GARAPENERAKO LANKIDETZA

Medicusmundi Gipuzkoan osasunaren aldeko apustua egiten dugu. Osasuna Giza Eskubideen oinarrizko osagai gisa. Eta osasunerako eskubidean, lehen mailako arreta ez ezik, osasunean eragina duten faktore nagusiak ere sartzen direla pentsatzen dugu.

Gaur egun, gure ahaleginak emakumeengan eta hauen Sexu eta Ugalketa Eskubideen defentsan zentratzen dira. Zergatik?

Urtero, milioika neska eta emakume hiltzen dira “emakume” izate hutsagatik bakarrik, haurdunaldian edo erditzean gertaturiko konplikazioak, abortu klandestino eta arriskutsuak, feminizidioa, bikotekidearen indarkeria, ohorezko hilketak eta osasun-laguntzarik gabe, besteak beste.

Badira oztopo ekonomiko, kultural, sozial, politiko eta erlijioso asko, emakumeen Sexu eta Ugalketa Eskubideak gauzatzea eragozten dutenak. Zoritxarrez, ugaltze-adinean dauden mundu guztiko emakumeen artean, ugalketa-osasuna da hauen heriotzaren edo desgaitasunaren kausa nagusia. Hona hemen gure lan-jarduera nagusiak:

  • Mundu guztian genero-ekitate eta genero-berdintasuna lortzeko jarduerak.
  • Sexuaren eta ugalketaren arloko indarkeria oro salatzeko eta halakoen aurka borrokatzeko jarduerak.
  • Sexu-Hezkuntza Integrala (SHI) sustatzeko jarduerak.
  • Osasun-sistema publikoak sustatzen dituzten jarduerak.
  • Sexu eta Ugalketa Eskubideak bermatzeko eragin politikoko jarduerak.