MOBILIZAZIOA

ZERO POBREZIA PLATAFORMA DONOSTIA

Donostian, Zero Pobrezia Plataforma sortu da, munduan pertsonek jasaten dituzten bidegabekeriak eta desberdintasunak salatzeko.

Urtean zehar aktibo dagoen Plataforma gara, baina bere jarduera urriaren 17aren inguruan biltzen du, aberastasunaren banaketa bidegabea eta pobrezia, zein desberdintasun eta bazterkeria egoerak salatzeko.

ARRAZAKERIAREN ETA XENOFOBIAREN AURKAKO MARTXA

Urtero, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Martxa burutzen da Pasaia eta Donostia artean, martxoak 21ero ospatzen den Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzearen Aldeko Nazioarteko Egunaren harira. 1996etik -SOS Arrazakeria, medicusmundi Gipuzkoa eta Euskadiko GGKE Koordinakundea-k antolatzen dugun herri-ekimen hau, dozenaka erakundek, herri mugimenduk, sindikatuk, zein ehundaka herritarrek babesten dute.

Komunikazio kanpaina sortzeko, Usandizaga BHIko Publizitate Grafikoko ikasleek parte hartzen dute ”.

LILATON TALDEA

Lilaton, emakumeek emakumeentzat antolaturiko bost kilometroko herri-lasterketa bat da, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan (martxoaren 8a) Donostian egiten dena. 2010. urtetik, edizio guztietan korrikalari-talde batekin parte hartu izan dugu, osasunaren aldeko zein sexu eta ugalketa eskubideen aldeko hainbat goiburu aldarrikatuz. 2022an gure eslogana hau izan da: “Lehen mailako arretak zaintzen gaitu, babes ezazu!”.

Urtero korrikalari berriak batzen zaizkigu, horrekin herritar gehiago sexu eta ugalketa eskubideen alde mobilizatuz.


“GAZTEAK HEGOAREN BILA” LEHIAKETA

“Gazteak Hegoaren bila” sentsibilizaziorako joko-lehiaketa bat da, medicusmundi Arabak, medicusmundi Bizkaiak eta medicusmundi Gipuzkoak bi urtean behin antolatua eta gazteei zuzendua. Lehiaketak helburu bikoitza du, batetik, beste herrialde batzuetako errealitatearen inguruan gazteen ezagutza eta interesa areagotzea, eta bestetik, talde lana sustatzea.


“GAZTEAK INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEN” LEHIAKETA

“Gazteak indarkeria matxistari aurre egiten” modu paraleloan Perun eta Gipuzkoan urtero egiten den lehiaketa bat da. Haren helburuak, indarkeria matxistak tokiko - maila globaleko ikuspegi batetik ikusgai jartzea eta munduko zenbait tokitako errealitateak geure ingurunean ere bizi dugun egoerarekin lotzea dira. Lehiaketa honen bidez, Gipuzkoako eta Peruko gazteria inplikatu nahi dugu, indarkerien egiturazko jatorrietan zein haien ondorioetan sakondu dezaten.