Nazioarteko Lankidetzarako Espainiar Agentziaren (AECID) 2019ko datuen arabera, 2.800 kooperante inguru dabiltza lanean 96 herrialdetan mundu justuago baten alde. Kopuru horretatik 2.000 inguru dira nazioarteko lankidetzan profesionalki aritzen direnak GKEetan lanean. AECIDek berak iaz egindako ikerketa batek dio gehienak emakumeak direla, 35 urtetik gorakoak eta Afrikako egitasmoetan ari direla. Urteak dira sektore horretan emakume gehiago ari dena gizonak baino. Medicus Mundi n, 11 kooperanteetatik 7 emakumeak dira.
Zeregin humanitarioa eta osasun arlokoa garatzeko mugak zeharkatu dituzten kooperante horietariko bostek beren lekukotza eskainiko digute: lauk Afrikatik eta batek Asiatik. Bost kooperanteok honako arlo hauetan ari dira beren lana garatzen, hainbatetan munduko ingurunerik gogorrenetan: osasungintzan, hezkuntzan, ur horniduran eta saneamenduan, sexu eta ugalketa eskubideen defentsan, landa garapenean, elikadura segurtasunean, ingurumenean eta klima aldaketaren aurkako borrokan.
Amaiaren eginkizun guztiak
Amaia Laforgak bide luzea egin du gaur egungo helmuga duen Afrikako hegoaldera iristeko. “Nik ez nuen ikasi kooperante izateko. Bizitzan pertsonalki eta profesionalki garatzen gara. 30 urtez lanean eta 20 urtez nazioarteko lankidetzan eman ondoren, ziur diotsut ez nuela espreski erabaki. Bat-batean kooperantea zara zergatik ere ez dakizularik, baina aurrera darraizu; ez duzu amore eman nahi ezta bizimodua aldatu nahi ere. Balioek, izaerak eta ikuskerak lankidetzara bultzatzen zaituzte. Eta bizimodu internazionalistak harrapatzen zaitu”.
Unibertsitateko Elikadura eta Dietetika ikasketen garaian, oporrak baliatzen zituen bere konpromezu sozialerako grina asetzeko. Azkar ohartu zen mundu hurbila txiki geratzen zitzaiola eta gehiago ezagutu nahi zuela. Orduantxe hasi zen Jugoslaviako gerran osasun kanpainak egiten zituen elkarte bati laguntzen eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) laguntzen zuten osasun brigadekin. “Prestatzea erabaki nuen, ez baitziren nahikoak borondatea eta bihotz handia, profesionala ere behar zen izan. Eta geroztik 25 urte joan dira hainbat herrialde, kontinente eta misiotan, gehi bi graduondoko eta bi master”.
Amaia igaro zen populazio zaurgarrien eta gerra biktimen osasun eskubideen aldeko ekintzaile eta militante izatetik Mozambiken herrialde ordezkari izatera Medicus Mundi Mediterràniarekin.
Adelaidaren lekukotza
Adelaida Garcia Codina gaur egun Indian ari da Medicus Mundi Gipuzkoarekin; bere ustetan kooperante lanbidea nahiko konplexua da. Norbere jatorriko gizartearen oso bestelakoak diren inguru soziokulturalekin lotuta dago, eta errealitate zail eta gogorrei egin behar izaten die aurre, zeinek gordinki erakusten baitute mundu mailan dauden injustizien krudelkeria. “Kooperante gisara helburua dut, nere printzipioei eta Medicus Mundiren balioei leial, modu profesional batean tokiko erakundeekin lan egitea bizibaldintzak hobetzeko, osasunaren eta kalitatezko osasun artaren defentsan”.
Cristinaren konpromezu soziopolitikoa
Gaur egun Mauritanian Medicus Mundi Hegoako kooperante dabilen Cristina Ortirentzako ez zen erabaki konszientea izan; esperientzia pertsonalak eta konpromezu soziopolitikoak bultzatu zuten kasik kasualitatez bizimodua kooperazioaren mundura bideratzera. Kudeaketa eta Administrazio Publikoa ikasi zuen, eta Gizarte eta Kultur Antropologia ikasketak egin ere; baina bizitzan lehen aukera izan zuenean Gaztela-Mantxako komunitateen Juntako kooperante gazteen programan parte hartu zuen boluntario gisa.
Dominikar Errepublikan egon zen eta esperientzia hark bultzata, garapen eta genero lankidetzan espezializatu zen. Handik aurrera, 2002tik, bizimodua beti izan du lotuta bai pertsonalki bai profesionalki lankidetzarekin.
Moustapha: joan-etorriko bidaia
Kooperante izateko prestakuntza aski anitza izan daitekeen froga bizia dugu Moustapha Diuf, zein baita AECIDek Medicus Mundiri Malin finantzatzen dion hitzarmeneko koordinatzailea. Jaiotzez senegaldarra, Biomedikuntzan doktoratu zen, eta master bana du nazioarteko lankidetzan eta kirurgia eta medikuntza tropikalean. Espainian hamar urtez prestatu ondoren, hainbat erakundetan lan egin zuen eta azkenik Medicus Mundi ra batu zen. “Garapenerako laguntza jasotzen duen herrialde batean jaioa eta hazia naiz, baina Europan prestatu eta profesionalki heldua, nondik datorren laguntza haren zati bat. Ibilbide honek trebatu nau nazioarteko lankidetzan baliagarria izateko, bi munduak ezagutzen baititut arlo ekonomiko, sozial eta kulturazkoan. Horregatik uste dut nere esperientzia ekartzeko garairik hoberenenan nagoela, bi errealitateak ezagutzen baititut”.
Javier eta kooperantearen jakin-mina
Erabat bestelakoa da Javier Ruiz Sierraren kasua. Zuzenbidean prestatua, orain 20 urte sartu zen sektorean, Eusko Jaurlaritzaren lankidetza programa bat tarteko. “Uste dut lankidetzan sartzeko bokazio eta motibazio bereziak behar direla, eta mundua ulertu behar dela elkartasun eta justizia sozialaren ikuspegitik. Dena den, hori ez da nahikoa: kooperanteak geroz eta prestatuago eta profesionalagoa izan behar du. Egitasmo bat gauzatzeko arlo teknikoak menperatu behar dira, oso talde anitzak kudeatu edo tokiko errealitateak ondo ezagutu”.
Medicus Mundi Hegoak Burkina Fason dituen egitasmoen koordinazio arduraduna da Javier. “Beti izan naiz oso jakinzalea, eta jabetu nintzen lankidetza modu bat zela beste errealitate batzuetan integratzeko eta haien arazoak, kezkak eta nahiak partekatzeko. Hala, jakingura zena bokazio bilakatu zen, eta lankidetzan lan egitea lortu arte saiatu nintzen”. Profesionalki, munduaren ikusmira osoagoa eman dio, eta migrazioa eta injustizia sozialen gisako gertaerak ulertzeko bestelako moldeak. “Nere eta gainontzeko kooperanteen ekarpernak garapenerako nazioarteko lankidetza sustatzen du eta ezin beharrezkoago da gizartearentzat ikuspuntu sozial eta ekonomikotik, nahiz eta maiz krtikatua izan den eraginkortasun falta dela eta”.
Bestalde, ez dio bere lanbideari garrantzia gehiago eman nahi beste lanbideen aldean: “Okin, nekazari edo postari lanbideek gizarteari ematen dioten onura kooperanteak emandakoa bezain baliotsua da; kooperantea ez da pertsona hobea garapenerako bidean den herrialde batean aritzeagatik. Ordea, gure lanbideak aukera ematen digu gardenago ikusteko erabateko pobrezian bizi den populazioaren errealitatea eta haiekin enpatia izateko. Enpatia honetatik sortzen da poztasuna gure lanak pertsona askoren ongizatean eragindako onurengatik, edo arrangura ikusirik zein zaila den aldaketa sakonagoak lortzea, mundu itsu eta diskurtsu guztiz okerrekoak traba eginda”.
Erresilientzia da gakoa
Kooperantearen bizimodu erromantikoaren ideia lausotu egiten da arriskuak aztertutakoan. Lana gatazka guneetan egin beharrak, egonkortasun politikorik gabeko herrialdeetan edo eta natur hondamendiekiko kalteberago diren lurraldeetan, horrek denak erronka etengabea bihurtzen du egunerokoa, non beldurra, frustrazioa eta poza aldika tartekatzen diren. Ados dira denak jarrera erresilientea behar dela erronkei aurre egiteko, eta une txarrak eta egoera makurrak gainditzeko.
Deserrotzea eta sendia
Esanak esan, kooperanteei gogorren egiten zaiena da beren erreferentziekiko urruntasuna eta deserrotzea. Familiaren, lagunen edo haurretan eta gaztetan bizi izandako inguruaren faltak behartzen ditu ingurune berrietan bizkor integratzera eta beren bizitzen parte sentitzera. Egokitzeko gaitasun hori da, hain zuzen, kooperante izateak dakarren ondorio positiboetako bat.
Javier Ruizek zorioneko du bere burua, familiarekin egoten ahal delako lan egin beharreko herrialdean: “Zazpi urteko alaba baten aita naiz, eta beti elkarrekin bizi izan gara Afrikan. Denetariko iritziak jasan ditut: batzuk kritikoak, esanez etengabeko aldaketek alaba kaltetu dezaketela, eta beztetzuk aldekoak, alabak bizitako kultur aniztasunari balioa emanez. Goiz izango da oraindik ondorioak neurtzeko, baina oraingoz pozik nago emaitzekin. Argi dago gizarte afrikarrek oso bestelako harremana dutela haurrekin. Afrikan haurrek ez dute inor gogaiten. Oihukatzen, saltoka edo lasterka ari daitezke eta inori ez zaio desegokia irudituko, eta inor ez zaizu kexatuko”.
Bizitza komunitario bizkorrak aukera ematen dio alabari bizilagunen etxeetan askatasun osoz sartu eta irteteko, bere adinekoekin elkartzeko. “Aldi berean, saiatzen naiz alabak Espainiarekin eta hango pertsona maitatuekin dituen harremanak ez ditzan galdu. Berre erreferentzien parte bat galtzea litzateke eta beretzako kaltegarria izan liteke. Bestalde, haur zuri bat da Afrikan, eta kezkatzen nau zuri izateak eragin ditzakeen aurreiritziak, bereziki luzarora sortu ditzakeen gizarte harremanetan”.
Emazteak ere aldika lagundu izan du Mustafa, baina lanak eskatzen duen erabateko prestutasuna eta tokian tokiko misioetako lekualdatzeek ez dute errazten familia elkartzea.
Cristinak bost urteko semea du, eta bera eta bere senarra lankidetza mundura emanak daude profesionalki. Egoera horretan, familia eta lan kontziliazioa aldaketa askoren menpe dago eta lan ezegonkortasun handia dago. Ez da erraza. “Nere ikuspegitik, amatasuna zailtasun gehitu bat da, eta genero ezberdintasun argia eragiten du. Nere esperientziak dio, eta inguru hurbileko lankide emakume gehienenak ere, ezen ama izateko ardura hartzea handicap bat dela hainbat testuingurutan lan egiteko eta nahi baino erakunde gehiagorentzako. Zorionez ez da medicusmundiren kasua; modu eraginkorrean zaintzen du aukera berdintasuna, eta, ahal duen neurrian, lan eta familia kontziliazioa ziurtatzen ditu. Amatasunak, dena den, beste modu batez eragiten du”.
Oraintxe, familia Mauritanian du berekin, baina ez du beti izan aukera hori. Semea jaio zenez geroztik lehen aldia dute aita eta ama herrialde berean lanean ari direla, eta oraingoan erakunde berarentzako eta egitasmo beraren barruan.