Ikastaroak

ets_curso_present

“Sexualitatea, generoa eta garapena” ikastaroa

2000. urteaz geroztik, eta UPV/EHUko Erizaintza Eskolarekin lankidetzan, urtero “Sexualitatea, generoa eta garapena” ikastaroaren edizio berri bat antolatzen dugu (Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Ikastaroa deitua lehenago). Sendotutako ikastaroa da unibertsitatearen prestakuntza-eskaintzaren barruan, eta UPV/EHUren Ibaetako campusean egiten da.

Ikastaroak 12 saio ditu, eta helburu hauek dauzka:

  • Ikasleak beharrezko analisi-tresnez hornitzea, sexu-eskubideen eta ugalketa-eskubideen ulerkuntza kritikorako.
  • Munduko emakumezko populazioaren zati handi batek eskubide horiek erabili ezin izatea eragiten duten faktoreak analizatzea.

Praktikak Perun

“Sexualitatea, generoa eta garapena” ikastaroan parte hartzen duten pertsonen artean, urtero lau pertsona hautatzen dira, praktika bekadunak egiteko Manuela Ramos mugimenduarekin, bi hilabetez, Perun.

“Sexualitatea eta maitasun erromantikoa deseraikitzea” mintegiak

Mintegi hauen helburu nagusia da jarrera baztertzaile eta sexistak prebenitzea, eta halakoei aurre egiteko estrategiak eta eduki pedagogikoak identifikatzea. Unibertsitateko eskola-orduetan ematen dira, irakasleekin zuzeneko lankidetzan arituz, eta, fakultate bakoitzeko errealitatera egokitzen diren arren, lau saio ditu, argi bereizitako bi zatitan:
  • Lehen zatian, sexualitatearen nahiz berdintasunezko sexu-harremanen funtsezko alderdiak hartzen dira aintzat, eta sexuaren inguruan zer-nolako espektatibak sortzen diren aztertzen da, eta halakoek nola eragiten dioten jokatzeko eta harreman afektibo-sexual onuragarri edo kaltegarriak ezartzeko erari.
  • Bigarren zatian, maitasun-idearioaren eraikuntza soziala sakonago aztertzen du, bai eta hark gazteen osasun integralean eta osasun sexualean duen eragina ere. “Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna” gure ikerketa funtsezko tresna bat da mintegien zati honetan.
Gaur egun, mintegiok UPV/EHUren Ibaetako campuseko Psikologia Fakultateko, Irakasle Eskolako eta Antropologia Fakultateko ikasleekin lantzen ari dira.