Berriak

(#COVID19) Elkartasuna da erantzuna
15 apirila, 2020
(#COVID19) PERU: indarkeria arriskuan dauden emakumeei arreta handiagoa konfinamendu garaian
23 apirila, 2020
Dena ikusi

(#COVID19) INDIA: Osasun erakundeekin koordinazioa eta janari banaketa


Martxoaren 24an, Indiak dekretuz agindu zuen jardueraren erabateko etena 21 egunez. Epe hori amaituta, lehen ministroak hanbatetan iragarri du etenaren luzapena; ezagutzen den azkena maiatzaren 31 bitartekoada. Halere, arintze prozesua hasi dute.

Lehen eten erabatekoa 4 ordu eskasekin iragarri zuten, eta denbora tarte labur horrek kaosa eragin zuen herrialdean. Ez da ahaztu behar Indiak duela migratzaile gehien landa lurretatik hiri handietara. Gehientsuenak jornalariak dira eta eguneko soldata besterik ez dute bizitzeko, eta orain, ezin lan eginda, beren etxeetara itzultzen saiatu dira.

Garraioa osorik geldi dagoenez, jende ilara handiak sortu dira oinez beren bizitokietara itzultzeko 300 eta 400 kilometro urrun, jatekorik gabe, dirurik gabe…

Osasun sistema prekarioa

Osasun artari dagokionez, Indiako gure kooperanteak esaten digu gobernuaren osasun zentroek Covid19ari eman diotela lehentasuna, nahiz eta herrialdean oraindik ez den kasu askorik zenbatu. Kontuan hartu behar da herrialdean biztanleko ohe eta osasun langile kopurua oso txikia dela, eta hirietara joan zirenak beren kimioterapia saioa jasotzera, adibidez, bertan harrapatu ditu itxierak eta hiri handietako garraio geltokietan amaitu dute, tratamendurik gabe, dirurik gabe eta etxera itzultzeko modurik gabe.

Egoera, dena den, egun batetik bestera aldatzen ari da. Apirilaren erdialdera, Karmeldar Misiolariekin izandako azken komunikazioan –Indian elkarlanean gabiltzan erakundeetako bat– esaten ziguten Narmada eta Surat eskualdeetako lau kontsultategiak irekita dituztela, zehazki Dediapada, Sagbara, Umarpada eta Relwan. Gobernua harremanetan jarri da beraiekin pandemiari aurre egiteko laguntza eske. Hala bada, baimena dute irteteko eta bisitak egiteko adivasi herrietara (herrialdeko biztanle zaurgarrienen tribu komunitatea), eta dirudienez ez da oraino Covid19 kasurik detektatu.

Arta kontsultategietan eta janari banaketa

Beren lanak herrietan bi zeregin nagusi ditu: batetik, orain kontsultategira joan ezin duen populazioari arta ematea, eta, bestetik, janaria banatzea. Halaber, ahizpen komunitate edo egoitzetan maskarak josten ari dira jendeentzako, eta kontsultategietara iristea lortzen dutenei tuberkulosi kasuetarako medikazioa ematen diete. Adivasi emakumeen antolakundeen entitatea –gure egitasmoetan partahartzaile duguna– jarduera hauetan laguntzen ari da, eta horrela herri gehiago ari dira arta jasotzen. Gainera, Umarpadan zehazki migratzaileen bi komunitateri laguntza ematen ari zaie, herrialdearen itxierarekin  egoera larrian baitaude.

Gure beste kontraparte bat –Santa Anaren Karitateko Ahizpak– janaria banatzen ari dira, Karmeldarrak bezala. Ankurren, Bombayren aldirietan, poliziaren baimena dute ateratzeko, eta poliziarekin elkarlanean janaria banatzen ari dira komunitate azaurgarrienetan. Andherin ere (probintzia etxea duten herria) janaria banatzen ari dira. Han biztanleak probintzia etxera bertara joaten dira janaria jasotzera.

Osasun erakundeekin koordinazioa

Shirampur da, Maharashtra estatuan –lan egiten dugun eskualdeetako batean– Covid19ak gehien kaltetutako eremuetako bat da. Han, Santa Anaren Ahizpak osasun erakundeekin koordinatuta ari dira lanean. Kongregazioak kudeatzen duen Saint Lukes Ospitaleak 50 ohe ditu prest Covid19aren sintomak bai baina konfirmatu gabeko kasuetarako. Barrutiko ospitale bakarra da Gobernuak bere osasun jardueren barne hartu duena. Eskualdean bestelako jarduerak ere egiten ari dira zailtasun gehien dituen jendea laguntzeko, herrialdearen itxiera dela eta, nola den janari banaketa. Halaber, eta osasun babeserako material gabezia dela eta, ahizpak osasun arropa eta bere desinfekzio egokia egiten ari dira.

Jarduerak orain eta etorkizunean

Medicus Mundi Gipuzkoatik, gure kooperantearekin batera, lagun egiten eta haiekin koordinatuki lan egiten ari gara erantzun eraginkorra emateko eskualdeko biztanleen egoera prekarioari. Egunean eguneko jarduerak lantzen eta planteatzen ari gara, eta etorkizunekoak pentsatzen, behin pandemiaren aurkako neurri hertsienak amaitzen direnerako. Besteren artean hauek:

— Ospitalean lehen lerroan dagoen osasun pertsonalarentzako babes materialaren erosketa.

— Egoera zaurgarrienean dagoen populazioarentzako tratamenduak lortzea, bereziki anemia dutenentzat, eskualdeko langile populazioaren parte baitira.

— Janaria eta/edo nekazaritza eta abeltzaintzako intsumoak banatzen laguntzeko mekanismoak martxan jarri, pandemia edo beste zioren bat tarteko beren iraupenerako nekazaritza jarduerak ezin eginda dauden populazioei helarazteko.

— Heziketa materialak sortu gure garapenerako egitasmoetan parte hartzen duten populazioekin kontzientziazio formakuntza saioak egiteko, pandemiari buruzko benetazko informazio ezagutu dezaten eta bere kabuz identifikatu ahal ditzaten eremu erdihiritarreko herrixka eta slum-etan (txabola auzoak) hedatzen ari diren informazio ez egiazkoak. Jarduera hau behin herrialdearen itxiera amaituta egin beharko da.

On line formakuntzak eta ebentoak

Asiar herrialdeko bertako gure beste bazkide den CREA taldeak etxetik lan egiten darrai. Munduko hainbat lekutan bezala, sare sozialak paper bikaina ari dira egiten oraintxe Indian; baita CREA ere, bere Instagram sarean iragarri baititu hainbat formakuntza eta ebento on line.

Halaber, beren web orrian argitara eman dute Covid19ari buruzko gogoeta bat*, hasten dena iazko apirilean Nepalen egindako Re-Conferencean lema izan zutenarekin, gure erakundea bertan izan zelarik: “Hemen gaude, elkarrekin birpentsatzeko, berrasmatzeko eta berrasteko”.

 

(*) Covid19ari buruzko CREAren gogoeta gazteleraz ere irakurri dezakezu.

 

 

Iruzkinak itxitak daude.