

Gure elkarteak bat egin du “Euskal Herria 2013 Emakumeen Eskubideen Auzitegia”rekin. Hainbat elkarte eta taldek martxan jarritako ekimena da hau, eta Bilbon abiaraziko da, ekainaren 7 eta 8an. Genero indarkeria, abortu eskubidearen urratzea eta emakumeek jasaten duten esplotazio ekonomikoari buruzkoak izango dira epaituko diren kasuak.
Hiru dira aipatutako auzitegiaren helburuak: desberdintasunen ondorioz, Euskal Herriko, Estatu Espainoleko edota Latinoamerikako emakumeen genero indarkeria ikusgai egitea; sistema politiko eta judizialaren legeen definizio eta ezarpen androzentrista salatzea, metodologia politiko eta feminista bultzatuz; eta ekintza politikoaren bidez, emakumeen jabekuntza kolektiboan laguntzea, baita emakumeen onarpenean eta mugimendu feministan ere.
Zentzu honetan, auzitegiaren helburua ez da errealitateak berdintzea, baizik eta konturatzea genero indarkeria emakumeen giza eskubideen urratze sistematikoa dela. Horretarako, giza eskubideen nazioarteko eta estatuko arauak erabiliko ditu (adibidez, CEDAW edo Belem do Pará), hauek betetzea eta hedatzea defendatuz.