Berriak

Medicus Mundi Gipuzkoak argitalpen bat zabaldu du fundamentalismo desberdinek sexu- eta ugalketa-osasunean dituzten ondorioen inguruan
2 iraila, 2014
Medicus Mundi Gipuzkoak, nazioarteko kanpaina baten barruan, abortu seguru eta legezkorako zerbitzuak izatea eskatzen du
26 iraila, 2014
Dena ikusi

Ebola epidemiaren inguruko auzia


Lehen aldiz 1976. urtean deskubritua, gizakiarentzat gaixotasunik hilgarrienetako bat da Ebola sukar hemorragikoa, ehuneko 25etik 90ra bitarteko heriotza-tasa baitu, orduz geroztik sortu izan diren agerraldi desberdinei erreparatzen badiegu.

Joan den abenduan Mendebaldeko Afrikan egungo epidemia hau hasi zenez geroztik, monsieur Le Peni esker jakin dugu Ebola immigrazioaren arazoarentzako irtenbide izan zitekeela, eta berrikiago, hedabideetako lehen albiste bilakatu da, hain zuzen ere, osasun arloko langileei eta mendebaldeko herritarrei ere eragin diela jakin dugun unetik aurrera.

Hala eta guztiz ere, agerraldi honek baditu ezaugarri berezi batzuk, bere horretan albiste bilakatzea ekarriko luketenak. Oraingoz, herrialde bati baino gehiagori eragin dion lehen aldia da, eta pertsona gehien kutsatu eta heriotza gehien eragin dituena, oraingo honetan landa-ingurunea atzean utzi eta hirietara ere zabaldu delako, batik bat. Inolako zalantzarik gabe, orain arteko Ebola epidemiarik okerrena da.

Nazioarteko erantzunak ez du luze itxoin beharrik izan, baina haatik, ez da izan beharko genukeen bezalakoa. Herrialde horietako osasun-sistema lehendik ere ahulak kolapsatuta daude, osasun arloko langileetako asko gaixorik daude edo, kasu askotan, ihes egin dute beldurragatik, eta osasun-zentroak abandonatuta geratu dira, gainerako premiei erantzuteko aukerarik gabe. Malariak, erditze-unerako laguntzak edo lehentasun handiko beste infekzio batzuek ebola bera baino heriotza-tasa handiagoa eragiten dute, baina laguntza azken horretara bideratua dago bakarrik. Eta epidemia amaitzen denean, zer?

Badirudi gaixoengatik eta hildakoengatik kezkatu baino gehiago (beti dira asko, baina ez dezagun ahaztu, esaterako, gehiago direla malariak eragindakoak), gure etxe ingurura iristeko beldurragatik mobilizatzen garela.

Oraingo honetan, epidemiaren premiazkotasun eta larritasunaren ondorioz, baita hedabideen presioaren ondorioz ere, Ebolan jarria dugu arreta nagusia, baina urte mordoxka dira programa bertikaletara zuzentzen dugula laguntza, gaixotasun batean edo bakan batzuetan zentratuta, Lehen Osasun Arreta indartsu, eskuragarri, onargarri eta kalitatezko batean zentratutako osasun-sistema publikoak indartzeko ekimenen kaltetan (fondoak gutxitu egiten direlako eta osasun arloko profesionalak bereganatzen dituelako). Osasun Zerbitzu Publiko indartsuetan inbertsioa egiteak lagundu egingo luke Afrikako osasunaren zauria pixkanaka ixten.

Espainiari dagokionez, berriro ere, gizateriarentzako larrialdi baten aurrean, hedabideek ezarri dute agenda, eta gobernuaren erantzunak, ezaugarritzat inprobisazioa eta oportunismoa dituela, gure osasun-sistemaren desgobernuaren beste adibide bat erakutsi digu berriro ere, eta ez da ikusten inolako irizpide zentzudunik.

Carlos III. ospitalea, ordu arte medikuntza tropikalean erreferentzia izandakoa, kronikoentzako zentro bilakatu zen eta, antza denez, Espainian ez zen geratzen kasu honetarako beharrezko isolamendu maila emateko moduko ospitalerik, eta horren ondorioz, inprobisatu beharrean aurkitu ziren, solairu bat jendez hustu eta isolamenduko gela pare bat berreraiki, Miguel Pajares aitari eta kongregazio bereko mojari –espainiarra izateagatik aberriratu zutena– egonleku bat emateko.

Hasieran, ebakuazioaren kostua erlijio-ordenaren gain uztera zihoazen, gero ez; Estatuaren kontura joango zen (zein partidatan?, osasunean, lankidetzan, Espainia markari xedatutakoan?). Inork ez du azaldu, halere, zein irizpide erabili den Carlos III. ospitalea birmoldatu dadila erabakitzeko, zer irizpide erabili den zentro horretako solairu bat jendez hustu eta apaiz-mojei egonleku bat prestatzearren berriro birmoldatzeko, zer irizpide erabili den bi horiek eta ez horien lankideak aberriratzeko eta, azkenik, nola erabaki den operazio horren kostuak bere gain nork hartu behar zituen.

Zeren eta, Espainian benetan kezkagarria dena, ez da Ebola hemen zabaltzeko arriskua –nekez gertatuko dena bestalde–, baizik eta etengabe, herrialde honetan gauzak egiteko orduan, ebidentzian oinarritutako zentzuzko irizpiderik ez edukitzea. Izan ditugun gobernu desberdin gehientsuenen kezka bakarra hurrengo hauteskundeetaraino iristen da gehienez ere, edozein gauza esateko edo egiteko prest daude emaitza on bat lortzearren, administrazio desberdinak beren jabego balira bezala kudeatzen dituzte maila guztietan, eta epe laburrera eta ikuspegi motzez begiratzen dute soilik.

Autorea: Eduardo García Langarica, Medicus Mundi-ren presidentea.

Iruzkinak itxitak daude.