

Medicusmundi Araba eta Medicusmundi Gipuzkoaren proiektu honen barruan produktu ezberdinak eratu dira eta bertan erakunde eta elkarte ezberdinek parte hartu dute. Hala nola, Ekuadorko Andeetako Simon Bolivar Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateko Life Cycle Thinking Group eta Ekopol ikerketa-taldeek eta Ekuadorko Acción Ecológica zein Fundación Desafío erakundeek. Bestalde, proiektua Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu du.
PROIEKTUAREN PRODUKTUEN LABURPENA:
1-OSASUNAREN PETROLIZAZIOA IKERKETA: EKUADORREKO AMAZONIAKO EKOGENOZIDIOAREN SISTEMATIZAZIOA.

Ikerketak 2002 eta 2023 urteen artean Ekuadorko Napo, Pastaza, Orellana eta Sucumbíos probintzietan egindako petrolio-ustiapenen ondorioak aztertzen ditu. Ikerketaren muina Amazoniako komunitateen osasunean izandako inpaktuak aztertzea da, batez ere, emakumeek pairatzen dituztenak. Azterlan honek aurretiaz egindako ikerketa ezberdinak bildu eta sistematizatzen ditu, eta agerian uzten du petrolio-praktikek emakume eta beste talde zaurgarri batzuengan eragiten dituzten neurriz kanpoko inpaktuak. Gainera, erauzketa-ereduari buruzko eztabaida kritikoa sortu eta salatzen du eta azterketan osasuna, generoa eta giza eskubideak txertatzen ditu.
Lurralde hauek “sakrifizio-eremu” gisa ezagutzen dira; izan ere, interes ekonomikoek eta botere-interesek bultzatutako erauzketa-proiektuek, tokiko biztanle eta lurraldeetan ingurumen eta osasun kalte larriak eragiten dituzte. Lurralde hauetan eragindako kalteak materialak eta sinbolikoak dira; izan ere, komunitate indigenek beren lurren jabetza galtzeaz gain, pribatizazioari eta desplazamenduari ere aurre egin behar diete. Eta, eran berean, euren espazio espiritualak eta balio kulturalak ere suntsitzen dira lurralde-inbasioaren, suntsiketaren eta ingurumen-kutsaduraren ondorioz.
Bestalde, petrolioa ustiatzen den lurraldeetan minbiziak nabarmen egiten du gora, esaterako, eremu hauetan minbizia tasa Estatuko batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa da. Bestalde, petrolio-instalazioetatik gertu bizi direnen artean gibeleko eta urdaileko minbiziaren prebalentzia oso altua da, ondorioz, sakrifizio gune askotan minbizia epidemiaz hitz egiten da. Era berean, petrolio gordinaren toxiko esposizioak, lurralde horietako biztanleengan mutazio genetikoak, arazo neurologikoak, haurren heriotza-tasa handia eta haurdunaldiko konplikazioak eragiten ditu.
2-PETROLIO-KOLONIALISMOA EKUADORKO OIHANEAN IKERKETA: REPSOL ENPRESAK YASUNI PARKE NAZIONALEAN EGINDAKO 24 URTEKO ERAUZKETA-JARDUERAREN GIZARTE- ETA INGURUMEN-INPAKTUAK. (Gazteleraz)

Ikerketa honek Ipar Globaleko energia-kontsumoak dituen inpaktu deslokalizatuak eta erauzketa- eta merkaturatze-enpresen zor korporatiboaren erantzukizuna aztertzen ditu.
Dokumentuak Espainiako Repsol enpresak Ekuadorko Amazonian eragindako gizarte- eta ingurumen-zorra aztertzen du. Horretarako, enpresa honek Yasuní Parke Nazionalean egindako petrolio-erauzketen inpaktuak aztertzen ditu. Ikerketa prozesua bi metodologia konbinatuz egin da. Hau da, petrolioaren Bizi Zikloaren Azterketa (BZA) eta Yasuní eskualdeko inpaktu soziokulturalen azterketa kualitatiboa uztatu dira. Hala, erauzitako petrolioaren azken kontsumitzaileek, inplikatutako gobernuek eta urre beltza erauzten eta merkaturatzen duten enpresek beren gain hartu beharreko erantzukizunen azterketa plazaratu da.
Yasuní Parke Nazionaleko petrolio-erauzketak onura ekonomiko desberdinak eragin ditu. 1999 eta 2022 bitartean, Repsolek Yasuniko 16. eta 67. blokeak ustiatu eta 317 milioi upel eta 21,665.62 milioi euroko fakturazioa lortu zituen. Irabazien %79 Repsolek, findegi, garraio zein banaketako enpresek eta Espainiako Estatuak jaso zituen. Ekuadorko gobernuak, ordea, % 21 baino ez zuen jaso. Ondorioz, banaketa inekitatibo honek muturreko pobrezia-maila kezkagarriak eragin ditu tokiko komunitate indigenetan. Izan ere, inbertsio ekonomiko urria dela-eta, oinarrizko zerbitzuak (osasuna eta hezkuntza, esaterako) oso prekarioak dira lurralde hauetan.
3-EREDU EKONOMIKOAREN GIZARTE- ETA INGURUMEN-AZTARNEI BURUZKO NAZIOARTEKO KONFERENTZIA: ENERGIA, MATERIALAK, JUSTIZIA ETA HONDAKINAK.
2024ko ekainaren 13an eta 14an Arabako Campuseko Letren Fakultatean antolatu zen konferentziak ingurumen-aztarnen azterketan erreferente izatea zuen helburu bai eta aztarna hauek herrialde pobretu eta aberastuetan sortzen dituzten eraginei buruzko elkarrizketa sustatzea ere. Kongresuaren helburu nagusia pertsonak eta planeta lehenetsiko dituen produkzio eta kontsumo eredu bidezkoago bateranzko trantsizioa bultzatzea izan zen.
Gaur egungo mundu globalizatuan ingurumen-aztarnak modu bidegabean daude banatuta. Hortaz, birbanaketa bidezkoago baterantz aurrera egiteko, irabaziak nork kontsumitzen dituen eta kargak nork ordaintzen dituen aztertu eta hausnartzea beharrezkoa da.
Programak ingurumen-aztarnen ikerketan eta inpaktuen azterketan adituak diren pertsonak batu zituen:
4-ZONA WAO LABURMETRAIA.

Zona Wao dokumentalak, Nagore Eceiza Mujikaren zuzendaritzapean, petrolio ustiapenak Ekuadorko Amazonian eragiten dituzten kalteak salatzen ditu. Laburmetraiak Repsol bezalako enpresak agerian jartzen ditu komunitate indigenei, bereziki emakumeei, eta ingurumenari eragindako kalteengatik. Zona Waok salatzen duen bezala, erauzketa jarduerek eskualdea “sakrifizio-eremu” bihurtu dute eta biodibertsitatea eta jatorrizko herrien existentzia mehatxatzeaz gain, gizarte- zein osasun-arazo larriak eragiten dituzte ere.
Gaur egun, dokumentala Giza Eskubideen nazioarteko jaialdi ezberdinetan proiektatzen ari dira, eta 2025eko irailean publiko egingo da, besteak beste, YouTube eta Vimeo plataforma digitaletan zabalduko da. Gainera, askotariko hezkuntza-erakunde eta fakultateetan ere aurkeztu da, besteak beste, justizia energetikoaren inguruko hausnarketa kritikoa sustatzeko asmotan.
5-SARAYAKUKO EMAKUMEEN BIDEOKAPSULAK: ESTRAKTIBISMOAREN ETA PATRIARKATUAREN AURKAKO ERRESISTENTZIA. (Gazteleraz)
Bideokapsula hauen bitartez, natura errespetatzen duen bizi-eredu mota azaldu nahi da, planetarekiko harreman berri eta iraunkorrak posible direla erakusteko. Bideo hauek, Zona Wao dokumentala grabatzeko egin zen bidaian jasotakoak dira, eta Yasuniko beste komunitate batzuek bizi duten errealitatearen eredu erreala adierazi eta erauzketa ereduaren aurrean alternatibak daudela erakutsi nahi du.
Sarayakuko herria Pastaza probintzian dago, eta oso bioanitza den baso primarioan kokatuta dago, 135.000 hektarea jasotzen ditu. Hamarkada batzuetatik hona komunitatea petrolio-jardueren aurka agertu da. Izan ere, erauzketa jarduerak beren oihan bizidunarentzako mehatxu dira. Sarayakuko biztanleentzat euren oihana biziduna da, kichwwa hizkuntzan kawsak sacha izenez ezagutzen da. 2002 eta 2003 artean, CGC enpresa argentinarrak, Ekuadorko gobernuaren baimenarekin, lur-azpian zulaketak egin eta lehergailuak ipini zituen lurralde honetan. Ondorioz, Sarayakuko komunitateak mobilizazio eta lege-borroka biziekin erantzun zuen. Eragindako presioaren ondorioz, Gorteak eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak komunitatearen alde egin zuen.
Sarayakutarrentzat, oihana ez da baliabide bat, berezko espiritua duten izaki biziduna baizik, bere animalia, ur, mendi eta harkaitzak dituen izakia. Kawsak Sacha izeneko kontzeptu honek komunitatearen bizitza eta erabakiak gidatzen ditu, gizaki eta naturaren artean errespetuzko eta elkarrekikotasunezko harremana sortzeko asmotan.
Sarayakuko emakumeak erresistentzia honen funtsezko zutabeak dira, estraktibismoari ez ezik, patriarkatuari ere aurre egin behar diotelako. Indarkeriarik gabeko bizitzaren alde ahotsa altxatzeaz gain, ingurunearekin harmonia lortzeko borrokan tinko diraute. Emakume hauen lidergoak mugak gainditu ditu, naturaren eskubideen aldeko kanpainetan zein mobilizazio klimatiko globaletan eragina izateraino.
Jarraian aurkezten diren 6 bideokapsulek Sarayaku herriak bere lurraldea, kultura eta bizimodua defendatzeko duen borroka erakusten dute. Besteak beste, elikadura-subiranotasuna, kolonizazioaren eragina eta emakumeen eginkizun erabakigarria nabarmentzen dira, haien ahotsak eta erresistentzia handituz.
6-DEFENSORAS ECOFEMINISTAS PODCAST SERIEA.
Podcast hauen bidez, erauzketa-industrien aurrean emakume defendatzaile ekofeministek egindako borrokak nabarmentzen dira. Testigantzak Ekuadorko Amazonian jazotako erresistentzia-istorioak dira eta estraktibismoak giza eskubideetan, osasunean eta ingurumenean dituen eraginak aztertzen dituzte. Podcastek lurraldeen, kulturen eta bizitzen defentsa ikusarazi nahi dute, mundu bidezkoago eta iraunkorrago baten alde nekaezin borrokatzen diren emakumeen ahotsen bitartez.
Defensoras Ecofeministas: Sarayaku. Podcast honek Sarayaku herriak petrolio-estraktibismoaren aurkako borrokan lortutako garaipena nabarmentzen du, petrolio-konpainia erraldoi baten aurkako auzia irabazi baitzuen.
Defensoras Ecofeministas: Kawsak Sacha. Sarayaku herriarekin jarraituz, podcast honek Ekuadorko Amazoniako emakume indigenek petrolio-erauzketaren aurrean duten borroka aztertzen jarraitzen du. “Kawsak sacha” kontzeptua arakatzen du, hau da, oihana izaki bizidun gisa ikusteak duen garrantzia eta gizaki zein naturaren arteko harremana eraldatzeko beharra, hain zuzen.
Defensoras Ecofeministas: Waorani, oihaneko jendea. Kapitulu honek Yasuni Parke Nazionalaren bihotzera garamatza, eta Waorani herriak estraktibismoaren mehatxuaren aurrean, bere lurralde eta bizimodua babesteko egiten duen borroka erakusten du.
Defensoras Ecofeministas: Ekozidioa, osasun petrolizatua. Azken atalean, ikuspegi akademikotik aztertzen da petrolioak Amazoniako komunitateen osasunean duen eragina, eta nabarmentzen da petrolio-ustiapenak ekozidioa eragin duela eskualde horretan.