


2020an, Etiopiako Errepublika Federalaren eta Tigray Eskualdearen testuinguru sanitario, politiko eta sozialak egoera nahasiak bizi izan zituzten, eta horiek eragin zuzena izan dute herritarren egunerokoan eta medicusmundi Gipuzkoaren proiektu desberdinetan.
2020ko martxoaren 31ean, osasun-agintariek baieztatu zuten COVID-19aren lehen kasua Etiopian, eta apirilaren 18an larrialdi-egoera deklaratu zuten, 5 hilabetez. Hala ere, Tigray Eskualdeko Estatuak Larrialdi Egoera deklaratu zuen martxoaren 26an, konfinamendua dekretatuz, herrialdeko beste eskualde batzuen eta Tigrayren arteko mugikortasuna mugatuz, baita eskualde barruan ere. Apirilaren amaieran murrizketak lasaitzen hasi ziren.
Etiopia izan zen eskualdean kasu gehien izan zituen Afrika Ekialdeko herrialdea.
Egoera horren aurrean, eta OMEren gomendioei jarraituz, Estatuan zein eskualdean hainbat neurri hartu ziren birusaren hedapena geldiarazteko, hala nola 2020ko urrira arte ikastetxeak ixtekoa.
Hainbat txostenek ohartarazi zuten emakumeen eta neskatoen zaurgarritasuna eta genero-indarkeria kasuen gorakada, bai eta ikastetxeak ixtearen ondorioz haurren ezkontzak handitzeko arriskua ere.
Pandemiaren jarraipena 2020ko azaroaren 8an gatazka armatua piztu zenean gelditu zen, eta oraindik martxan jarraitzen du. Gatazka armatua zehatzago azaltzen da hurrengo atalean. Hala ere, eskualdean krisi humanitarioa eta aurrekaririk gabeko gosetea eragin dituela aipatu behar da.
2020ko azaroaren 4tik, Tigray eskualdea gatazka armatu batean murgilduta dago, eta oraingoz, badirudi ez duela amaiera ikusten. Atal honetan, bertako egoera politikoaren eta gatazka armatuaren zertzelada batzuk eman nahi dira. Egoeraren konplexutasuna dela eta, mugarri nagusiak baino ez dira aipatzen.
Egoera horrek Etiopiako Estatu Federalaren konfigurazio politikoan sakontzen du, 1991n erregimen komunista erori ondoren. Etnia guztiek ordezkaritza bera izatea sustatu zen. Hala ere, ordutik, 2018an Abiy Ahmed (oromo jatorrikoa) lehen ministro izendatu zuten arte, TPLF (Tigray Askatzeko Herri Frontea)-ak agintean zegoen Etiopiar Herriaren Fronte Demokratiko Iraultzailea (FDRPE)[1] osatzen zuen koalizio etnikoaren buru izan zen, Mengistu Haile Mariam diktadorearen Batzorde Marxista boteretik kentzeko prozesuan paper garrantzitsua izan zuelako, nahiz eta Etiopiako 110 milioi biztanleen % 5a baino ez ditu ordezkatzen.
Sistema politikoaren ezaugarri nagusia errepresioa izan zen, eta Abiy Ahmed, 2018an izandako protesta masiboen ondoren iritsi zen boterera.[2] Eritrearekin bake akordioa sinatzea lortu zuen buruzagi erreformistak, eta 2019an Bakearen Nobel Saria eman zioten.
Abiy Ahmedek FDRPE-a Prosperitatearen Alderdian bihurtu zuen, eta TPLF-a alderdi horretatik bereizi da. Gainera, preso politiko asko askatu zituen eta armada eta Tigrayko buruzagi ohien estatua garbitu zituen.[3] Beste alderdi liderrak boterea eta eragina pixkanaka galdu izana egungo gatazka armatuaren giltzarria da, milizia aktibo asko dituen herrialde batean tentsio politiko etnikoen icebergaren punta. TPLFko kideak armada federaleko kide ere badira.
2020ko abuztuan egitekoak ziren hauteskunde orokorrak Covid-19agatik atzeratu egin zirenez, Tigray eskualdeko gobernuak, Debretsion Gebremichael buru zuela, 2020ko irailean Tigray eskualdean hauteskundeak egitea erabaki zuen. Tigrayn egindako hauteskundeak legez kanpokotzat jo zituen gobernu federalak, eta 2020ko urriaren 5etik aurrera Tigray eskualdeko gobernuak Abiy Ahmed-en autoritatea aitortzeari utzi zion.
Hala, 2020ko azaroaren 4an, eskualdean base militar federalei egindako eraso bati erantzunez, gobernu federalak Tigray eskualde-estatuari gerra deklaratu zion.
Deklarazioaren unetik, zonalde horrekiko komunikazio guztiak eten ziren (telefonoa eta internet), eta beraz, bertako egoerari buruz jasotako informazioa oso txikia izan zen. Gobernu federalak Eritrearen laguntza izan du, haren tropek gatazkan modu zuzenean parte hartu dute eta biztanleria zibilaren aurkako krimenak egitea leporatu zaie. Era berean, Amhara Eskualdeko (Tigraytik hegoaldera kokatua) tropak ere gobernu federalaren alde aritu dira.[4] Amhara Eskualdeko buruzagiek Tigrayk 1991ko gerran anexionatutako eremuak berreskuratu nahi zituzten.
Nazio Batua, Afrikar Batasuna eta hainbat herrialde bitartekari lanak egiten saiatu ziren, eta Segurtasun Kontseilua gatazkari heltzeko bildu zen, gerra zibiltzat jo ala ez erabakitzeko adostasun batetara iritsi gabe. Hala ere, Abiy Ahmedek honako hau adierazi zuen: “Estatu subirano gisa, Etiopia bere lurraldean bere legeak bermatzeko eta aplikatzeko eskubide osoan dago. Horixe da guk egiten duguna.”
Azkenik, 2020ko azaroaren 28an, Mekelle, eskualdeko hiriburua, hartu izana iragarri zuten. Lehen ministroak TPFLko arduradunak justiziaren aurrera eramango zituztela adierazi zuen eta berreraikitze prozesu bat beharrezkoa izango zela. Bitarteko gobernu bat ezarri zen, eta hurrengo hilabeteetan, eremuarekin kontaktua berreskuratu ahal izan zen.
Borroka ofizialki amaitu bazen ere, Michele Bachelet-ek, NBEko Giza Eskubideen goi komisarioak, liskarrek aurrera jarraitzen zutela adierazi zuen. Milizien arteko guerra bat ematearen kezkak, Abiy Ahmedek TPLF boteretik kenduta egongo zela argudiatuz, aukera hori baztertu zuen. 2020ko abenduaren 1ean, TPLFko bederatzi buruzagietako batek, Keria Ibrahimek, Gobernu Federalaren aurrean amore eman zuela zabaldu zen. 2021eko urtarrilean, 15 buruzagi hil eta beste 8 atxilotu zituztela iragarri zen.[5] Hala ere, TPLFak 150.000 soldadu zituen eta hiri nagusietatik irten ziren tropa federalekin zuzeneko borroka saihesteko. Landa-eremuetatik borrokatzen jarraitu zen, eta 2021eko ekainaren 28an, TPFL Mekelen sartu zen berriro.
Abiy Ahmedek, orduan, alde bakarreko eta aldi baterako su-etena aldarrikatu zuen, Giza Laguntzaren iritsiera ahalbidetzeko eta Etiopia “kanpoko mehatxuetatik” babesteko.[6]
2021eko udan, gatazka erregionalizatu eta areagotu egin zen. TPLF Afar eta Amhara eskualdeetan sartu zen, Laguntza Humanitarioa iristeko korridorea desblokeatzeko beharra aipatuz. Abuztuaren 6an, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Lalibela eskualdea hartu zuten.[7] Aipatzekoa da Afar Eskualdetik Djibouti eta Addis Abeba lotzen dituen 450 km-ko korridorea igarotzen dela, eta hortik sartzen dela esportazioen % 95a.
TPLFren erasoaldiaren aurrean, Lehen Ministroak gai diren etiopiar guztiei dei egin zien, TPLFren aurka borrokatzeko gerra-ahaleginarekin bat egin zezaten eskatuz. TPLF erakunde terrorista izendatu zuten.[8]
Era berean, laguntza eskatzen da, TPLFrekin kolaboratzearen susmagarri diren pertsona guztiak salatzeko.
“Artistei, komunikabideei eta gizarte-aktibistei” herria borroka horretara batzeko indartze-lanetan laguntzea eskatu zitzaien. Udan zehar, Addis Ababan tigriño jatorrikoak ziren pertsonen atxiloketa arbitrarioak eta saltokien itxierak gora egin izana ohartarazi zen.[9]
2021eko azaroan, TPLF Addis Ababatik 400 kilometrora geratu zen, eta Abiy Ahmedek nazio mailan larrialdi-egoera ezarri zuen.[10] Gutxinaka, armada federalak Amhara eskualdeko Dese eta Kombolcha hiriak berreskuratu zituen, baina TPLFtik borrokek aurrera jarraituko zutela aldarrikatu zen.
Eta halaxe izan da 2022ko lehen seihilekoan, bai armada federalaren bai tropa amharar edo eritrearren aurka, nahiz eta armada federala martxoan etenaldi humanitarioa egiteko prest agertu zen. Une honetan, bi aldeek ordezkariak izendatu dituzte bake negoziazioetan aurrera egiteko, aurrekoek porrot egin zuten eta.[11]
Gatazkaren ondorioz, eskualdeak etengabeko krisi humanitarioari aurre egin behar izan dio.
Gatazka hasi zenetik, errefuxiatuen egoera, bai Tigray eskualdearen barrukoena, bai eta gatazkatik ihes egin dutenena, kezka-iturri izan da.
ACNURen 2022ko uztaileko datuen arabera, Tigray eskualdean 134.583 pertsona daude barne desplazatuta, 172.841 Amhara eskualdean eta 38.186 Afarren.
Errefuxiatu kopuru handiaz gain, muga laguntzarik gabe zeharkatu behar izan duten adingabeen kopuruak kezkatzen du. Errefuxiatu-esparruetako bizi-baldintzak ere kezkagarriak dira.
Gatazka armatu honek eskualdean bizi diren eritrear errefuxiatuen krisi humanitarioaren egoera larriagotu du. ACNURek 2020ko abenduan ohartarazi zuen errefuxiatu-esparruetan bizi ziren 96.000 errefuxiatuak janaririk eta urik gabe geratu zirela. Egoera horrek okerrera egin zuen 2021ean, sendagai, ur eta elikagai faltak errefuxiatuen erikortasuna eta hilkortasuna areagotu baititu.
Era berean, gatazkaren hasieran, 47.000 pertsonek Hegoaldeko Sudaneko muga zeharkatu dute gatazkatik ihesi.[12] 2021eko urtarrilean, kopurua 60.000 pertsonara igoa zen.
Etorkizuneko Planetan (Planeta Futuro)[13] argitaratutako artikulu baten arabera, 700.000 pertsonek eskualdeko mendebaldetik ihes egin zuten.
2020ko abenduaren 2an, asteazkena, NBEk gobernu federalarekin laguntza humanitarioa Gobernuaren kontrolpeko eremuetara helarazteko akordio bat sinatu zuen. Hala ere, laguntza humanitarioa Tigray eskualdera bidaltzeak etengabeko liskarrak sortu ditu gatazkan inplikatuta dauden alde guztien artean. 2021eko abenduan, NBEk salatu zuen zonaldeak bi hilabete zeramatzala laguntza humanitariorik jaso gabe eta 5 hilabete erregairik gabe. 2022ko apirilean, tentsioa jaitsi egin zen eta laguntza iristen hasi zen.
Laguntza humanitario ezari laboreak eta aletegiak erre izana gehitu zitzaizkion. Nekazariek ez zuten lurra lantzeko hazirik, tresnarik ezta abererik, eta gainera, soldadu eritrear eta federalen aldetik “zigor” mehatxuak jaso zituzten.[14] 2021eko ekainean, erakunde humanitarioek 1,8 milioi pertsona larrialdi egoeran eta 353.000 hondamendi egoeran zeudela salatu zuten. Gosetea eta inanizioak eragindako heriotzak ere gerrarako arma gisa erabili izan dira.
Gobernu federalak TPLFri uztak eta aletegiak suntsitzea eta Amhara eta Afar eskualdeetako nekazariek laborantzarik egin ez zezaten mehatxuak erabiltzea ere leporatu dio, horrela elikagai ezaren eta gosetearen aurrean segurtasun faltaren arriskua areagotuz.
Gobernu federalaren eta erakunde humanitarioen arteko tentsioa etengabea izan da gatazkan zehar. Lankide boluntarioen hilketarekin batera, Mugarik Gabeko Medikuen (Médicos Sin Fronteras) erakundeko kidea esaterako, armen trafikoa egiteko USAID bezalako erakundeen kolaborazionismoa salatu da. Tentsioaren gorakadak enbaxadetako langileen eta humanitarioen ebakuazioa ekarri zuen, baita medicusmundi Gipuzkoako lankidearena ere 2021aren amaieran.
Tentsioa apaldu bada ere, Gobernu Federala ez da bake-negoziazioetan Afrikar Batasunaren bitartekaritzaz fidatzen. Era berean, duela gutxi, gobernuak Paula Gil Mugarik Gabeko Medikuen presidenteari sartzeko baimena ukatu dio.[15]
Presioek eta mehatxuek eragotzi egiten diete erakunde humanitarioei beren lana garatzea, eta gainera, kazetarien atxiloketa arbitrarioen salaketak etengabeak izan dira gatazka osoan zehar.[16]
Gatazkan zehar, ugariak izan dira gobernu federaleko tropek, tropa amharek, eritrearrek eta TPFLkoek zibilen aurka egindako sarraskien inguruko salaketak.
Gatazka hasi zenetik, Amnistia Internazionalak [17] eta Giza Eskubideen Batzorde Etiopiarrak (EHCR)[18] ehunka pertsonaren sarraskia salatu zuten Maikadra inguruan, Tigray eskualdearen mendebaldean. 2020ko abenduaren 9an, Michele Bacheletek, Giza Eskubideetarako NBEren Goi Komisarioak, behaketa independente bat egiteko eskatu zuen, giza eskubideen urraketa larrien zantzu oinarrituen aurrean, zibilen aurkako erasoak eta emakumeen eta nesken aurkako sexu-indarkeria barne.[19]
Amnistia Internazionalaren “We will erase you from this land”[20] txostenak dio, nola indar federalek eta Amharako segurtasun-indarrek Mekele hartu ondoren ezarritako Tigrayko behin-behineko gobernuak, Etiopiako indar federalen onespen eta baliteke parte-hartzearekin ere, sistematikoki, Tigrayko ehunka mila zibil tigriñoar mehatxupean, sexu indarkeriaz, atxiloketa arbitrarioen, hilketen eta laguntza humanitarioa ukatzearen bidez, beraien etxeetatik kanporatu zituzten. Tigrayko biztanleria zibilaren aurkako eraso orokor eta sistematiko horiek gizateriaren aurkako krimenak eta gerrako krimenak dira.
Bertan, taldeko bortxaketak burutu izana eta emakumeen gorputzak gerrarako arma gisa sistematikoki erabili izana dokumentatu da.
Azpimarratzekoa da TPLFko tropei Afar eta Amhara eskualdeetan sarraskiak eta bortxaketak burutu izana leporatu zaiela ere, hala nola 550 zibilen sarraskia eta 200 emakumeren bortxaketa Wolo Hegoaldean egindako okupazioan zehar.[21]
Azkenik, azpimarratu beharra dago Tigrayko biztanleriaren presio, pobretze eta mendekotasun neurri gisa, oinarrizko azpiegituren suntsiketa etengabea izan dela. 2022ko ekainean, Ayder ospitale nagusiak, eskualdeko ospitale nagusiak, ateak itxi behar izan zituen oinarrizko sendagai eta oxigeno faltagatik. Era berean, 2020ko amaieratik osasun-langileek eta funtzionario guztiek ez dituzte soldatak kobratu.
Gerra zibilak eskualdeko ekonomia suntsitu du. Inflazio handiari lantegien eta saltokien suntsipena eta bankuen itxiera gehitu behar zaizkio. 2021aren amaieratik, Tigrayra dirua bidaltzea ia ezinezkoa bihurtu da. Gaur egun, Addis Ababatik Mekelera dirua eramatea lortzeko tramiteak egiten ari dira. Hori da, gobernuaren baimenaren ondoren, erakundeek dirua helarazteko duten bide bakarra.
Gatazka egoera honetan proiektuak normaltasunez garatzerik izan ez dugun arren, ahal dugun guztia babesten jarraitu dugu eta jarraituko dugu!
[1] https://elpais.com/internacional/2020-11-28/el-primer-ministro-de-etiopia-anuncia-el-control-total-de-la-capital-de-la-region-separatista-de-tigray.html
[2] https://www.elconfidencial.com/mundo/2020-11-13/coordenadas-etiopia-conflicto-guerra-civil_2822204/
[3] https://www.sinpermiso.info/textos/etiopia-la-guerra-en-tigray-y-la-crisis-regional
[4] https://www.sinpermiso.info/textos/etiopia-la-guerra-en-tigray-y-la-crisis-regional
[5] https://www.aljazeera.com/news/2021/1/11/ethiopia-says-it-killed-15-members-of-tigray-forces-captured-8
[6] https://www.europapress.es/internacional/noticia-abiy-dice-alto-fuego-repliegue-tigray-busca-proteger-etiopia-amenazas-externas-20210701094502.html
[7] https://www.europapress.es/internacional/noticia-tplf-hace-control-lalibela-ciudad-patrimonio-unesco-region-amhara-etiopia-20210806082748.html
[8] https://www.bbc.com/news/world-africa-58163641
[9] https://www.amnesty.org/es/latest/press-release/2021/07/ethiopia-end-arbitrary-detentions-of-tigrayans-activists-and-journalists-in-addis-ababa-and-reveal-whereabouts-of-unaccounted-detainees/
[10] https://www.infobae.com/america/mundo/2021/11/02/ante-el-avance-rebelde-etiopia-impuso-el-estado-de-emergencia-y-llamo-a-ciudadanos-con-armas-a-defender-sus-barrios/
[11] https://www.europapress.es/internacional/noticia-tplf-designa-representantes-negociar-paz-gobierno-etiopia-20220718180258.html
[12] https://www.europapress.es/internacional/noticia-acnur-cifra-47000-etiopes-cruzado-sudan-tambien-sumado-algunos-eritreos-20201204141331.html
[13] https://elpais.com/planeta-futuro/2022-04-20/la-guerra-en-tigray-provoca-una-limpieza-etnica.html
[14] https://www.bbc.com/mundo/noticias-internacional-57447586
[15] https://www.europapress.es/internacional/noticia-etiopia-deniega-permiso-presidenta-msf-realizar-visita-region-tigray-20220726152456.html
[16] https://cidafucm.es/periodistas-detenidos-arbitrariamente-en-etiopia
[17] https://www.amnesty.org/es/latest/news/2020/11/ethiopia-investigation-reveals-evidence-that-scores-of-civilians-were-killed-in-massacre-in-tigray-state/
[18] https://www.europapress.es/internacional/noticia-comision-ddhh-etiopia-denuncia-600-muertos-masacre-obra-fuerzas-leales-tplf-tigray-20201124151811.html
[19] https://www.europapress.es/internacional/noticia-bachelet-defiende-observacion-independiente-graves-abusos-ddhh-registrados-tigray-20201209162814.html
[20] https://www.amnesty.org/es/latest/news/2022/04/ethiopia-crimes-against-humanity-in-western-tigray-zone/
[21] https://www.notimerica.com/politica/noticia-etiopia-acusa-tplf-violar-mas-200-mujeres-masacrar-casi-550-civiles-ocupacion-wolo-sur-20220122175705.html