

Donostia. Azaroaren 9a. Medicusmundi Arabak eta medicusmundi Gipuzkoak «Euskadiko osasunaren pribatizazioaren inguruko 20 ideia: guztion osasunerako arriskua» ikerketaren emaitza nagusiak aurkeztu dituzte gaur Donostian. Ikerketa hori Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) OPIK-Osasunaren Gizarte Determinatzaileei eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldeak egin du 2023tik 2026ra bitartean, bi erakundeen ekimenez.
Argitalpen osoa kontsultatu HEMEN
Argitalpen honek duela 8 urte aurkeztutako «Osasunerako eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun-sistemaren pribatizazio-prozesuak» ikerketari jarraipena ematen dio. Ikerketa hark desparekotasun sozialak eta pribatizazio-prozesuak gure lurraldean osasunerako eskubidea bermatzeko mehatxu nagusien artean kokatzen zituen.
Ordutik, gauza asko gertatu dira. Besteak beste, pandemia bat bizi izan dugu, mundu osoko osasun-sistemen gabeziak agerian utzi zituena. Gaur egun, Euskadin, 10 pertsonatik 9k PERTSONA GUZTIAK artatuko dituen eta zergen bidez finantzatuko den sistema publiko baten alde egiten dugu, eta %80k baino gehiagok nahiago dugu osasun-zentro publiko batean artatuak izatea. Hala ere, Osakidetzaren funtzionamenduari buruzko pertzepzioak nabarmen egin du okerrera, eta 2025ean herritarren %18k baino ez du uste euskal osasun-sistema publikoak ondo funtzionatzen duela. Herritarrek osasungintza Euskadiko hiru arazo nagusien artean kokatzen dute, eta horrek honako hau eragiten du:
Medicusmundin Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) irizpidearekin bat egiten dugu. Erakunde horrek azpimarratzen duenez, osasun-estaldura unibertsala bermatzeko, bai finantzaketak bai osasun-hornidurak publikoak izan behar dute. Txosten honen helburua da pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatuko duen sistema bat garatzeko kontuan hartu beharreko gakoei buruzko eztabaida sozial serio eta lasaia sustatzea. Horretarako, pribatizazioak[1] Euskadin hartzen dituen hainbat forma (finantzaketa eta aseguramendua, osasun-baliabideak eta hornidura, eta plangintza, formakuntza eta ikerketa) ezagutarazten ditu, baita horiek herritarren osasunean eta osasun-arretarako sarbidean dagoen ekitatean izan ditzaketen ondorioak ere.
Osasunaren finantzaketak hainbat jatorri ditu. Zati bat publikoa da; bestea, berriz, pribatua, eta horren barruan sartzen dira etxeek sistema publikoak estaltzen ez dituen edo oso gutxi estaltzen dituen zerbitzuengatik zuzenean egiten dituzten ordainketak eta osasun-aseguru pribatuak. Euskadin, gastu pribatu horrek gora egin du azken 20 urteetan: 2003an osasun-gastu osoaren %27,6 izatetik 2023an %30,5 izatera igaro da. Ehuneko hori EBko batezbestekoa (%18,7) baino askoz handiagoa da, eta Greziak, Letoniak, Portugalek, Bulgariak, Lituaniak eta Maltak baino ez dute gainditzen.
Bereziki nabarmena da familiek zuzenean beren poltsikotik ordaintzen duten gastua (adibidez, hortz-arreta), 2023an osasun-gastu osoaren %25,2 baitzen, hau da, lau eurotik bat.
Era berean, aseguru pribatuen kontratazioak gora egin du. 2023an, Euskadin ia lau pertsonatik batek borondatezko osasun-aseguru pribatu bat zuen kontratatuta: biztanleriaren %23,9k, hau da, 525.435 pertsonek. Hala ere, aseguru horien kontratazioa ez da berdina gizarte-klase guztietan. Klase sozial apalenetan, asegurua duten pertsonen ehunekoa %7,7koa da; klase sozial aberatsenetan, berriz, %35era iristen da.
Erdi-mailako eta goi-mailako klaseek sistema pribatura jotzeko joera horrek sistema publikoaren oinarri soziala eta ekonomikoa ahultzen ditu, izan ere, esan ohi den bezala, “pobreentzako sistema publiko batek sistema pobrea sortzen du”. Gainera, pribatizazioa “saihestezina” dela dioen diskurtso faltsua elikatzen du, eta, sistema publikoa “arindu” beharrean, kontrakoa eragiten du: haren gaineko presioa eta eskaria areagotzea.
Finantzaketaren pribatizazioak eragin zuzena du herritarren osasunean eta bizi-kalitatean, osasun-sarbiderako oztopoak areagotzen baititu eta pertsona batzuk osasun-estaldurarik gabe utz baititzake. Gainera, gaixotasun bat izatea porrot ekonomikora edo pobreziara eramaten duten arrazoi nagusietako bat izan daiteke. Finantzaketa pribatuko osasun-sistemek, oro har, herritarren osasun-adierazle okerragoak dituzte.
Estimazio kontserbadore baten arabera, 2023an Osasun Sailak 300 milioi euro baino gehiago bideratu zituen enpresa edo erakunde pribatuetara, hau da, bere aurrekontu osoaren %7. Ehuneko hori Estatuko 17 autonomia-erkidegoetako bosgarren handiena da. Euskadi barruan, lurraldeen arteko aldeak nabarmenak dira: %9,4 Gipuzkoan, %4,4 Bizkaian eta %3,3 Araban.
Zenbateko horretatik, 234,6 milioi euro osasun-zerbitzuen itunetara bideratu ziren; ia 54 milioi, Osakidetzaren funtsezko zerbitzu ez-sanitario batzuen kanporatzeetara; eta gainerakoa, bestelako kontratazioetara eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako dirulaguntzetara. Osasun-garraioak eta ospitaleekin egindako itunek itundutako gastuaren erdia baino gehiago hartzen dute.
Osakidetzaren osasun-itunen mailak ez du aldaketa handirik izan azken urteotan, eta haren egitura eta baliabideak publikoak dira gehienbat. Hala ere, osasun-itunek egiturazko izaera dute. Urtez urte, milioika euro bideratzen dira enpresa pribatuekin zerbitzuak kontratatzera.
Hainbat ikerketaren arabera, horniduraren pribatizazioak osasun-emaitza okerragoak dakartza (saihestu daitekeen hilkortasun handiagoa, ospitaleetako infekzioen gorakada eta langileen ratioen murrizketa). Ez dago hornidura pribatua eraginkorragoa dela frogatzen duen ebidentziarik. Gainera, hain agerikoa ez den baina bereziki garrantzitsua den beste ondorio bat du: osasun-sistema publikoaren garapena eta autosufizientzia oztopatzen ditu. Zenbait zerbitzu edo prestazio behin eta berriz kanporatzeak egituraz baldintzatzen ditu sistemaren inbertsioari, plangintzari eta garapenari buruzko erabakiak, eta zaildu egiten du arreta-esparru batzuetan eta lurralde jakin batzuetan berezko gaitasunak sendotzea.
Administrazioak osasun-sistemaren funtzio estrategikoak enpresa pribatuen esku uzten ditu, hala nola osasun-planak egitea eta ebaluatzea. 2020tik 2024ra bitartean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 3 milioi euro baino gehiago bideratu zituen zerbitzu horiek kontratatzera. Adibidez, 2022an, Euskadiko 2021-2028 Osasun Plana egiteko lana LKS enpresa-taldeari esleitu zion, 146.289 eurogatik.
Gobernantzaren pribatizazioak osasunerako arriskuak dakartza, bai baliabide publikoak desbideratzeagatik, bai enpresa-irizpideek osasun-politiketan izan dezaketen eraginagatik. Gainera, gardentasuna eta kontrol publikoko mekanismoak oztopatzen ditu.
Unibertsitateko formakuntzari dagokionez, 2023-2024 ikasturtean, Euskadin osasun-arloko graduak ikasten zituzten ikasleen %22,7 unibertsitate pribatuetan ari ziren, lau ikasturte lehenago %9,4 ziren bitartean.
Erakunde pribatuen presentziak ere pisu garrantzitsu bat du osasun-profesionalen etengabeko formakuntzan. Euskadin, 2023an, egiaztatutako etengabeko osasun-formakuntzako jardueren %20,8 baino ez zituen osasun-sistema publikoak egin. Osasun arloko ikerketa ere industriaren presentziagatik baldintzatuta dago. Euskal osasun-sistema publikoaren esparruan egindako saiakuntza klinikoen %81 industria farmazeutikoak sustatu zituen.
Unibertsitate aurreko eta unibertsitateko osasun-formakuntza pribatizatzearen arrisku nagusiak, alde batetik, matrikulen kostu handiak eragindako sarbide-oztopoak dira. Bestetik, gero eta elitistagoa den eta artatzen duen herritarren errealitate sozioekonomikotik gero eta urrunago dagoen profil profesionala sustatzen du.
Industria farmazeutikoak osasun-formakuntzan eta -ikerketan duen pisua garrantzitsua da, osasun-profesionalek beren eginkizunak interes-gatazkarik gabe betetzeko duten gaitasunean eragin baitezake. Gehiegizko medikalizazioaren arriskua areagotzen da, eta horrek eragina du osasunean eta osasun-gastuan.
Txostenak agerian uzten ditu kontratuei, itunei eta kanporatutako zerbitzuei buruzko informazio osoa eta konparagarria eskuratzeko izandako zailtasunak. Ikerketa egiteko, iturri ugaritara jo eta informazio-eskaera zehatzak egin behar izan ziren. Zenbait kasutan, erreklamazioak ere aurkeztu ziren, baina, hala ere, ez ziren eskatutako datu guztiak lortu.
Emaitzek agerian uzten dute osasunaren pribatizazioa ez dela mugatzen osasun-arretaren finantzaketara edo zerbitzuen eta baliabideen itunetara, baizik eta sistemaren hainbat esparrutara hedatzen dela, eta ondorioak izan ditzakeela arretarako sarbidean dagoen ekitatean. Gainera, ikerketak nazioarteko ebidentzia zientifikoa jasotzen du, pribatizazio-prozesu desberdinek herritarren osasunerako eta sistema publikoaren iraunkortasunerako dituzten arriskuez ohartarazten duena.
Medicusmundi Arabaren eta medicusmundi Gipuzkoaren ustez, prozesu horiek ezagutzea funtsezkoa da pertsona guztien osasunerako eskubidea babesteko. Bi erakundeek berretsi dute beharrezkoa dela osasun-sistema publikoa, unibertsala, zergen bidez finantzatua eta kalitatezkoa indartzea, herritar guztien beharrei erantzungo diena eta gardentasuna eta kontrol publikoa bermatzeko mekanismo nahikoak izango dituena.
Argitalpen osoa kontsultatu HEMEN
medicusmundi Araba
medicusmundi Gipuzkoa
[1] Definizio desberdinak dauden arren, ikerketak nazioartean aitortutako erreferentzia bat hartzen du abiapuntutzat: osasunarekin lotutako jabetza edo gobernu-eginkizunak sektore publikotik pribatura eskualdatzea, hala nola finantzaketa, zerbitzuen eta baliabideen hornidura edo kudeaketaren kontrola.