

Mintegi hauek, medicusmundi Gipuzkoak eta Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), jarrera diskriminatzaile eta sexistak prebenitzeari buruz kontzientziatzen laguntzeko beharretik sortu ziren. Hori dela eta, jarrera horiei aurre egiteko estrategia eta eduki pedagogikoak eremu horrekin zerikusia duten diziplinetako etorkizuneko profesionalei eskaini izan zaizkie, hala nola Psikologiako eta HEFAko ikasketei.
Horrela, 7 edizio daramatzagu sexualitatearen, sexu eta ugalketa eskubideen, indarkeria matxisten edo gure bizitzak gurutzatzen dituzten zapalkuntza-sistema ugarien funtsezko alderdiei buruzko topaketa eta hausnarketa gune hauek antolatzen.
2022-2023 ikasturteko edizioa amaituta, Antropologia, Gizarte Hezkuntza, Magisteritza, Pedagogia eta Psikologia graduetan bizitako esperientzia partekatzen dugu.
Mintegiak sexualitateari buruzko 1. saio batekin hasi ziren. Saio horretan, ARREMANITZ KOOPERATIBAren eskutik, sexualitatearen kontzeptua definitu zen, sexu-hezkuntzako ereduak aurkeztu, eta kasu praktikoak landu ziren. Kasu horietan, ikasleek, landutako tresna eta estrategiak erabiliz, egoera desberdinei nola erantzun eztabaidatu eta adostu behar izan zuten.
2º saio batean aniztasun sexualari buruz hitz egin zen. Bertan, ikuspegi intersekzionaletik, gure gizarte-kategorizazioaren ardatzak azaldu ziren, eta nola horiek pribilegio edo zapalkuntza egoeran jartzen gaituzten. Begirada hori abiapuntutzat hartuta, beren praktika profesionalean aurkituko dituzten kasuak/egoerak landu ziren, aniztasuna balioan jarriz egoera hauei nola erantzun eztabaidatuz eta adostuz.
EMAGIN ELKARTEAK emandako 3. saioan indarkeria matxistak jorratu ziren, indarkeria matxista mota desberdinak, eta indarkeria horiek sostengatzen dituen sistema zein den eta nolakoa den azalduz. Ondoren, talde txikitan, indarkeria matxistaren kasuei erantzuteko protokoloak diseinatuz lan egin zuten. Amaitzeko, zalantzei edo oraindik erantzunik eman ez zaien gaiei buruzko bateratze-lana egin zuten. Zer egin erasotzaileekin?
Mintegien 4. eta azken saioan, Luciana Alfaro EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA PLATAFORMAKO kidea izan zen. Lucianak, genero, klase eta arraza kategorien araberako zapalkuntza-sistema estrukturalak nola uztartzen diren aztertu zuen. Ideia hori da, Estatu Batuetako 60ko eta 70eko hamarkadetako feminismo beltzei esker jaiotako intersekzionalitatearen teoriaren oinarrian dagoena. Mundua eta bere gizarteak modu desorekatuan antolatzeko sortutako sistema diskriminatzailea. Jar ditzagun gure pribilegioak behar dituztenen eskura!