

Irailaren 4ko Sexu Osasunaren Munduko Egunaren testuinguruan.-
2010. urtean, Sexu Osasunerako Munduko Elkarteak proposatuta (WAS, ingeleseko siglen arabera), irailaren 4ean Sexu Osasunaren Munduko Eguna ospatzen da, mundu osoan sexu-osasunaren inguruan kontzientzia handiagoa piztu nahirik, eta aurtengo honetan “Sexu Osasuna: sexualitatearen ongizatea” goiburua erabiliko da. Horren bidez, 2002. urtean Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sexu-osasunari buruz egindako definizioan jarri nahi izan dute arreta; “sexualitatearekin loturiko ongizate fisikoa, emozionala, mentala eta soziala izango genuke egoera honetan, eta ez da bakarrik gaixotasunik, disfuntziorik, ahuldaderik ez izatea. Sexu-osasunak sexualitatearen eta sexu-harremanen inguruan hurbilpen positibo eta begirunetsu bat egitea eskatzen du, eta halaber, plazera eta sexu-esperientzia seguruak eta hertsapenik, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabekoak erdiesteko aukera edukitzea. Sexu-osasuna erdiesteko eta pertsona guztien sexu-eskubideak bere horretan mantentzeko, errespetatu, babestu eta bete egin behar dira ”.
Medicus Mundi Gipuzkoak egun seinalatu hori aprobetxatu nahi izan du 2013ko azaroaren 28an eta 29an Donostian egindako “Fundamentalismo politiko, ekonomiko, erlijiotsu eta kulturalek sexu- eta ugalketa-eskubideetan duten Eraginari buruzko II. Topaketetako” hitzaldiak biltzen dituen argitalpen hau ezagutzera ematen hasteko. Horren bidez, Gipuzkoako GKE honek, sexu- eta ugalketa-eskubideak defendatzen jarraitu nahi du bai Hegoaldean eta bai Euskadin ere, sexu- eta ugalketa-eskubideak lehentasun handieneko lan-ildotzat hartuta .
Sexu- eta ugalketa-osasunerako aukerarik ez izatea gaur egun oraindik ere osasun publikoaren arazo larrienetako bat da. Azken urte hauetan hainbat aurrerapen egin diren arren, oraindik ere eztabaida handiak pizten dituen gai bat da ia munduko gizarte guztietan. Nazioarteko politiken agendetan sexu-osasunaz hitz egitea eta defendatzea kasu askotan debekatua egon da zenbait fundamentalismorekin loturiko sexuagatiko diskriminazioetan oinarritutako aurreiritziengatik. Izan ere, espresio fundamentalisten ezaugarria da Estatuaren interesak emakumeen gorputzaren gaineko kontrolarekin uztartzea, sistema politiko patriarkala betikotzeko eta mugatzeko tresna gisa.
Gure ingurune hurbilean funtsezko eskubideen aurkako mehatxuak bizi ditugun testuinguru honetan, jardunaldi hauek eta argitalpen hau aukera paregabea dira, beste gai batzuen artean, aborturako eskubidearen arazoa osasun publikoarekin eta giza eskubideekin loturiko arazo gisa aztertzeko, eta hala, gai horri heldu zion amaierako hitzaldiak. Aborturako aukeraren auzia ezin da emakumeen giza eskubideen, ez sufritzeko duten eskubidearen eta Estatuek eskubide horiek defendatu eta gauzatu daitezela ahalbidetzeko duten obligazioare n testuinguru zabaletik bereizirik jorratu. Gauza nabarmena da, mundu osoan, haurdunaldia nork bere borondatez eteteko eskubidearen araudia zenbat eta murriztaileagoa izan, orduan eta gehiago direla abortuak eta, horrez gain, abortu horiek osasun-arazo larriago bilakatzen direla, modu ez-seguruan eta osasun-kontrolik gabe egin beharrak eragiten dituen arriskuengatik. Izan ere, urtean 68.000 emakume inguru hiltzen dira abortu ez-seguruen ondorioz, eta horrek esan nahi du horrela hildakoak mundu osoan hiltzen diren amen % 13 direla.
Argitalpen honetan, Isabel Serrano Fusterrek, Estatuko Familia Plangintzarako Federazioko kide eta “Nosotras Decidimos” Plataformako bozeramaileak, gogoeta egiten du Espainiako estatuan “Jaio berriaren bizitza eta emakume haurdunaren eskubideak babesteko lege organikoaren aurreproiektua” onesteak izango lukeen garrantzi handiari eta larritasunari buruz; lege horrek, onestera iritsiko balitz, atzerapen garbia ekarriko luke emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen onarpenean; murrizketa bat ekarriko luke emakumeen askatasun eta autonomian beren sexualitateari dagokionez eta bere amatasunari buruz erabakitzeko eskubideari dagokionez; eta giza eskubideen urrapen garbi bat.