

Medicusmundi Gipuzkoak “Defensoras ecofeministas” podcast-serie osoa aurkezten du: Peru, Ekuador, Filipinak eta Etiopiako Somali Eskualdeko emakumeen borrokak ezagutzeko soinu-bidaia.
“Defensoras ecofeministas” podcast-saila munduko hainbat lekutako emakumeei ahotsa emateko sortu zen. Lurralde, erakunde eta komunitate desberdinetatik abiatuta, helburu komun bat partekatzen dute: bizitzaren defentsa, indarkeria matxistarik gabeko bizitza eta ingurumenaren zaintzan oinarrituta.
Kapituluen bidez, askotariko errealitateetara hurbiltzen gara; desberdinak izan arren, sakonki lotuta dauden errealitateetara. Latinoamerikan eta Asian meatzaritzaren, petrolioaren erauzketaren edo baso-soiltzearen aurkako borroketatik hasi, eta Etiopiako Somali Eskualdean emakumeek gidatutako ahalduntze-, erresilientzia- eta gatazken ebazpen komunitarioko prozesuetaraino, “Defensoras ecofeministas” serieak bizitza eusten duten emakumeen indarra entzutera, ulertzera eta aitortzera gonbidatzen gaitu, askotariko indarkeriek zeharkatutako testuinguruetan.
Sail osoa hainbat hizkuntzatan dago eskuragarri gure YouTubeko zerrendan, baita ohiko podcast-plataformetan ere.
Sailaren lehen etapak Peruri, Ekuadorri eta Filipinei buruzko hiru kapitulu bildu zituen. Horien bidez, beren lurraldeetan erauzketa-jardueren ondorioei aurre egiten dieten herri, komunitate eta emakume defendatzaileen borrokara hurbildu ginen: meatzaritza, baso-soiltzea, petrolioaren erauzketa eta enpresa-boterearen hedapena komunitate-bizitzaren eta ekosistemen gainetik.
Peru
Kapitulu honetan, meatzaritza-industriaren eta enpresa-boterearen aurrean lurraldea defendatzen duten emakumeen borroka ezagutzen dugu. Begirada ekofeministatik, uraren, lurraren eta emakumeen eskubideen defentsara hurbiltzen gaitu, testuinguru soziopolitiko konplexu batean, non ingurumen-defendatzaileek erresistentzia kolektiboko prozesuak sostengatzen dituzten.
Filipinak [*Gazteleraz]
Filipinetan, podcastak emakumeen eskubideen aldeko borrokaren eta ingurumenaren babesaren arteko loturan jartzen du arreta. Kapituluak meatzaritza-industriaren, ingurumenaren degradazioaren eta enpresa-boterearen aurkako erresistentzietara hurbiltzen gaitu, eta emakumeek beren komunitateen eta lurraldeen defentsan duten rola nabarmentzen du.
Ekuador [*Gazteleraz]
Ekuadorri eskainitako kapituluak Ekuadorko Amazonian petrolio-industriaren aurrean emakume landatarrek eta indigenek egiten dituzten borrokak jorratzen ditu. Haien testigantzen bidez, lurraldearen defentsa gorputzaren, osasunaren, autonomiaren eta indarkeriarik gabeko bizitzaren defentsarekin sakonki lotuta dagoela ikusarazten da.
Bigarren fase batean, medicusmundi Arabarekin batera “Defensoras ecofeministas” sailak Ekuadorko Amazonian petrolioaren erauzketak dituen inpaktuetan sakondu zuen, baita herri indigenek, komunitateek eta emakume defendatzaileek bizitzaren defentsan sustatutako proposamenetan ere.
Lau kapituluetan zehar, sailak Ekuadorko Amazonian beren gorputzak eta lurraldeak defendatzen dituzten emakume indigenen borroka balioan jartzen du, eta industria erauzleak giza-eskubideetan, osasun kolektiboan, ingurumenean eta komunitateen bizimoduetan dituen ondorioak lantzen ditu.
Sarayaku
Etapa honetako lehen kapituluak Sarayaku kichwa herri originariora hurbiltzen gaitu, Ekuadorko Amazonian, eta petrolio-konpainia handi baten aurrean izandako borroka historikoa ezagutarazten digu. Erresistentzia kolektiboko historia bat da, eta erakusten du, botere oso handien aurrean ere, herriak antolatu egin daitezkeela beren lurraldea eta bizitza defendatzeko.
Kawsak Sacha
Bigarren kapituluak “Kawsak Sacha” edo “Oihan Bizia” proposamena aurkezten du, Sarayakutik bultzatua. Natura ustiatu beharreko baliabide gisa ulertzen duen ikuspegiaren aurrean, proposamen honek ingurunearekiko beste harreman mota bat planteatzen du: errespetuan, elkarrekikotasunean eta oihana lurralde bizi gisa aitortzean oinarritutako harremana.
Waorani, oihaneko jendea
Kapitulu honetan, Yasuní Parke Nazionalaren bihotzera bidaiatzen dugu, Ekuadorko Amazonian sakon-sakonean bizi den Waorani herria ezagutzeko. Haiek beren burua “oihaneko jendea” gisa definitzen dute. Kapituluak erauzketaren aurrerapenaren aurrean lurraldearen defentsan egiten duten lana jasotzen du, baita oihanarekin estuki lotutako bizimodu bat babesteko duten borroka ere.
Ekozidioa, osasun petrolizatua
Etapa honetako azken kapituluak petrolio-ustiapenak Amazoniako herrien osasunean izan dituen inpaktuak aztertzen ditu. Ikuspegi akademiko eta komunitariotik abiatuta, kapituluak kutsadurak, ingurumenaren suntsiketak eta petrolioaren erauzketak komunitateen gorputzetan, lurraldeetan eta bizi-baldintzetan izan dituzten ondorio sakonak jorratzen ditu.
Podcast-seriearen hirugarren eta azken faseak, Pastoralist Concern (PC) tokiko-erakundearen bitartez, Etiopiako Somali Eskualdera garamatza. Bertan, bi emakumek beren esperientziak, jakintzak eta erresistentzia-estrategiak partekatzen dituzte indarkeria matxisten, praktika tradizional kaltegarrien, klima-aldaketaren eta egiturazko desberdintasunen aurrean.
Azken bi kapitulu horiek sailaren begirada zabaltzen dute, eta bizitza defendatzeko beste modu batzuk aitortzeko aukera ematen digute: ahalduntze pertsonal eta kolektiboko prozesuetatik, laguntza komunitariotik, emakumeen antolakuntzatik eta gatazken ebazpenean duten roletik sortzen direnak.
Ez gara biktimak, indarra gara
Kapitulu honetan, Etiopiako Somali Eskualdeko emakume baten testigantza entzuten dugu. Emakumeek indarkeria matxisten, praktika tradizional kaltegarrien eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean garatzen dituzten ahalduntze- eta erresilientzia-prozesuak partekatzen ditu. Bere ahotsak gogorarazten digu emakumeak ez direla jasaten dituzten indarkerien biktima soilak: indarra, antolakuntza, agentzia eta eraldaketa ere badira.
Jakintsuen ahotsa
Azken kapituluak Cheratiko, Etiopiako, adineko emakumeen komunitateko kide baten testigantza jasotzen du. Bere esperientziaren bidez, emakume horiek gatazken ebazpenean eta komunitate-bizitzan betetzen duten rol garrantzitsua ezagutzen dugu. Haien parte-hartzeak tradizionalki gizonei gordetako espazioak zalantzan jartzen ditu, eta emakume adinekoen jakintza, hitza eta komunitate-autoritatea balioan jartzen ditu.
“Defensoras ecofeministas” bizitza defendatzen duten emakumeen ahotsak arretaz entzuteko gonbidapena da. Hego Globaleko lurralde desberdinetatik, emakume horiek indarkeria, desjabetzea, kutsadura, desberdintasuna eta komunitate-haustura sortzen dituzten garapen-ereduen aurrean antolatzen eta erresistitzen dute.
Haien borrokak ez dira isolatuak. Testuinguru desberdinetan kokatzen badira ere, horizonte bera partekatzen dute: gorputzen, lurraldeen, emakumeen eskubideen, komunitateen osasunaren eta bizitzaren jasangarritasunaren defentsa.
Serie honen bidez, medicusmundi Gipuzkoatik ahots horiek ikusarazten lagundu nahi dugu, euskal herritarrengana hurbildu eta munduko hainbat lekutako borroka ekofeminista eta komunitarioen arteko zubiak ehuntzen jarraitu.