

Azkeneko San Balentin egunaren testuinguruan, Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta EHUko antropologia departamentuak ikerketa bat argitaratu genuen eta, horren bidez, “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna?” izenburupean, Gipuzkoako nerabeek eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan dituzten ideiak jorratu nahi izan genituen. 13 eta 18 urte bitarteko neska-mutiletara mugatutako azterketa honen bidez ikusi nahi izan genuen maitasunaren eta sexuaren inguruan sortutako itxaropenek badutela eraginik haien jokatzeko moduan eta erlazio afektiboak eta sexualak finkatzeko orduan, eta halaber, sexu- nahiz ugalketa-osasunerako kaltegarri izan zitezkeen jokabide eta jarrerak hauteman nahi izan genituen, indarkeria matxista bihurtzeraino irits zitezkeelako.
Ikerketa horretatik ateratako ondorioetatik beste ideia batzuk sortu ziren, eta horrelako zerbait susmatzen bagenuen ere, kezkatzeko motibo izaten jarraitzen dute. Gu mugitzen garen gizarte-errealitatera ekartzen baditugu, berdintasuna lantzeko testuinguru konplikatu samar bat erakusten digute, baina horrek ez du esan nahi berdintasuna lantzea ezinezkoa denik. Beharrezkoa dugu egunez egun sumatutako indarkeria matxista hori identifikatzea, arazo gisa duen garrantzia eman behar zaio horri, eta aurre egiteko modua bilatu; baina hori oraindik urrun daukagu, izan ere, CISek joan den ekainean argitaratutako azken barometroaren arabera, emakumeen aurkako indarkeria soilik biztanleriaren % 0,9 baten hiru kezka nagusien artean aurkitzen baita. Kontuan izanik, gainera, aurten dagoeneko 61 emakume erail dituztela.
Funtsezkoa da gaur egun gizonen eta emakumeen artean dauden desberdintasunekin loturik ikusgarritasun, kontzientziazio eta konpromiso handiagoa lortzea gizarte-eragile guztion artean, izan ere, bai hori eta bai sistema patriarkala ere, mundu osoko gizarte guztietan indarkeria matxistak dituen adierazpen ugarien sorburu eta beharrezko lehengai bilakatu baitira, eta zoritxarrez, kasu askotan, emakumeen erailketen arrazoi ere bai.
Ikusgarritasun, kontzientziazio eta konpromiso handiagoa erdiesteko bide horretan, herri-administrazioko, GKEetako eta gainerako mugimendu eta elkarteetako partaide garen pertsona guztiok, eta are edozein gizarte-kolektibotako kide eta herritar guztiok ere, erantzukizun bat dugu.
Eta bai, batzuek beren kezka agertzen dute, horrela onartzen dute, eta arazo horri aurre egiteko indarrak batzeko gogoa eta erabakitasuna agertu ohi dute. Farapi elkartean gure larruazalean bizi ahal izan dugu hori, esate baterako, ikerketa amaitu ondoren, ikerlan hori gizartera zabaltzearren probintziako kolektibo eta hezkuntza-eragileekin egin ditugun tailerretan, nerabeekin eta gazteekin abian jarriko diren dinamikak sortzen lan egin dugunean, baina baita Medicus Mundi Gipuzkoan ere, ikerketa eta heziketa helburutzat izan dituen prozesu honetan parte hartu duten udalerrietako udalekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin egin ditugun bileretan. Bai hezkuntza-eragileen eta herri-administrazioen kezkak eta bai gureak ere bat datoz, eta egindako azterlan horren ondorioetan laburbilduta daude.