Agenda

Hitzaldia: “Medikamentuak: osasuna ala negozio hutsa?”
2019, ekainak 13
Lilaton 2020. Eman izena gure taldean!
2020, urtarrilak 22

Fundamentalismo V. Topaketak. Eman izena!


Azaroaren 28an eta 29an “Fundamentalismo politiko, ekonomiko, erlijioso eta kulturalen inpaktua sexu- eta ugalketa-eskubideetan” V. Topaketak egingo dira Donostian. Psikologia Fakultateak eta Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak partekatzen duten Areto Nagusian egingo dira, UPV/EHUren Donostiako Campusean (Tolosa hirib. 70). Aurtengoan, Medicus Mundi Gipuzkoak baditu erakunde antolatzaile berriak bere ondoan. Movimiento Manuela Ramos ohikoaz gain, CREA antolakunde feminista (Medicus Mundi Gipuzkoak berarekin lan egiten du Indian), UKS (Unibertsitate Kritiko Sarea) eta UPV/EHU ari dira lankidetzan edizio honetan. Ekitaldiaren finantzaketa Gipuzkoako Foru Aldundiak jartzen du.

Topaketen bosgarren edizio honetarako, CREAk Nepalen, apirilean, egin zuen “Rethink, Reimagine, Reboot” (“Bir‑pentsatu, Bir‑irudikatu, Bir‑abiatu”) biltzarra hartu da erreferentziatzat. Azken horretan mundu guztiko 500 aktibistak baino gehiagok parte hartu zuten, Medicus Mundi Gipuzkoako bi kide tartean zirela. Goiburuak berak dioenez, topaketa hauen asmoa ere bada espazio bat izatea politika eta erresistentzia birpentsatzeko, aldaketa eta eraldaketa berrirudikatzeko, eta borroka-estrategiak berrabiatzeko; kasu honetan, fundamentalismo batzuek zein besteek pertsonen eskubideetan duten inpaktuei dagokienez eta, zehazki, haien sexu-eskubideetan eta ugalketa-eskubideetan.

BIZITZAK ETA GORPUTZAK MEHATXU FUNDAMENTALISTAREN PEAN

Bi urtean behingo topaketa hauek espazio bat dira egungo testuinguru politikoa eta fundamentalismoek askatasun eta eskubideen urraketan jokatzen duten rola aztertzeko. “Fundamentalismoen askotariko agerpenak aintzat hartzen ditugu, agerpenok kulturalak, erlijiosoak, ekonomikoak zein politikoak izan; fundamentalismo horiek guztiek, hain zuzen, pentsaera bakar eta aldaezin bat aldezten dute gizartearentzako arautzat, eta ondorio ezin kaltegarriagoak dakartzate gizakientzat oro har, eta sexu-eskubideak eta ugalketa-eskubideak gauzatzeko bereziki”, argitzen du Gema Hierrok, Medicus Mundi Gipuzkoako topaketen arduradunak.

Horregatik, Gipuzkoako GGKEko kidearen hitzetan, “orain dela bost edizio jada, topaketa hauek helburu jakin batzuk hartuta sortu genituen. Lehena, egun dauden desafio handieneko arazo soziopolitikoak aztertzea, bai eta feminismoarekin eta giza eskubideen aldeko borrokarekin halakoek dituzten intersekzioak ere, jarrera fundamentalisten atzean dauden faktore sozial, politiko, erlijioso eta ekonomikoak analizatuz”. Helburu horrekin, topaketetan aztertuko diren gaien artean hauek egongo dira, besteak beste: hautaketa eta onespena; emakumeen eta LGTBIQ+ kolektiboen eskubideen aurka doazen mugimendu fundamentalisten goraldia munduan; sexualitatea eta sexu-aniztasuna; erresistentzia feministak ingurumenaren eta lurralde okupatuen defentsan; eta abortatzeko eskubidearen aldeko borroka nazioartean.

NAZIOARTEKO HIZLARI ENTZUTETSUAK

Topaketa hauek duten beste helburu bat da jendeari fundamentalismoen aurkako borroka hurbiltzea, munduko hainbat eskualdetan, halakoei aurre egiteko xedez, aurrera eramaten ari diren estrategia feministen bidez. Hori lortzeko, topaketek ahalegina egiten dute edizio bakoitzean Donostiara nazioarteko espezialista eta aktibista ospetsuak ekartzeko. Aurten, izen ezaguneko parte-hartzaileak egongo dira, hala nola Aura Lolita Chávez –aktibista eta lider indigena baliabide naturalen aldeko borrokan, Guatemalakoa–, Dolores Juliano –antropologoa eta ikertzaile feminista, argentinarra jatorriz–, Njeri Gateru –Kenyako Gay eta Lesbianen Giza Eskubideen Batzorde Nazionaleko zuzendari exekutiboa–, edo Agnieszka Król –poloniar aktibista eta ikertzaile feminista–, beste askoren artean.

Gogoeta eta elkarrizketarako egun hauen azken helburuari dagokionez, antolatzaileek sexu-eskubideen eta ugalketa-eskubideen alde diharduten mugimendu, antolakunde eta sareen lana ikusarazi eta zabaldu nahi dute, sinergiak sortzeko eta borroka-estrategiak berriz pentsatu, irudikatu eta abiatzeko.

Anima zaitez, eta politika eta erresistentzia BIR‑PENTSATU, aldaketa eta eraldaketa BIR‑IRUDIKATU, eta borroka-estrategiak BIR‑ABIATU! Zure zain egongo gara! Izena ematea doakoa da. LEKU MUGATUAK!

PROGRAMA

INSKRIPZIO ORRIA