Berriak

“Gaur egun, Brasilen, Estatua LGTBI kolektiboaren etsaia da”
26 azaroa, 2019
“Sexualitatea, Generoa eta Garapena” (Sexu eta ugalketa osasunari buruzko XX. Kurtsoa) EPEA LUZATUTA!!! IZENA EMAN MARTXOAREN 7 ARTE!!!
6 otsaila, 2020
Dena ikusi

“Eredu neoliberalarentzako dena da merkantzia, arbasoen medikuntzatik gure gorputzak bitarte”


Lolita Chávezi elkarrizketa.

Feminista komunitario, herri hezitzaile eta bizitzaren, lurraldeen eta emakumeen defendatzaile bezala definitzen du bere burua. Maya k´iché herriko kide bezala, bere borroka natur baliabideen defentsan diarduten jatorrizko herrien erresistentziaren adibidea dugu, eta bizitza naturarekin zeharo lotzen duen kosmobisio bat dauka. Halaber, izaki guztiek bizi duin bat izateko duten eskubidea defendatzen du.

Enpresa hidroelektriko eta meatzaritzako transnazionalen aurka borrokatzeaz gain, Guatemalako komunitateak beraien lurraldeen bermilitarizazioa jasaten ari dira, eta beraien eskubideak eta kultura suntsitzen ari den garapen ekonomiko bati ere aurre egiten ari dira. Erresistentzia honen borrokarako, emakumeen parte hartzea eta buruzagitza guztiz garrantzitsuak dira, baina aurre egiten dieten interesak oso boteretsuak dira, eta Lolitak berak oso ongi ezagutzen du borroka honek daukan kostua: hainbat salaketa izan ditu eta hainbat bider saiatu dira bera hiltzen.

Giza eskubideen defentsan egindako lanagatik Ignacio Ellacuria 2017 saria jaso zuen, eta urte berean Sajarov sarirako ere izendatu zuten.

Zein da Guatemalako testuingurua herri indigenei dagokionez? Uste duzu Guatemalako jendea bere jatorria ahazten ari dela?

Gure herriak komunitateaz diardu. Ez dugu bizitza duinik ulertzen komunitatetik at. Lurralde aldaketak ere eragin behar ditugula esaten dugu, baina beti ere komunitatean; zeren eta ez baldin badugu komunitatea indartzen, arazoa oso sektorekatua egongo baita, eta oso klasista eta indibidualista izango da. Izan ere, sistema neoliberala eskubide indibidualistekin inposatzen da eta ez ditu jatorrizko herrien eskubide kolektiboak indartzen. Horregatik hitz egiten dugu plurinazionalitateek eta disidentzia sexualek bizitzaren sarearekin daukaten harreman sakonaz. Garrantzitsua da jakitera ematea planteamendu hau lurraldekotasunetik datorrela eta gaur egungo testuingurutik. Herriok badakigu testuinguru historizatuak mugimenduan daudela. Ez gara herri estatikoak, eta garrantzitsua da hau aitortzea.

Zer suposatzen du zuen herrientzat eredu neoliberala aurrez-aurre edukitzea, hain globalizatua eta indartsua?

Garrantzitsua da daukagun bizi eredua. Eredu neoliberalarekin ezin dugu burujabetasun prozesu bati buruz jardun, edo eta Lurrarekiko harremanari buruz; ezinezkoa da. Eredu neoliberalean, adibidez,  osasuna ere ezin dugu errebindikatu, eredu neoliberalean dena baita merkantzia, arbasoen medikuntzarekin hasi eta gure gorputzak bitarte. Eta guk ez dugu sistema kapitalista neoliberalaren emaitza izan nahi, ezta ustezko feminismo pribilegiatuen ondorio ere, zeinen agendak Munduko Bankutik planteatzen baitira, munduko botereetatik edo eta pribilegio intelektualen begirada hanpatuetatik. Izan ere, hauek min asko egiten dute dakarten bazterkeria, esklusio eta arrazakeria sakonekin. Feminismo antirrazistez ere ari gara. Izan ere, feminismoak izan izango dira eta emantzipatuko dira antirrazistak badira; hala ez badira, ez gara ari feminismo iraultzaileei buruz.

Zeintzuk dira orduan zuentzat lehentasunezko borrokak?

Gure ibilaldian, epe motzeko eta epe luzeko borroketan gabiltza. Beti diogu patriarkatuak erori egingo direla, eta neoliberalismoak denbora laburra duela; baina kontu handia egin behar zaio neoliberalismoaren berplanteamenduari, berkokatzeari eta berregokitzeari. Kapitalismoa kolonizazioaren ikuspuntutik ikusten baita, Espainiatik Guatemalara iritsi zen inbasioaren baitan. Hori da izan behar dugun arreta eta alerta, izan ere, gure formak, moduak, adierazpenak erabiltzen dituzte. Adibidez, Abya Yalari buruz hitz egiten dugunean, bizitzaren sarearen inguruan eta bizitza onaren inguruan hitz egiten dugu; baita arbasoei buruz, arbasoen medikuntzaz eta beste adierazpen batzuez ere. Baina kontu asko izan behar da, izan ere merkantilizazioak adierazpen hauek kapitalizatzen ditu. Horregatik, gure borrokek iraultzaren errebeldia eta erresistentzia izan behar dituzte erreferentetzat. Oso begirada kritikoa eta autokritikoa izan behar ditugu lurraldeen eta mugimendu hauen espresioei dagokionez.

Esan nahi duzuna da argi izan behar dugula nondik hitz egiten dugun? Non kokatzen garen?

Itxaropen bat daukagu, eta ez soilik feministek, edota herriek, edota Ama Lurraren alde borrokatzen garenok. Bada itxaropen sakon bat gizateriarengan dar-dar egiten, beldurrez ordea errepresio, tortura eta esterminio planek eragindako ondorioiei. Horregatik, lurraldeak sendatu behar dira, lurraldeen garbiketak eginez eta baita gure izatearen garbiketa bat eginez ere; horrela, kosmoizate bat garatzeko aukera izango genuke, antisistemiko bihurtzeko aukera ere izanez. Ez da sinetsi behar legeak bai edo bai bete behar direla herrialdearen aldeko legislazio batek dioelako, hori ez baita existitzen; faltsua da. Izan ere, legeak enpresak eta potentzia mundialak dauden Estatu-Nazioetan daude; eta hauek adierazpen multimilioidunen alde dauden legeak dira, multinazionalen aldeko legeak, hain zuzen ere.

Zer suposatzen du Estatu batek “amore ematea” enpresa jakin batzuen interesen alde?

Hori argi badugu, multimilioidunen adierazpen maltzurrak ere ezagutuko ditugu, zeintzuek egoera bat nahi baitute sarraskitzen jarraitzeko oztopotzat gaituzten herriak. Neoliberalismoarentzako eta multimilioidunentzako, gaur egun, Lurrarekin lotura izatea traba  baita. Baina beraiek ere traba dira jatorrizko herrion ibilbidearentzako. Beraz, ezin bestela egin indartsu eta errebelde ibiltzea baino, beti ere bizitzarekiko maitasun handiaz; eta hori gure arbasoekiko belaunaldiarteko konpromezuarekin josi daiteke. Garrantzitsua da gure gaur egungo planteamendua, baina garrantzitsuak dira ere gazteriaren planteamendu sakonak, posizionamenduak eta agendak. Gazteria jakituna dela pentsatu behar dugu; eta errebeldea izateaz gain, mundu hauentzako emantzipaziorako proposamenak dituela.

Zure borroka herri indigenen aldekoa da; baita Ama Lurraren, natur baliabideen eta emakumeen eskubideen aldekoa ere. Ekofeminismoaren olatuan al zaude?

Niri, printzipioz, planteamendu sektorialeko adierazpenek apur bat deseroso jartzen naute eta kezkatu egiten naute. Garrantzitsua da jakitea  nola definitzen eta autoizendatzen dugun geure burua gure epistemologia propiotik, adierazpen horien baitan nola autoantolatzen garen jakitea (gure lurraldeen askapenari dagokionez, baita gure izatearen askapenari dagokionez ere). Ni feminista komunitarioa naiz, baina bizitzaren defendatzailea ere banaiz, eta lurraldearen babeslea ere bai. Gainera, nire kosmogonia maiarekiko atxikimendu sakon bat ere badaukat. Beraz,maia k’itche’, feminista komunitarioa, feminista Abya Yala eta defendatzailea naiz. Horrela definitzen dut nire burua. Ekofeminismoarekin edo defendatzaile ekologistarekin  lotzen nauten tituluak, izenak eta adierazpenak agian akademiatik datozen adierazpenak dira, akademia baita titulu horiek aitortzen edo ematen dituena.

Beraz, bakoitza nola definitzen den errespetatu behar da, ezta?

Niri, nik bizi izan dudan moduan izendatzea gustatuko litzaidake. Beste adierazpen batzuk ere agurtzen ditugu: borroka berdea, edo esplotazioen aurkako olatua, eta errespetatu egiten ditugu, beraien kosmoizatea (beraiek definitu nahi diren modua) errespetatzea ere oso garrantzitsua baita guretzat. Nola guri interesatzen zaigun errespeta diezaguten guk geure buruari emandako izena, hala berean errespetatzen dugu nola izendatzen diren mundu honetako feminismoak; agurtzen ditugu.  Nola definitzen garen, ekitearen eta mugimenduaren adierazpena da; kokatze bat bizitzaren sarearekin lotuta dagoena, sakonki lotua gorpuzte historizatuarekin, feminista erreferentzat gure arbaso komunitarioak izatearekin, agian beren buruei izendapenik eman gabeak, baina izan, izan zirenak. Erreferentziak ematen dizkigutenen irakaspenak dira, baita lurralde defendatzaileen adierazpenak ere, Berta Caceres dugu horren adibide, edo jasotako ondareen beste adierazpenak.

Komunitarioaren barruan esaten dugun beste gauza bat da antipatriarkalak, antirrazistak, antineoliberalak eta antikapitalistak garela. Horri mendebaldean ekofeminismoa deitzen baldin badiozue, guk hori ere agurtzen dugu. Baina Europan ekofeminista deitzen banaute niri horrek ez dit ezer mugiarazten. Nik uste dut batik bat egiten ditugun ekintzak, mugimenduak eta antolakuntza garela. Historiak gara, desberdintasunen kontra borrokatzen dugu eta agenda politikoei zeharo loturik dauden adierazpenak gara. Gu, beheko feminismoekin identifikatzen gara batik bat, bizi estilo ezberdinekin zerikusia duten feminismoekin eta emantzipazioarekin loturik dauden adierazpenekin.

Azken finean, diskriminazioen, opresioen eta, beraz, borroken arteko intersekzio bat dago. Nola egiten da guzti hauek batzeko? Posible al da?

Bai, Guatemalan, Abya Yalako gainerako beste lurraldeetan bezala, enpresa transnazionalen presentziak lotura gaizto eta zitala dauka; horrez gain, Estatu-Nazio entregistak, Estatu-Nazio kolonizatuak, narkotrafikoko ekintzekin lotutako Estatuak eta ustelkeriari zeharo lotutako funtzionarioen adierazpenak ere badauzka. Hor daude Abya Yalan inposatzen diren legeen logika maltzurrak. Izan ere, ez da doakoa mehatzaritzan ari den enpresa bat jatorrizko herriak dauden lurraldean sartzea eta bertan kokatzea; ez da doakoa espainiar enpresa batek bere enpresa hidroelektrikoa bertan jartzea. Sartzea lortzen badute, potentzia mundialen errepresiorako adierazpen gogorrak dituztelako da; izan ere, potentzia mundial hauek dira lurralde hauen inbasiorako estrategiak antolatzen dituztenak, adierazpen historiko garrantzitsuak baitituzte. Izan ere, gure lurraldeetara iristen diren enpresek, lurralde hauekiko lotura historiko bat dutelako ere egiten dute. Adibidez, Florentino Perezengatik diot hau. Izan ere, bere enpresa duela urte batzuk iritsi zen Guatemalara, eta hemengo enpresa batekin lotura duelako ezarri zen hemen, Bush Gutierrez familiarekin harremana zuelako, hain zuzen ere. ­­­­

Beraz, enpresek lotura historikoak ere erabiltzen dituzte zuen herrialdean sartzeko eta bertan kokatzeko.

Garrantzitsua da historia ezagutzea. Bush Gutierrez familia 1920an iritsi zen Guatemalara. Dionisio Gutierrez espainiar migratzaile bat izan zen, loturak izan zituena oligarkiarekin, koloniako familiekin, kreole (criollo) familiekin, Guatemalan deitzen diegun moduan. Familia horrek bere enpresa sortu zuen, orain ustez Guatemalan dagoena. Gaur egun, Florentino Perezen enpresa, espainiar enpresa hidroelektrikoa, Guatemalan sartzeko beraien antzeko jendearen bila aritu da, erreferentziatzat daukan jendearen bila, hain zuzen ere. Beraz Bush Gutierrez familiarekin harremanetan jarri zen. Baina familia honek, kriminalizaziorako estrategiak ere badauzka eta hori da guk ezagutzera ematen duguna. Hori dela eta, barne etsaiak garela esaten digute, gu ez baikara isiltzen, isiltasuna hausten dugu gure historiaren eta arbasoenganako konpromisotik. K´ichen ezagutzera eman dugu egitura kriminalek eta sare kriminalek izen eta abizenak dituztela. Guatemalan gertatzen ari diren utzarazte, atxilotzeko agindu, estigmatizazio, komunikabideen bidez jasotako erasoen…. berri eman dugu. Gauza hauek gertatzen dira egitura kriminalak daudelako, adibidez, k´iche komunitatean jasan ditugun erasoak, edota niri zuzenean egin dizkidaten erasoak… Egin diren analisi eta peritaje batzuen ondorioz, ikus liteke proiektu kriminal politikoetarako sare lokalak daudela; ustelkeriarekin zuzenean lotzen diren sareak, inpunitatearekin lotutako sareak, hau da, sare kriminalak. Sare hauek poliziak eta armadak babesten ditu, eta hauek oso aurrekontu potentea daukate, osasungintzak baino gehiago. Horrez gain, eliza ebanjelikoarekin eta protestantearekin loturiko adierazpenak ere badaude. Beraz, argi dago enpresa multinazional hauek gure lurraldean sartzea lortu dutela egitura hori4ek denak alde dituztelako, eta ez herriek onartu ditugulako.

Kontrara, enpresa mota hauek bertaratzeari eta dakarten sistema neoliberalari borroka egiten diozue…

Leku guztietan daude gure bizi estiloa defendatzen duten lubakiak eta garrantzitsua da kosmobisio ezberdinak ezagutzea analisi sinplista bat ez egiteko. Izan ere, uste da Herriak garela gure bizi eredua aldatzen ari garenak, komunitateak garela aldaketa eta garapena bilatzen ari garenak lana egin nahi dugulako, osasuna nahi dugulako, edota hezkuntza sistema bat nahi dugulako. Hori ari dira esaten Munduko Bankuaren enpresak.

Argi diozun bezala, zuen komunitateek ez dutelarik garapena modu horretan ulertzen…

Hau garapen faltsu bat da, emaitzak iraingarriak baitira. Nola nahiko dugu Guatemalan garapen modu hori Nazio Batuek beti lurralde pobre bezala definitu izan gaituztenean? Emaitzak pobrezia, suntsipena eta heriotza dira, eta ez dugu hori nahi. Bizitza nahi dugu, eta bizi duin bat; gure lurraldeetan eta gure ereduekin. Hori da nahi duguna, eta hori bilatu nahi izateagatik barne etsaiak garela badiote, orduan enpresak etsai frontalak izango lirateke. Defendatzaileak bakearen fronte-lerroan gaude eta horregatik hiltzen gaituzte, desagerrarazten gaituzte, horregatik daude gorrotozko adierazpenak eta horregatik erabiltzen dira demokrazia faltsuak lurralde hauek gatazka lurralde izendatzeko orduan. Ez gara gatazka lurraldeak, bizitzaren adierazpenak gara, baina ez gaude ados enpresa handien etorrerarekin. Izan ere, dauzkagun elementu baliotsuenak hondatzen dituzte: ura eta Ama lurrari lotutako bizitza. Hainbat enpresa transnazional gelditzea lortu dugu, eta horretan jarraituko dugu, antolaketa komunitarioarekin eta borroka iraunkorrarekin.

 

 

 

Iruzkinak itxitak daude.