Ikerketa

portada_ar_ii_eusk

“Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean”

Ikerketa hau 2016ko otsailean aurkeztutako ( “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna. Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak”) txostenaren jarraipena da. Haren emaitzek behar bat agerian utzi zuten; alegia, nerabeek sare sozialetan euren harremanak nola kudeatzen zituzten aztertzeko premia antzeman zen eta hala egin da oraingoan. Gainera, ikerketa berriak aztertutako eremu geografikoa zabaldu du, Peruko hiru ingurutara hedatuz (Lima, Ayacucho eta Ucayali). Modu honetan, aniztasun geografiko handiagoa besarkatu da. Eta frogatu ahal izan da, errealitateak nabariki ezberdinak izan arren, mundu mailako problematika direla genero berdintasunik ezarekin zerikusia duten arazoak.

2016ko iraila eta 2018ko iraila bitartean Gipuzkoan eta Perun burututako bigarren ikerketa honen helburu nagusiak izan dira, batetik, maitasun erromantikoari dagokionez nerabeek online inguruan ohitura, balio eta usteak nola eraikitzen dituzten aztertzea; eta, bestetik, horiek ziberbortizkeriarekin duten harremana ikertzea, gazte eta nerabeen osasun integralerako suposatzen duen mehatxua dela eta.

portada_investigación_EUS

“Pribatizazioa eta euskal osasun-sistema publikorako sarbideko desparekotasunak”

Osasun-sistemaren pribatizazioa eta zenbait kolektibok osasun-laguntza izateko aukera-desparekotasunak eta bazterketa jasatea bi mehatxu argi dira herritarren osasunerako eskubiderako.

Ikerlan honen helburua da bi prozesu horiek Osakidetzaren kasuan (EAEko osasun-sistema publikoa) aztertzea, debate soziala pizteko xedez, eta antolakunde sozialei oinarritzat balio izan diezaien, osasun-sistema unibertsal, publiko eta kalitatedun baten aldeko eragin politikorako nahiz mobilizazio sozialerako.

UPV-EHUko Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldea (OPIK) eta Medicus Mundi Arabaren, Medicus Mundi Bizkaiaren eta Medicus Mundi Gipuzkoaren arteko partzuergoa egin zuten ikerlan hau.

“Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna. Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak”

Ikerketa hau 2014ko irailetik 2015eko irailera bitarte egin zuen Medicus Mundi Gipuzkoa, Farapi Koop. Elk. eta UPV/EHUko Antropologia Saila barne hartzen zituen lantalde batek.

Helburu nagusia zen Gipuzkoako 13 eta 18 urte arteko nerabe eta gazteek maitasun erromantikoaren inguruan zuten ideia-multzoa aztertzea. Ideario hori ezagutzeko interesa zen aurkitzea nola eragiten duten jokatzeko eta harreman afektibo eta sexualak ezartzeko eran amodioak eta sexuak sorturiko espektatibek, eta gazteen sexu- eta ugalketa-osasunarentzat kaltegarriak izan litezkeen jokabide eta jarrera jakin batzuk– indarkeriara ere iristeko modukoak– atzematea.