Berriak

Aurten ere LilatON
14 urtarrila, 2021
24U_Kontzentrazioa: “Etxe bat izatea eskubidea da, gauzatu dezagun”
22 urtarrila, 2021
Dena ikusi

Etiopia: ohiko zailtasunei gehitutako arazoak


Tigray eskualdean 2020ko egoera sanitarioak, politikoak eta sozialak eta Etiopiako Errepublika Federal osokoak eragin zuzena izan dute biztanleengan zein gure jardunean. Etiopia bezalako herrietan ohikoa den egoerak gure proiektuen bidez egiten dugun lanarentzat oztopoak ekartzen dituela-eta, hain zuzen, gaur egun oraindik eta beharrezkoagoa da egoera zaurgarrian dauden populazio eta kolektiboei babesa ematen jarraitzea.

Covid-19ren eragina Etiopian

Mundu mailako pandemia gisa izendatu zenetik, Afrikako 56 herrialdek edo lurraldek Covid-19ren kasuen berri eman dute.

Etiopiako osasun-arduradunek 2020ko martxoaren 31n baieztatu zuten lehen positiboa eta apirilaren 18an Larrialdi Egoera ezarri zuten bost hilabetez. Tigray Estatuak, martxoaren 26an, eta konfinamendua ezarri eta eskualde barruko mugikortasuna mugatu zuen, ordea. Apirila amaieran neurriak apaltzen hasi ziren eta gaur egun, Etiopia da Afrika Ekialdean kasu gehien dituen herria. Osasun Publikoko Institutuak 113.000 kasu positibo eta 1.747 hildako zenbatu ditu. Tigrayn, zehazki, 6.662 kasu antzeman dituzte pandemia hasi zenetik; baina datuak ezin izan dituzte eguneratu eskualdeak bizi duen gatazka armatua dela-eta.

Zalantzaz beteriko etorkizuna duen gatazka

Eskualdeko tentsio politikoen ondorioz, 2020ko azaroaren 4an gatazka armatu hasi zen.

Gatazkaren erroak Etiopiako Estatu Federalaren eraketan daude. 1991ean, erregimen komunista erori ostean, etnia guztiek ordezkari kopuru berbera izatea bultzatu zen eta, 2018an Abiy Ahmed (oromo jatorrizkoa) lehen ministro izendatu zuten arte, FDRPE (Etiopia Herriko Fronte Demokratiko Iraultzailea) koalizioa egon zen agintean, TLPF (Tigray Askatzeko Herri Frontea) buru zuena. Frontea funtsezkoa izan zen Mengistu Haile Mariam diktadorea zuzentzen zuen Batzar Marxista boteretik kentzeko. Gaur egun 110 milioiko etiopiarren % 5 besterik ez du ordezkatzen eta bere erregimen politikoa errepresioagatik izan zen ezaguna.  Egon ziren protesta jendetsuen ondorioz, 2018an Abiy Ahmed boterera heldu zen eta Eritrearekin bake akordioa sinatzea lortu zuen, 2019ko Bakearen Nobel Saria ekarri ziona.

Presidenteak FDRPE Prosperitatearen Alderdi gisa birsortu du, TPLFk utzi egin duena. Alderdi zaharrean zeukan boterea eta eragina apurka-apurka galdu izana giltzarria da gatazka armatua ulertzeko. Tentsio etniko eta politikoen izebergaren punta besterik ez da, milizia armatu ugari dituen herri batean.

Abuztuan egingo ziren hauteskunde orokorrak COVID19aren ondorioz atzeratu zirela-eta, Debretsion Gebremichael buru duen Tigrayko Eskualdeko Gobernuak irailean antolatzea erabaki zuen. Deialdia legez kanpokotzat jo zuten eta urriaren 5etik Tigrayk ez du Abiy Ahmeden autoritatea onartzen.

Azaroaren 4an, eskualdeko base militar federalen aurkako eraso bati erantzunez, gobernu federalak Tigray estatu erregionalari gerra deklaratu zion. Ordutik, komunikazio guztiak eten ziren (telefonoa eta Internet), eta, beraz, inguru horretako egoerari buruz jaso dugun informazioa oso urria da, orain arte behintzat. Telefono bidezko komunikazioa berriz ezarri da, Intertekoa ez, ordea.

Nazio Batuak, Afrikar Batasuna eta hainbat herrialde gatazkan bitartekari lanak egiten saiatu dira. Azaroaren 28an Gobernu federalak Mekelle, eskualdeko hiriburua, hartuko zuela iragarri zuten, eta abenduaren 2an, asteazkenean, NBErekin akordioa sinatu zuen kontrolatutako eremuetara laguntza humanitarioa helarazteko. Hala ere, gauzatzen nahiko zaila izaten ari da; abenduaren 8an Etiopiako gobernuak adierazi zuelako NBEko talde bati tiro egin ziotela hainbat kontrol militar ez betetzearren.

Gerra guztietan bezala, badira gatazkatik ihesi doazen pertsonak. Kopuruak ez dira zehatzak, baina, ACNURek adierazi duenez, 47.000 lagunek Sudango muga zeharkatu dute, gatazkatik ihes, besteak beste, laguntzarik gabeko adin txiki asko, Nazioarteko Planak ohartarazi bezala. Nazio Batuen Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHA) urtarrilaren 15ean emandako azken datuen arabera, 58.334 pertsona dira Sudanen babestu direnak.

 

Era berean, Amnesty Internationalek eta Etiope Giza Eskubideen Batzordeak (EHCR) salatu dute Maikadra inguruan, eskualdearen mendebaldean, ehunka pertsona hil direla. Michele Bacheletek, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioak, behaketa independentea egitea eskatu du giza eskubideen urraketa larrien zantzuak daudelako, hala nola zibilen aurkako erasoak edota emakume eta umeen aurkako sexu-erasoak. Era berean, Addis Abeban tigriarren aurkako tirabirak ere jaso dira.

Gatazka ofizialki amaitu bada ere,  Goi Komisarioak adierazi du oraindik ere liskarrak badaudela.

Hainbat iturritik jasotako informazioen arabera, Wukron liskarrak egon ziren gatazkak iraun zituen bederatzi egunetan eta lapurretak egon zirela ostean.

Era berean, lehen eskuko iturriek jakinarazi digute bankuek eta oinarrizko zerbitzuek ez dutela funtzionatzen. Segurtasun falta kezkagarria da eta, hainbat txostenen arabera, noizbehinka borrokak eta lapurreta ugari egoten dira.

Mugikortasun-arazoez gain, eskualdearen hegoaldean eta mendebaldean izan ezik, internet eta telefono-sareak aldizka ibiltzen dira eta biztanleak gero eta bakartuago daude, batez ere landa-eremuetan.

Egoera humanitarioa larria da. Gatazkaren ondorioz, biztanleek arazo handiak dituzte ura, saneamendua edota osasun-zerbitzuak eskuratzeko. Eskualdea ondasun-inportazioen menpekoa da, azaroan gelditu zirenak. Elikagaiak eskuratzea oso zaila da eta haurren malnutrizio-indizea gorantz doa. COVID19aren krisia eta otiren izurritearen ondorioz, malnutrizio larriagatik artatutako haurren kopurua % 34 hazi zen 2020ko urtarriletik abuztura bitartean, 2019ko tarte berearekin alderatuta. Kalkuluen arabera, lau miloi eta erdi lagunek elikadura-laguntza jasotzeko premia larria dute biziraun nahi badute, 2017ko zentzuaren arabera bost miloi biztanle dituen Tigray eskualdean.

Egoerak martxan dauden gure proiektuengan eta eskualdeko biztanleengan sortuko dituen premiak zehazteko daude. Badakigu, adibidez, Jangela Solidaria programako haurrak onik dauden arren, gaur egun ez direla laguntzarik jasotzen ari. Hala ere, gure esku dagoen guztia egongo dugu gure lanari ahalik eta lasterren ekiteko berriz, ahalik eta modu seguruenean. Gure helburua da beste behin ere biztanle ahulen ondo egotea.

 

 

Iruzkinak itxitak daude.