarte batzuetan apaizak botere eta eragin gehiegizkoak izatea bere eliztarren artean, hauei autonomia kenduta. Baina egia da, halaber, Elizaren barruan badirela hainbat iritzi joera, askoz ere jarrera arrazoizkoagoen jabe direnak arazo hauen aurrean. Esango nuke jarrera ofiziala ez datorrela bat Elizaren gehiengoarekin.
-Eliztar gehienen iritziaren aurka joatea, fededun kopuruaren kaltetan al da?
Motibo ugarik eragin dute eliztarren beherantzako kopuruan; nola marxismoaren aurrean hartutako jarrerak langile klasea Elizatik aldendu zuen, hala sexu eta osasun ugalketari buruzko jarrera immobilistak aldendu dezake jendea.
-Egungo gobernuak atzera egin nahi du abortatzeari buruzko eskubideetan, eta berriro aipagai da Elizaren injerentzia bizitza publiko eta politikoan. Hainbeste zor al dio gobernuak Elizari? Zergatik gobernu guztien aldetik halako pleitesia?
Uste dut egungo gobernuaren bezeroak eta Eliza ofizialarenak nahiko antzekoak direla. Badira, beraz, interes komunak. Erlijio erakunde batek eskubidea du edozein gairi buruz bere iritzia emateko, baina ez da onargarria alderdi politikoak eta parlamentua modu ezegokian estutzea, berauek baitira legeak egiten dituztenak. Eta abortuaren legea ez dagokio Elizari, parlamentuari baino.
-Hainbat taldetatik, baita Eliza Katolikoarenetatik, abortuaren gaian edo beste zenbaitetan, askatasuna eskatzen ari dira kontzientziaz erabakitzeko. Zaila dirudi goi aginteak hori onartzea…
Kontzientziaz erabakitzea Elizaren doktrinarekin bat dator, nahiz eta apenas zaion inori gogorarazten. Ondorioak jasango dituenak erabaki behar du, emakumeak eskuarki, eta berak behar du kontzientziaz jokatu, bere bizitza proiektu aske eta burujabetik. Eta inork ezin dio askatasun hori kendu. Eta erabaki ahal izateko, jendea hezi behar da esanez abortatzea ez dela metodo antikontzeptiboa, ez dela desiragarria, eta abortu guztiak ez direla berdinak. Egoera bakoitzean irtenbiderik hoberena bilatu behar da, eta erabakia emakumeak hartu behar du, kontzentziaz, askatasunez eta autonomiaz. Eta ahaleginak eta bi egin, egoera zail eta korapilatuak, irtenbide desiratu gabeak, ahalik eta gutxien gerta daitezen.
-Uste al duzu erabakitzeko eskubide hau noizbait bateragarri izango den Elizako goi hierarkiaren jarrerekin?
Herrialde honetan, Elizaren barruan, abortatzeari buruz jarrera desberdinak daude, baina agintea Gotzainen Batzarrak dauka, eta agintean daudenak dauden bitartean, ez dut esperantza handirik. Baina aldaketak egin beharko dira, nahiz eta arriskua baden Eliza bere baitara ixten eta ixten den eta sekta gero eta itxiago eta eskuindarrago bihurtzen. Ez nuke nahi, kristau askok uste baitu erlijioa dela mundu hobea egiten laguntzeko; eta uste honek eskatzen du abortatzearen arazoari ere zuzen erantzutea.
Autoreak: Maialen Odriozola eta Mónica Míguez.