Berriak

Donostiako Parte Zaharreko kaleetan egingo dira medicusmundiren “Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren azken proba eta bukaerako jaia
20 apirila, 2018
Teknologia mugikorra genero-indarkeriaren aurkako tresna izango da Indian
3 maiatza, 2018
Dena ikusi

Las Lorocas taldeak irabazi du Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren seigarren edizioa


Larunbat honetan, apirilak 21, Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren seigarren edizioko azken proba eta bukaerako jaia egin dituzte Donostian Euskadiko hiru medicusmundi elkarteek. Donostiako Parte Zaharreko kaleetan proba burutu eta gero, bertako zenbait dendaren laguntzarekin, bukaerako jaia egin zen Kresalan, eta han banatu zitzaizkien sariak talde irabazleei.

Las Lorocas taldeak eskuratu du lehen saria, alegia, Erdialdeko Amerikara bidaian joatea, non taldekideek aukera izango baitute medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko. Bigarren sailkatuak, Txintxingorri taldeak, bidaiatzeko diru-laguntza bat jaso du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketa bi urtean behin antolatzen dute Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa), EAEko 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteei zuzenduta, lau kideko taldeetan parte har dezaten. Aurten lehiaketak proposatzen dituen lau proben bidez (esketx bat egitea, irrati-mezu bat grabatzea, kanta bat sortzea, eta sorpresazko azken proba), osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez gogoeta egiteko gonbita egin zaie. Proba-formatu horien bidez, zenbait galderari erantzun behar izan diete; esaterako, ea zer rol jokatu behar duten erakundeek osasun-sistemak sendotzeko edo ea ekitaterik ezeko egoerarik dagoen osasun-zerbitzuen erabileran. Helburua, gazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Halaber, beste eragile batzuk inplikatuz sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, Honduraseko Unibertsitate Nazional Autonomoko –medicusmundi bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteetako bat– familia-osasuneko taldeetako zenbait ikasleren, eta Haziak arabar musika-taldearen eskutik.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren seigarren edizio hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud” proiektuaren bigarren fasearen barruan kokaturik dago.

Iruzkinak itxitak daude.