IKASTAROAK

“Sexualitatea, generoa eta garapena” kurtsoa

2000. urteaz geroztik, eta UPV/EHUrekin lankidetzan, urtero “Sexualitatea, generoa eta garapena” ikastaroaren edizio berri bat antolatzen dugu (lehenago, Sexu eta Ugalketa Osasuna deiturikoa). Unibertsitatearen prestakuntza-eskaintzaren barruan sendotutako ikastaroa da, eta UPV/EHUren Ibaetako Campusean burutzen da.

Ikastaroa 12 saioz osatuta dago, eta helburu hauek dauzka:

  • Ikasleak beharrezko analisi-tresnez hornitzea, sexu-eskubideen eta ugalketa-eskubideak kritikoki ulertzeko.
  • Munduko emakumezkoen zati handi batek eskubide horiek bermatuak ez izatea eragiten duten faktore ezberdinak aztertzea.
  • Ipar eta Hegoalde Globaleko errealitate ezberdinak ezagutzera ematea lehen-pertsonan partekatutako testigantzen bitartez.

AGENDA atalean "Sexualitatea, generoa eta garapena" kurtsoaren edizio ezberdinen informazio guztia aurki daiteke.



“Sexualitatea, indarkeria matxistak eta zapalkuntzen intersekzionalitatea” mintegiak

Mintegi hauen helburu nagusia, jarrera diskriminatzaile eta sexistak prebenitzeari buruz kontzientziatzea da, bai eta jarrera horiei aurre egiteko estrategia eta eduki pedagogikoak eskaintzea. Donostiako UPV/EHU unibertsitateko eskola-orduetan eskaintzen dira, Psikologia eta HEFA ikasketetan.

Mintegiak 4 saioz osaturik daude eta honela egituratzen dira:

  • Lehen batek, sexualitatearen eta berdintasunezko sexu-harremanen funtsezko alderdiak hartzen ditu, sexuaren inguruan zer-nolako espektatibak sortzen diren aztertuz, eta nola halakoek harreman afektibo-sexual onuragarri edo kaltegarriak ezartzeko garaian eragiten duten. Bertan, maitasun-idearioaren eraikuntza sozialak gazteen osasun integralean eta osasun sexualean duen eragina kontutan izanik, gure “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna” ikerketa elkarbanatzen zaie, tresna bezala erabili dezaten.
  • Bigarren batek, aniztasun sexuala ikuspegi intersekzional batetik lantzen du. Bizi ditugun gizarte-kategorizazioen ardatzak azaltzen dira, eta nola horiek pribilegio edo zapalkuntza posizio batetan kokatzen gaituzten. Nola jarri aniztasuna balioan?
  • Hirugarren sesioak, indarkeria matxistak jorratzen ditu, indarkeria matxista mota desberdinak, eta indarkeria horiek sostengatzen dituen sistema zein den eta nolakoa den azalduz. Ondoren, taldeetan, indarkeria matxista kasuei erantzuteko protokoloak diseinatuz lan egiten da.
  • Laugarren eta azken sesioak, genero, klase eta arraza kategorien araberako zapalkuntza-sistema estrukturalak nola uztartzen diren sakontzen du. Ideia hori baita, intersekzionalitatearen teoriaren oinarrian dagoena. Mundua eta bere gizarteak modu desorekatuan antolatzeko sortutako sistema diskriminatzailea. Jar ditzagun gure pribilegioak behar dituztenen eskura!

Gaur egun, mintegiak Donostiako UPV/EHUko Gizarte Hezkuntza, Magisteritza, Pedagogia eta Psikologia Graduetan burutzen ari dira.