Berriak

Etiopia: ohiko zailtasunei gehitutako arazoak
21 urtarrila, 2021
“Maitasun erromantikoa eta sexualitatea ikuspuntu globaletik deseraikitzen”
5 otsaila, 2021
Dena ikusi

24U_Kontzentrazioa: “Etxe bat izatea eskubidea da, gauzatu dezagun”


Kaleak hil egiten du

Hiltzeko modu asko daude. Bat-batean, batzuetan gertatzen den bezala. Astiro, poliki-poliki, egunez egun. Kalea, batez ere, hori da. Heriotza geldoa; hotzagatik, abandonuagatik, bakardadeagatik, etsipenagatik hiltzea.
Eguberri gogorrak igaro berri ditugu. Gure familiekin egon ezinik, koronabirusa dela eta. Jakin, badakigu horrek afektuetan duen kostua. Eta laster pasako dela espero dugu.
Hemen, gure herrietan, gure ondoan, ehunka pertsona daude, oso gazteak gehienak, askoz okerrago pasatzen ari direnak. Beren familiengandik urrun daude. Kasu askotan, milaka kilometrotara. Denbora daramate maite dituztenak besarkatu ezinik. Etsiturik direnean, atseden hartzeko inoren kontsolamendurik gabe.
Pena handi horri, beren burua babesteko aterperik ez izatea gehitzen zaio, bertan bizitzeko guretako oso gutxi prest egongo ginatekeen lekuak bilatu behar dituztelarik. Gosea, hotza eta bakardadea pasatzen. Izan ere, baztertuta eta bakarrik sentitzeak izugarri areagotzen du pena. Garai honetan, termometroak zero azpitik daudela, errazagoa da ohartzea zein ankerra den erakundeen baliabiderik ez izatea hotzaren ondorioak arintzeko eta, are gehiago, baliabide horiek termometro batek markatzen duenera mugatzea.
Gizarte honek ezin ditu babesik gabe utzi bizitza duina nahiko luketen ehunka pertsona horiek. Zuk eta nik nahi dugun bezala. Esan behar diegu ez daudela bakarrik. Ahalegina egin behar dugu, gizarte osoak, giza duintasunari dagokion minimoa izan dezaten.
Sabaia, berotasuna, janaria eta higienea dira bakoitzaren proiektuen bila urratsak eman ahal izateko gutxieneko abiapuntua.Bazterkerian erortzea saihesteko gure gizartean zor zaien tokia aurki dezaten.
Errealitate horri lotuko gatzaizkio. Ez ditzagun ikusezin bihurtu. Bakoitzak bere lekutik. Erakundeek, beharrezko baliabideak martxan jarriz. Hiritarrok, zu eta ni, harreran inplikatuz. Laguntza materiala eta giza beroa eskainiz. Gure esku dago.
Kontzentrazio batera deitzen dugu errealitate hori ikusarazteko eta aurre egiteko baliabideak eskatzeko. Donostian izango da, datorren igandean, urtarrilaren 24an, 12:00etan Gipuzkoa Plazan.
Aterki batekin etortzera gonbidatzen zaituztegu. Distantzia gordetzeko eta arrazakeria, xenofobia eta aporofobia zaparradetatik babesteko balio digu. Ez dezagun areagotu Covidak ezartzen duen distantzia fisikoa aurreiritzien, bidegabekeriaren eta desberdintasunaren ondoriozko distantzia sozialarekin.

Deitzen dugu:

SOS Arrazakeria, Hiritarron Harrera Sarea, Loiola Etxea, Adeco, Agisas, Amher SOS Racismo, Bake Ekintza Antimilitarista, CEAR Euskadi, Darkum, Denon Elkartea, Economistas sin fronteras, EIPE-ZAIE Elkartea, Elkarrekin Podemos, Erletxe, Euskalerria Bildu, GOT, Hernaniko Harrera Sarea, Infernua Bizirik, Irungo Harrera Sarea, Kolore Guztiak, LAB, Letaman, Malen Etxea, Matiz, Medicus Mundi Gipuzkoa, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Oxfam, Plazandreok, SODePAZ Euskadi, Stop Desahucios Bidasoa

Iruzkinak itxitak daude.