Apirilaren 17tik Ekuador berrogeialdian dago Covid19a dela eta. Ordutik ere indarrean da etxeratze agindua 14:00etatik 05:00etara. Konfinamendu honek herrialdean bertako bazkide dugun Desafio Fundazioari bere lan egiteko moduak aldarazi dizkio, eta jendeari eman beharreko laguntza sare eta plataforma birtualen bidez antolatu du:
Emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa
Martxoaren 29an, Desafio Fundazioak Twitterren kanpaina bat egin zuen #LoQueLasMujeresTenemosEnComun traolarekin. “Ekintza horretan izenburu bereko Bideo bat zabaldu genuen, Medicus Mundi Gipuzkoaren laguntzarekin, eta lamina eta mezu batzuk emakumeek berrogeialdian bizi duten arriskua aipatuz, haien aurkako indarkeriak ez baitu etenik” esan digu Virginia Gomez de la Torre Desafio Fundazioko kideak. Ekintza hau Twitteren bigarren joera izan zen Ekuadorren eta mezuak hurrengo egunetan ere bertuiteatu ziren.
“Oraintxe –dio Virginiak– beste bideo bat ari gara prestatzen haurrenganako sexu abusuen zantzu eta sintomak lantzen dituena, kontuan hartuta isolamendu garaiotan haurrak kalteberago direla halako egoerenganako; halaber, gure lanarekin bat datozen beste ziberaktibismo ekimen gehiago ari gara laguntzen, funtsean indarkeria egoerak salatzen dituztenak edo eta agintarien axolagabekeriak egoera haiekiko”.
Laguntzak, aholkularitza eta beste aktibismoak modu birtualean
Orain bertan informaziorako gune birtualen eztanda gertatzen ari delarik, Desafio Fundazioak gonbidapenak jaso ditu foro birtualetan parte hartzeko, klase magistraletan eta bestelako guneetan hizlari izateko eta haietara ideiak eta ekintza proposamen zehatzagoak ekartzeko. “Gune horietan –dio gure kolaboratzaileak– Amicus Curiae bat egiten lagundu dugu, Gorte Konstituzionalak gobernuari agindu diezaion baliabide gehiago emateko osasun zerbitzu publikoetan lanean dabiltzanak babesteko, eta #EnQueAyudo plataformako parte gara, zeinak zerbitzuak eta laguntzak eskaintzen dituen kosturik gabe”.
Informazioa eta kontentzioa krisi garaian
Egungo testuinguruan, erakundea laguntza eskeak jasotzen ari da Facebooken Messengerez, WhatsAppaz eta e-postaz. “Eskaera hauek zerbitzu zehatzak eskaintzen dituzten erakundeetara bideratzen ari gara, osasun profesionalengana edo eta guk geronek kudeatzen ditugu ikusten badugu erakunde publiko zein pribatuek ez dietela erantzunik eman”.
Ildo honetan, esan digute WhatsApp bidez Covid19 sintomatologia duten bi emakume eta gizon bat artatzen ari direla. “Eta indarkeria egoeran dagoen emakume bati lagun egiten ari gatzaizkio, salaketa jartzen duen bitartean”. Halaber, emakume bat bere erditzean aholkatu dute telefonoz.