


Mintegien lehen edizioa, 2016-2017 ikasturtean, medicusmundi Gipuzkoak eta Donostiako UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta burutu zen. Lehentasun bezala, unibertsitateko ikasleak jarrera matxista, sexista eta diskriminatzaileen inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea izanda; zehazki, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko (HEFA) eta Psikologia Fakultateko ikasleei.
2024-2025 ikasturtean abendutik maiatzera bitartean burututako azken edizio honi dagokionez, helburu nagusia jarrera diskriminatzaile eta sexistei ikuspegi feministatik eta zapalkuntzen intersekzionalitatetik aurre egitea izan da. Mintegi bakoitzak bi orduko lau saio izan ditu: lehenengo saio bat sexualitateari buruzkoa, bigarrena indarkeria matxistei buruzkoa, hirugarrena zapalkuntzen intersekzionalitateari buruzkoa, eta, amaitzeko laugarren saio bat, lehen aipatutako hiru gaietako batean sakontzeko, dagokion mailaren beharretara egokituz.
IX. edizio honetan, beste behin ere, HEFA eta Psikologia Fakultateetako ikasleek parte hartu dute. Guztira 558 ikasle, HEFAko gradu ezberdinetako 308 eta Psikologiako 205:
Hasteko, Psikologiako 3. mailako ikasgela guztiek hiru gaien inguruko bi saio landu dituzte: 2 sexualitateari buruzkoak, 2 indarkeria matxistei buruzkoak eta 2 zapalkuntzen intersekzionalitateari buruzkoak. Intersekzionalitateari buruzko saioekin hasi dira. Lehen saioan, teorikoagoa izan dena, teoria horren jatorria ezagutu dute, eta zalantzan jarri ahal izan dituzte pertsona batzuek beren ezaugarriengatik (generoa, arraza, klasea, etab.) dituzten pribilegioak edo jasaten duten diskriminazio sistemikoa. Bigarren saio batean, egunerokoan ematen diren jarrera diskriminatzaileak ekarri dira, hauek identifikatzen, prebenitzen eta/edo aurre egiten ikasteko; Ondoren, indarkeria matxistei buruzko saio teoriko eta praktikoarekin jarraitu dute. Saio horretan, genero-desberdintasunaren jatorri estrukturala aztertu dute, eta hainbat kasu praktiko ekarri dira, hauek nola prebenitu eta/edo hauen aurrean nola jokatu landuz; Azkenik, sexualitateari buruzko saio teorikoarekin jarraitu dute. Saio horretan, gorputz-ariketa batekin hasi ondoren, sexualitatea zer den eta sexualitateari dagokionez beren etorkizun profesionalean zer eskaini nahiko luketen hausnartu dute. Ondoren, egungo sexu-paradigma aztertu dute, sexualitatearen inguruan dagoen arau ikusezina, eta eredu osasungarriago, berdinzaleago eta anitzago bati buruz hausnartu ere. Eta, bigarren saio batean, aurretik jorratutako gaietan sakondu dute, kasu praktikoen, jarduteko irizpideen eta baliabide pedagogikoen bidez, besteak beste.
Magisteritzaren kasuan, Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasle guztiek indarkeria matxistei buruzko 2 saiotan, ezagutzak eta gogoetak landu dituzte, bai eta beren etorkizun profesionalerako baliabideak eskaini ere. Horretarako, lehenengo saio batean ezagutzak modu teorikoan jorratu dira, genero-rolak ulertuz eta indarkeria matxistei buruz sentsibilizatuz eta kontzientziatuz. Bigarren saioan, erasoei modu eraginkorrean aurre egiteko garapen profesionala errazten duten tresnak eskaini dira, eta saio hori praktikoagoa izan da. Era berean, hainbat gai jorratu dira, hala nola indarkeriaren zikloa, erasotzaileekin zer egin eta penalizazioaren ordezko justizia-mota desberdinak, hori guztia analisi eta eztabaiden bidez.
Pedagogia eta Gizarte Hezkuntza graduetako 1. mailako hiru gelei eta Gizarte Hezkuntzako 4. mailako bi gelei dagokienez, zapalkuntzen intersekzionalitateari buruzko bi saio izan dituzte, Luciana Alfaro Lavadoren eskutik. Lehenengo saioa, ikasleek intersekzionalitateari buruz zituzten ezagutzei buruzko sarrera batekin hasi zen. Ondoren, kontzeptu horren jatorriari eta definizioari buruz hitz egin zen, dinamika parte-hartzaile batekin eta hausnarketa kolektibo batekin jarraitu ahal izateko. Eta, amaitzeko, zapalkuntzen aldiberekotasunari buruzko informazio estatistikoa eman zen. Azken saioan, intersekzionalitatearen alderdi praktikoari hainbat dinamika eta hausnarketaren bidez heldu zitzaion.
Amaitzeko, Pedagogiako 4. mailako ikasleek sexualitateari buruzko saio bat izan dute, indarkeria matxistari buruzko beste saio bat, eta, azkenik, intersekzionalitatearen inguruan sakondu nahi izan dutenez, azken gai honen inguruko bi saio izan dituzte: lehenengoa, teorikoagoa, teoria horren jatorria ezagutzeko; eta, bigarrena, praktikoagoa, jarrera diskriminatzaileak identifikatzen jakiteko.
Argi dago partekatutako ezagutzak eta esperientziak oso aberasgarriak izan direla ikasleentzat eta irakasleentzat, ezagutza horiek ikaskuntza eta hazkunde pertsonal eta profesionalerako balio izan baitute.
Eskerrik asko IX. edizio hau posible egin duzuen guztioi. Jarrai dezagun elkar ikasten!