


Efraín Soria Ekuadorreko Equidad Fundazioaren koordinatzaile nagusia izateaz gain, erakundeko sortzaileetako bat da. Duela 25 urte, komunitateko beste kide batzuekin batera, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak defendatzea erabaki zuen.
Jarraian, Ekuadorreko gorroto-delituen inguruan egindako elkarrizketa bat aurkezten dugu:
Ekuadorreko Equidad Fundazioa, zertan datza zuen lana?
Ekuadorreko Equidad Fundazioaren helburu nagusia, LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideak babestea da. Baita, HIESArekin bizi diren pertsonei laguntzea, eta infekzio horren prebentzioa sustatzea. Gaur egun, erakundeak kolektiboko pertsonentzako zentro komunitario bat du, zerbitzu medikoa, psikologikoa eta legala duena, bai eta migratzaileentzako aldi baterako aterpetxe bat ere. Bestalde, fundazioak ikerketa-proiektuak ere egiten ditu, erakunde publiko eta pribatuei laguntzeko helburuarekin intzidentzia egiteaz gain.
Zer dira gorroto delituak?
Gorroto-delituak, lurralde jakin bateko gainerako biztanleen ezaugarri desberdinak izateagatik gorrotoa sustatzen duten delituak dira. Ekuadorreko zigor-kodeak diskriminazio mota horiek zigortu egiten ditu baina, arazoa da gaur egun ez dagoela gorroto-delitua zehazki zer den garatzen duen protokolorik.
Izan ere, Ekuadorren delitu mota horrengatik afroondorengoa den pertsona baten kasua da epaitua dagoen bakarra, baina horrek ez du esan nahi gehiago gertatzen ez direnik, baizik eta askotan biktimek ez dutela salatzen, eta gainera, biktimak salatzera iristen diren kasu gutxi horietan sistema judizialak ez ditu aintzat hartzen, eta, ondorioz, kaltetutako pertsona askok salatzeko interesa galtzen dute.
Nolakoa da LGTBIQ+ kolektiboko kideen egoera?
Errore handia egin ohi da Ekuadorreko LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen errealitateari buruzko argitalpenak egitean, aspektu legalei baino ez dietelako erreparatzen, eta aspektu horretan Ekuadorrek aurrerapen asko egin ditu: kode penalak sexuagatiko edo genero-identitateagatiko gorroto-delituak jasotzen eta zigortzen ditu, homoparentalitatea aitortzen du, sexu bereko pertsonen arteko ezkontza ere onartzen da, … baina aurrerapauso horiek eman diren arren, alde handia dago formalaren eta materialaren artean, hau da, pertsonen eskubideak gauzatzearekin.
Zein da gizarteak LGTBIQ+ kolektiboari buruz duen iritzi orokorra?
Gizartearen iritziari dagokionez, bi ardatz nagusi bereizten dira: alde batetik, jendearen iritzia termino ez-ofizialetan, auzokoek, lagunek eta abarrek ahal duten bezala. Izan ere, jende gehienak ez du arazorik pertsona horiek onartzeko, batez ere belaunaldi berrien kasuan, orokorrean gai horiei dagokienez irekiagoak baitira; baina, aldiz, arazoa dator pentsamendu horiek arazo ofizialei eragiten dietenean, oraindik ere eliza bezalako talde jakin batzuek jarrera oso uzkurrak baitituzte horrelako gaietan sakontzeko orduan.
Zure ustez, ba al dago pertsonen pentsamoldean adinaren araberako aldea, hau da, uste duzu gazteak kontzientziatuago daudela kolektiboaren eskubideen inguruan?
Kontuan hartu beharreko faktorea bada, baina ez da erabakigarria. Ezin dugu orokortu, hezkuntza eta maila sozioekonomikoa bezalako beste faktore batzuk ere daude, gure pentsamendua zehazteko orduan ere garrantzi handia dutenak. Zenbat eta hezkuntza eta ekonomia-maila handiagoa izan, gai horiei dagokienez pentsamendua orduan eta irekiagoa da.
Zergatik uste duzu, gaur egun, horrelako delituak gertatzen direla?
Eragina duten 3 puntu handi nabarmenduko nituzke: lehenik eta behin, Estatuaren interes eza; bestetik, hezkuntza-sistemak ere ez du horrelako arazorik eskoletan lantzen, eta, beraz, haurrek gurasoen pentsamoldea errepikatzen jarraitzen dute. Hori gutxi balitz, irakasleek beren idealak ikasgeletan zabaltzen dituzte, eta kasu horietako askotan, pertsona horien pentsamendua elizarengatik eta alderdi politiko kontserbadoreengatik markatua dago; azkenik, ezin dugu komunikabideen eragiteko ahalmena ahaztu. Komunikabideak, talde kontserbadoreen eta herrialdean botere handia duten enpresa handien inguruan marketina egiten duten enpresak dira, eta, horregatik, askotan, gai horiei ikuspegi populista batetik aurre egiten diete, LGTBIQ+ edo kolektiboarekin lotutako edozein gai ikusezin bihurtzea erabakitzen dute.
Nola erreakzionatu ohi dute senideek hurbileko norbait kolektibokoa dela jakiten dutenean? Uste duzu gero eta onarpen handiagoa dagoela?
Oro har, bi jarrera mota ikusten ditugu: batetik, gure fundaziora informazio bila hurbiltzen diren familiak daude, seme-alabei laguntzeko eta egoera modu egokian nola kudeatu jakiteko datozenak; bestetik, erlijio-sinesmenak lehenesteagatik egoera onartzen ez duten familia asko daude. Hala ere, azpimarratu beharra dago, zorionez, pertsona horiek gurasoen aldetik lortzen ez duten babes hori, oso gertukoa den norbaitengatik jasotzea lortzen dutela beti.
Zein da ikastetxeen zeregina guzti honetan? Zer egiten dute sexu-aniztasunagatiko jazarpen eta diskriminazio kasuen aurrean?
Ikastetxeak zenbait pertsonentzat oso leku arrotzak dira, baita kolektibokoak ez diren pertsonentzat ere. Ikastetxeetan, genero-estereotipoekin bat ez datozen jarrerak dituen edozein haur erraz identifika dezakete kolektiboaren parte gisa. Adibidez, neskato ez oso femeninoa, finagoa den mutila edo futbolean jolastu beharrean neskekin jolastea nahiago duena.
Zoritxarrez, horrelako egoeren aurrean ikastetxeek ez dute ezer egiten, nahiz eta gai horietan interesa duten zenbait irakasle badauden. Baina, gaia babesten duen politikarik ez dagoenez, ez da interesetik haratago joaten.
Zer eginkizun du erlijioak Ekuadorreko gizartean? Zure ustez, elizak gizartean botere gutxiago izango balu, errazago onartuko litzateke?
Ekuadorreko gizartean eliza botere handiko erakundea da, eta, askotan, politikan eta espiritualtasunarekin zerikusi gutxi duten beste gai batzuetan parte hartzen du. Gainera, askotan, zapaltzaileen alde egiten dute, eta, beraz, haien boterea txikiagoa izango balitz, LGTBIQ+ kolektiboa ez ezik, beste borroka askoren onarpena erraztuko litzateke.
Irakurri dudanaren arabera, ebanjelismoak gero eta indar handiagoa lortzen ari du, eta ez Amerikan bakarrik. Zure ustez, gorakada horren ondorioz, diskriminazioa eta kolektiboaren aurkako gorroto-delituak handitu egiten dira?
Ebanjelismoaren gorakada oso kezkagarria da. Izan ere, eliza horiek beren eliztarren gain kontrol handia baitute, badakite nor joaten den elizara, joaten denean, joaten ez denean… eliza katolikoan gertatzen ez den bezala, eliza ebanjelikoa askoz ere erakunde antolatuagoa da, eta, beraz, arriskutsuagoa da.
Zer gertatzen da deshomosexualizazio-klinikekin? Legeak kolektiboa babesten badu, nola liteke horrelako klinikak egotea? Zer gertatzen da klinika horien barruan?
Legeak paperean LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak babesten dituen arren, fiskaltzak ez du tresna nahikorik sasi-klinika horiek existitzen jarrai ez dezaten. Gobernuek ez dute leku horien aurkako inolako kanpainatan inbertitzen, eta, beraz, are gehiago zailtzen du fiskaltzak esku hartzea.
Sasi klinika horietan tratu txar mota asko gertatzen dira: torturak, bahiketak, bortxaketak, … Beraz, zerbait egin beharko litzateke giza eskubideen guztiz aurka doazen leku horiekin amaitzeko.
Nola da posible OMEk homosexualitatea inolako gaixotasunik ez dela argi utzi badu, 2023an, oraindik, hala balitz bezala tratatzen jarraitzea?
Hori, talde kontserbadoreen, ultra eskuindarren, elizaren, … gorakadari esker gertatzen da, hauek LGTBIQ+ kolektiboarekiko pentsamendu diskriminatzailea argi eta garbi bultzatzen duten agendak defendatzen baitituzte.
Nazioarteko elkartasunak borrokan lagun dezakeela uste duzu?
Bai, lankidetza puntu garrantzitsua da. Hala ere, lankidetza-erakundeei belarrietatik tira egitea beharrezkoa dela uste dut, askotan errealitatearen irudi oso desitxuratuarekin geratzen baitira. Uste dut, LGTBIQ+ pertsonen benetako bizi-baldintzak kontuan hartu gabe, makro adierazleetan soilik zentratzen direla.
Zeintzuk dira gorroto-delituen aurkako borrokan funtsezko erronkak?
Erronka asko daude, legeak gaiari giza eskubideen aldeko ikuspegitik heldu ahal izatea lortuko duen araudi bat sortzea, esaterako. Horrez gain, herritarrak ahalduntzea garrantzitsua da, eta herritarrek arazo horiei aurre egin ahal izateko, gaiari buruzko beharrezko ezagutzak izatea beharrezkoa da. Bestalde, gizartearen parte-hartzea sustatzea eta beste batzuei erabakiak gure ordez hartzen ez uztea garrantzitsua da ere.