

Dakizutenez, Covid-19a pandemia globala bilakatu da. Afrikara ere heldu da, eta, noski, Etiopiara.
Pandemia dela eta, Etiopiako Gobernuak larrialdi egoera aldarrikatu du bost hilabetez; konfinamendua ez da nahitaezkoa izango, baina hainbat jarduera debekatu ditu, pertsona ugariko bilerak esaterako; tabernak eta zinemak itxi dira, telelana egitea sustatu da, tarte soziala errespetatzea, eskuak garbitzea, etab. Oraingoz, kutsatu eta hildakoen kopuruak ez dira gure ingurunean bezain larriak, baina zenbait ingurunetan, urte batzuk lanean daramatzagun Somali eskualdean kasuko, Covid-19aren egoera zailtzen ari da lehorte handia baitago, (ingurune mortua da berez), eta jendea behartua dago ur ez osasungarrietako iturrietatik edatera, eta ondorioz kolera agerraldi larriak egoten ari dira.
Ezbehar hauei oti izurria gehitu behar zaie; aurrekoa otsailean gertatu zen, eta orain egun batzuk ohartarazi digute beste oti izurri bat sartu dela herrialdean eta soroak suntsitu dituela.
Gaitza gaitzari, orain egun batzuk ere OMS (Osasunerako Mundu Erakundea)-k ohartarazi du sukar horiaren agerraldi bat izan dela; gaixotasun horrek badu txertoa, baina gu lanean ari garen landa guneetan ez dago ia inmunizaziorik.
Elikagaien Mundu Programak aurreikusi du Covid-19ak 2020. urtean ekarriko dituen kalte ekonomikoek gosete larria eragingo dutela 265 milioi lagunen artean; 2019koan izandakoen ia bikoitza, 135 milioi izan baitziren. Hauetako asko Etiopian eman ziren beraz, oraingo honetan ere berriro joko duela uste da.
Pandemia arintzeko ekintzak
Somaliako eskualdeko berezko egoera larria izanik, eta Covid-19aren ondorioak ahalik eta gehien arintzeko, artzaintzan dabiltzan populazio nomadekin lan egiten duen eta gure bertako bazkidea den Pastoralist Concern erakundeak bere lehentasunak adierazi dizkigu. Lehentasun hauen artean prebentzioa nagusitzen denez hau lortzeko lider komunitario eta erlijiosoekin, zein emakume heldu eta gazteen elkarteekin lan egingo du. Eragile hauen bitartez populazioa trebatu nahi dute infekzioak prebenitzen eta kutsadurak sahiesteko hartu beharreko neurriak irakatsiz. Halaber, Pastoralist Concernek jakinarazi digu izurriteari aurre egin ahal izateko eragile horientzat eta osasun langileentzat babes ekipoak (eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak) erosi behar direla, baita eskuak garbitzeko instalazioak (xaboi likidoa barne). Bide batez, Pastolarist Concern erakundeak Somali eskualdean gerta daitezkeen Covid-19 kasuak dokumentatu eta haien berri emango du, baita eskualdean izan daitezkeen jardunbide egokien berri ere.
Dirulaguntza eman nahi baduzu, MODU HAUETAN egin dezakezu. Ekarpen oro baliagarria izango zaigu eta bihotzez eskertuko dizuegu.