Osasun publikoko, gardentasun-arloko eta zientzia-komunitateko 19 erakunde eta profesionalek Diputatuen Kongresuan ‘Medikamentuak bidezko prezio batean’ legegintzako herri-ekimena (LHE) aurkeztu dugu. Ekimen horrekin, gure asmoa da Parlamentuari eta gizarteari proposamenak helaraztea, medikamentuen prezioak ezartzeko gaur egun dagoen sistema aldatzeko, osasun-arloan gardentasun-neurriak bultzatzeko, eta ikerkuntza eta prestakuntza independenteko funts bat sortzeko. Honako hauek dira LHEaren Batzorde Sustatzaileko kideak: Madrilgo Osasun Publikoaren aldeko Elkartea (ADSPM), Medikamentuen Bidezko Eskuragarritasunaren aldeko Elkartea (AAJM), Medikuntzako Ikasleen Estatuko Kontseilua (CEEM), Medicusmundi Elkarteen Federazioa, Civio fundazioa, C Hepatitisak Erasandakoen Plataforma (PLAFHC) eta Salud por Derecho fundazioa.
Arrazoi bat baino gehiago dago aurkezteko, LHEaren testuan salatzen dugunez. Alde batetik, azken urteetan etengabeko igoera ikusi dugu medikamentu berrien prezioetan, eta askotan prezio horien zenbatekoak ikerkuntzaren eta fabrikazioaren kostuez oso gainetik egon dira, C hepatitisaren kasuarekin eta eragin zuzeneko antibiralekin agerian geratu den bezala. Egoera horrek farmaziako gastuaren gehikuntza handia ekarri du berekin: hori dela eta, sistemaren iraunkortasuna arriskuan jarri da, medikamentuetan koordainketak sartu dira eta, ondorioz, milaka pertsonari tratamendu jakin batzuen eskuragarritasuna mugatu egin zaie.
Aldi berean, badira zenbait opakutasun-arazo Administrazio Publikoak ikerkuntza biomedikoan zuzenean edo zeharka egiten duen inbertsioaren inguruan eta industria farmazeutikoarekin aurrera eramaten dituen negoziazioen inguruan. Gardentasun-falta horrek administrazio publikoen, enpresa farmazeutikoen, mediku-eta paziente-elkarteen eta profesional sanitarioen arteko harremanei eragiten die, eta litekeena da hori interes-gatazkak sortzeko aukera bat izatea.
Hala, aldaketa batzuk proposatzen dira LHEaren testu artikulatuan, uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuan sartzeko (Sendagaien eta Osasun-produktuen Bermeen eta Erabilera Zentzuzkoaren Legearen Testu Bategina onartzen duena), osasun-administrazioen ahalmena indartzeko xedez, bidezko prezioak eztabaidatu eta ezarri ahal izan ditzaten albait gardentasunik handienarekin, beharrezko tratamenduen eskuragarritasuna ahalbidetuta eta osasun-sistema publikoak iraun dezan arriskuan jarri gabe. Horrez gain, proposamenak neurri batzuk jasotzen ditu, medikamentuen eskuratze-prezioak jendartean ezagutarazteko.
Halaber, LHEak proposatzen du medikamentuen ikerkuntza publikoa eta profesional sanitarioen prestakuntza independentea bultza daitezela, funts bat sortuz horretarako, interes-gatazkak saihesteko eta berrikuntzak erabiltzeko aukera hobetzeko, preskripzio egokia bermatuta eta behargabeko medikazioaren ondorio negatiboak murriztuta horrela. Proposamenean, industria farmazeutikoak erakunde eta profesional sanitarioei egiten dizkien ordainketen erregulazioa jasotzen da, gure inguruneko beste herrialde batzuen ildotik.
Kongresuko Mahaiak LHEa onartzen badu, erakunde sustatzaile zein atxikitako erakundeek bederatzi hilabeteko epea izango dute 500.000 sinadura biltzeko, Diputatuen Kongresuan eztabaidatzea ahalbidetzeko. “LHE hau erregistratzean, batetik, debate sozial bati hasiera eman nahi diogu, herritarrek jakin dezaten zer egoeratan dagoen gure Estatuko Osasun Sistema. Bestetik, debate bat sortu nahi dugu Diputatuen Kongresuan, industria farmazeutikoarentzat bakar-bakarrik onuragarria den joko baten arauak aldatzeko”, adierazi du Damián Caballerok, C Hepatitisak Erasandakoen Plataformako presidenteak.
Erakundeok gogorarazi nahi dugu, gaur egun praktikan betetzen ez den arren, osasuna babesteko eskubidea nazioarteko legedian nahiz Espainiako Konstituzioan jasota dagoela. “LHEaren bidez, erakundeok onena lortu nahi dugu gure Estatuko Osasun Sistemarentzat, haren iraunkortasuna eta kalitatea bermatzeko, eta publikoa, doakoa eta unibertsala izaten jarrai dezan. Ikerkuntzako eta medikamentu-garapeneko sistema garden bat nahi dugu, etikoa eta herritarrentzat onena lortzearren diharduena”, esan du Laura Martínezek, Medikuntzako Ikasleen Estatuko Kontseiluko presidenteak.
Batzorde Sustatzailea: Madrilgo Osasun Publikoaren aldeko Elkartea (ADSPM), Medikamentuen Bidezko Eskuragarritasunaren aldeko Elkartea (AAJM), Medikuntzako Ikasleen Estatuko Kontseilua (CEEM), Medicusmundi Elkarteen Federazioa, Civio fundazioa, C Hepatitisak Erasandakoen Plataforma (PLAFHC) eta Salud por Derecho fundazioa.
Profesionalak eta zientzia-komunitatea: Luis Montiel katedraduna (Osasunerako Eskubidearen eta Medikamentuen Eskuragarritasunaren Berariazko Unibertsitate Katedra) eta José Luis Rodríguez Agulló doktorea (hepatologoa).
Atxikitako erakundeak: Apoyo Positivo, Murtziako Eskualdeko Osasun Erabiltzaileen Elkartea, Garapenerako Lankidetzako Erakundeen Koordinakundea, Farmacritixs, Farmamundi, Familia Plangintzako Federazioa, Nazioarteko Garapenerako Medikuntzako Ikasleen Espainiako Federazioa, Grup del Medicament de la Societat Valenciana de Medicina Familiar i Comunitària, No Gracias, Osasun Publikoko Espainiako Elkartea (SESPAS).