Berriak

(#COVID19) INDIA: Osasun erakundeekin koordinazioa eta janari banaketa
20 apirila, 2020
COVID19ri aurre egiteko tratamendua edo txertoa “derrigorrezko lizentziatzat” edota “patente-desjabetzetzat” jo behar da.
27 apirila, 2020
Dena ikusi

(#COVID19) PERU: indarkeria arriskuan dauden emakumeei arreta handiagoa konfinamendu garaian


Indiako gure kooperanteak kontatzen zigunaren ildotik, Perun tokiko bazkide dugun Manuela Ramos Mugimenduko kideek esan digutenez gobernuak erabakitako neurriek “ustekabean hartu gintuzten; ostiral batean irten ginen gure lantokitik eta ezin izan dugu oraino itzuli”. Egoera honek lan egiteko moduak gauetik goizera aldatzera behartu ditu, Gipuzkoan eta lan egiten dugun beste herrialdeetan gertatu zaigun bezala, zeren “indarkeria matxistak ez du etenik” dio Elga Ramosek, Peruko gure tokiko bazkidetzako kideak. “Orain emakumeek nahitaez eman behar dituzte eguneko 24 orduak beren erasotzaileekin; osasun zerbitzuek koronabirusari bakarrik erreparatzen diote, eta sexu eta ugalketa osasunari lotutako ezinbesteko zerbitzuak bazterrean geratu dira (erditzeen arta, metodo kontrazeptiboak, sexu indarkeriari arreta, larrialdiko kontrazepzioa, abortu terapeutikoa, etab.)”.

Hezkuntza birtualizatu egin da, baina arrakala digitala hain da zabala ezen hesi gaindiezina dela, nola nabarmen utzi genuen “El amor es algo bonito que se controla online?” ikerlanean. Krisia sortu da ingurune digitalen erabileran zaildu gabeko irakasleekin, eta baliabide digitalik eskuratu ezin duten ikasleak erronka bihurtu dira. “Baldintza horietan hezkuntza eskuratzeko ahalegina pribilegio bat da orain, eta ikasle asko dabiltza auzoen etxeetara joaten klaseak jaso eta lanak egiteko, eta amak ere wifi sareen bila aritzen dira etxerako lanak begiratzeko” dio Elga Pradok.

Badio, halaber, irakasleak indarkeria handia ari direla sumatzen. Ikasleek kexuak helarazten dizkiete bizi duten indarkeriaz, baina baita haien amen aurka ematen ari denaz ere; gauzak horrela, hainbat irakaslek laguntza eskatu diote Manuela Ramos Mugimenduari, ez jakinda egoerari nola aurre egin. Ikasmaterialak ere eskatzen dituzte, tresna digitalen erabileran laguntza, eta abar.

Berriki, Emakumearen Ministroak zioen ezen indarkeria prebenitzeko Peruk Sexu Heziketa Integrala behar duela genero ikuspuntuarekin, eta Hezkuntza Ministerioak Manuela Ramos Mugimenduari hots egin dio hitzarmen bat sinatzeko, “beste testuinguru batean bideraezina zatekeen zerbait” dio Elga Pradok.

Bestalde, dio Elgak Perun oro har egoera erabat zalantzazkoa dela. “Uste dut oraindik pandemia hasi besterik ez dela egin, baina gaina hartzen ari zaigu. Ospitaleak kolapsatuta daude. Ucayalin bada populazio indigena birusarekin. Jende askok ez du bakartze agindua betetzen. Biztanleriaren % 73k eremu informalean lan egiten du eta egoera kritikoan dago, eta, ondorioz, exodo masiboak gertatu dira Limatik beren hirietara eta beste hirietatik landara. Milaka lagun dabil, familia osoak, oinez errepide nagusietatik beren jaioterrietara lekualdatzen.

Populazioaren oinarrizko beharrak betetzerakoan, Elgak esan digunez “gobernuaren ahalegin guztiak bonu eta janari saskiak banatzen ez dira aski izaten ari. Ez ditu populazio pobreenak iristen –eta haietariko askorekin egiten dugu lan–.

Maila guztietan jarduerak

Horregatik guztiagatik, Manuela Ramosetik maila guztietako hainbat jarduera sustatu dituzte:

  • —Diru bila dabiltza lan egiten duten populazio zaurgarriari babesa emateko, beren egoera larriagotu egin baita. Bonu ekonomikoak eman zaizkie San Juan de Mirafloresko familia nerabeei eta beste hainbat talde zaurgarriri.
  • Medicus Mundi Gipuzkoaren laguntzari esker, lan egiten dugun hiru eskualdeetako (Lima, Ayacucho eta Ucayali) hezkuntza erakundeetako 470 familiari elikagaiak helarazi zaizkie, ahal den neurrian arintzeko bizitzen ari diren premia.
  • Enpresa pribatuekin gestioak egiten ari dira familia zaurgarrienei higiene menstrualeko sortak, gel antiseptikoa eta xaboiak helarazteko.
  • Emakumearen Ministerioarekin hainbat ekintza antolatzen ari dira indarkeria prebenitzeko komunikazio kanpaina batean laguntzeko. Ekintza honetan bost boluntario elkarlanean ari dira Ministerioarekin biktimei telefono bidezko laguntza psikologikoa emateko.
  • Komunikazio kanpaina bizia egiten ari dira sare sozialen bitartez indarkeria matxista prebenitzeko eta gertatzen dena kontatzeko.
  • Eskuarki lan egiten duten ekintzaile eta gizarte erakundeekin zaintza sare bat aktibatu da erne egoteko ezein urraketaren aurrean eta dagokion erantzuna emateko. Familia amak, lider komunalak, nerabeak eta irakasleak erne daude ezein gertaera dela, eta agintariak mugiarazten dituzte kasu bakoitzari erantzuteko.
  • Laguntza eskaintzen ari zaie bai irakasleei bai amei arrakala digitala gainditzeko.

 

Iruzkinak itxitak daude.