Berriak

ReConference aurkezkpena
CREAren ReConference-a… Hiru jardunaldi mugimendu feministak birpentsatzeko
6 maiatza, 2019
Jornada política y salud
Medicus Mundik Bilbon mundu mailako hainbat aditu elkartuko ditu, aztertzeko zer rol jokatzen duten eraginak eta zaintzak osasunerako eskubidearen defentsan
18 ekaina, 2019
Dena ikusi

“Funtsezkoa da genero-ikuspegi feminista bat sartzea emakumeen osasunaren gainean hartzen diren neurrietan”


Beatriz Velardiez Modroño

Beatriz Velardiez Modroño

Maiatzaren 28a: Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna

Elkarrizketa Beatriz Velardiez Modroño Mujeres para la Salud elkarteko komunikazio-arduradunarekin

 

Bolada batean ari gara entzuten gelditzeko iritsi dela, feminismoaren laugarren olatuaren aurrean gaudela; haziz-haziz joan den mugimendu bat, hemen ez ezik, mundu guztiko hainbat herrialdetan ere bai. Espainiako estatuan, mobilizazio handiak bizi izan dira, abortatzeko eskubidearen alde 2013an, askatasunaren trena 2014an, estatu-mailako Azaroaren 7ko Martxa 2015ean, edo azkenaldiko greba feministak, 2018 zein 2019ko martxoaren 8an. Ez zen harritzekoa, beraz, eta duela gutxiko hauteskunde orokorren hitzordu garrantzitsuari begira, feminismoa berriz ere mobilizatzea, fundamentalismoen aurrerakadaren aurrean, nagusi den giro politiko suminduaren aurrean, eta emakumeen eskubideetan atzerakada gertatzeko arriskuaren aurrean. Guztira, 137 kolektibok izenpetu zuten manifestu bat joera feministako hainbat proposamen jasota, enplegua, zaintza, pentsioak, etxebizitza, osasuna, hezkuntza, sexualitatea, kontsumoa, mugak edo laikotasuna gai hartuta.

Manifestu horrek izenpetu zutenetako bat Mujeres para la Salud elkartea izan zen («Osasunaren aldeko emakumeak»). Hauteskundeen emaitzak mahai gainean ditugula jada, eta maiatzaren 28ko Emakumeen Osasunaren aldeko Ekintzaren Nazioarteko Egunaren harira, Beatriz Velardiez Modroñorekin, elkarteko komunikazio arduradunarekin, hitz egin dugu, manifestuan aipatzen ziren osasun-neurriez hitz egiteko, bai eta hasteko dagoen legegintzaldian neurriok abian jartzeko aukeraz ere.

 

Gehiago bizi gara, baina bizi- eta osasun-baldintza okerragoekin

-Osasunari eta feminismoari lotutako kolektiboa zareten aldetik, izenpetu zenuten proposamenetako bat izan zen osasun publiko eta unibertsal baten aldeko apustu erreala egitea eta osasun-politika guztietan genero-ikuspegia integratzea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), genero-desparekotasuna osasunaren determinatzaile argi bat da. Horrek esan nahi du genero-desparekotasunak emakumeei osasun okerragoa eragiten diela?

Bai, noski. Emakumeok urte gehiagoz bizi gara, baina bizi- eta osasun-baldintza okerragoetan bizi gara. Horren adibide bat da miokardio-infartuaren ondoriozko heriotza-tasa handiagoa izatea, duela gutxi Espainiako Kardiologia Elkarteak eginiko ikerketa batek frogatu duenez, 2010etik 2015era bitarteko aldirako; hala, frogatu egin du emakumeen artean infartuaren ondoriozko heriotza-tasa % 18 izan zela, eta % 9 gizonena, denbora-tarte berean. Halaber, Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, depresio exogenoak –hau da, ez kausa biologikoek, baizik kanpoko egoerek eragindakoak, depresio guztien % 80 halakoak direla– kasuen % 70ean emakumeei eragiten die, eta gizonei, aldiz, kasuen % 30ean. Gainera, emakumeen artean depresioaren karga % 50 handiagoa da, eta bada emakumeen desgaitasun-kausa nagusia munduko emakumeen artean, herrialde aberatsekoak zein garapen-bideko herrialdeetakoak izan. Mujeres para la Salud elkartean, hogeita hamar urte baino gehiago daramatzagu emakumeen osasunaren alde lanean, osasun mentalaren alorrean bereziki, eta egiaztatu dugu emakumeok gure bizitzako etapetan izaten ditugun egoerek eta bizi-baldintzatzaileek genero-depresioak sortzen dituztela, Ekitate Feministako Psikoterapian deitzen diegunez. Gainera, emakumeak indarkeria-egoerak bizi izan baditu (sexu-abusuak haurtzaroan, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren edozein indarkeria-mota, banaketa konplikatuak…), daitekeena da genero-sindromeak deriztegunak garatzea. Horretaz guztiaz Entre Nosotras osasun-espazioan jarduten dugu, emakumeen osasun mentalean espezializatutako zentro psikologiko batean, hain zuzen.  Hori guztia lotuta dago maila guztietako genero-desparekotasunarekin: genero-isuri bat medikuntzan eta ikerketa mediko eta zientifikoetan, gizonen gainean ikertu, eta ikerketon emaitzak emakumeetara estrapolatzea eragiten duena, biologikoki desberdinak garelarik; emakumeen kalterako diren desparekotasunezko bizi-baldintzak; genero-mandatuak direlakoak, bigarren plano batean gerarazten gaituzten horiek; eta, jakina, ezin ahaztu genero-indarkeria.

 

Gizonek baino pentsio txikiagoak dituztela, emakume erretirodunek koordainketak beren gain hartzeko ahalmen gutxiago dute

-Osasun publiko eta unibertsal baten eskakizun horren barruan, manifestua koordainketak bertan behera uztearen alde agertzen zen. Emakumeei ere desberdin eragiten diete?

Kontuan izan behar dugu pobreziak, askotan, emakume-aurpegia duela. Lan-merkatuan ere badago desparekotasuna, eta ez bakarrik kristalezko sabai edo soldata-desparekotasun ezagunak direla medio (batez besteko soldata % 29 txikiagoa da, gizonena baino). Emakumeok prekarietate handiagoa ere badugu, lan-merkaturatzeari dagokionez, eta lanaldi partzialeko enpleguen ehunekorik handiena hartzen dugu (% 76). Gainera, mendekotasun-egoeretan, zaintzaileak izateko joera dugu; horren ondorioz, gure lan-bizitza eten ohi dugu (familiakoak edo haurrak zaintzeko eszedentzien % 96 emakumeenak izan ziren 2016an). Horregatik guztiagatik, gure lan-bizitzaren bukaeran, gure pentsioak gizonenak baino % 36 txikiagoak dira. Ondorioz, guk ahalmen gutxiago dugu koordainketak gure gain hartzeko, eta berriz ere gure osasunari, eta gure bizitzari, kalte egiten dion desparekotasun bat gertatzen da.

-Kanpainan zerbait eztabaidatu zen beste gai bat da amatasun subrogatuarena. Gai horrek mundu guztiko hainbat emakumeri eragiten die. Gure elkarteak ere izenpetu zuen alokairuko sabelen gaitzespena, alokairuko sabelak kontratatzeari buruz informazioa eman nahiz halakoak kudeatzen diharduten agentziak zigortzeko proposatuta, eta halakoen inguruko publizitate eta ekitaldi oro debekatzeko. Nola ikusten duzu legediaren eboluzioa horren inguruan? Baikorrak zarete?

Kolektibo feministetan, urteak daramatzagu alokairuko sabelen aurka borrokan, praktika hori, gure iritziz, beste era bat baita emakumeen aurka indarkeria erabiltzeko eta gure gorputzak merkantilizatzeko, bai eta haurrak ere. Deigarri gertatu zait praktika horren aldekoek errealitatea “ezkutatu” egiten dutela, arauketa bat eskaturik, praktika hori dagoeneko araututa (eta debekatuta) dagoenean, Laguntza Bidezko Giza Ugalketarako Teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeko 10. artikuluan. Uste dut alokairuko sabelen aldeko kolektiboek duela urte batzuk indar handiagoa zutela, orain baino. Feministok egin izan dugun kontzientziazio-lan guztiak emaitza izan du, nire ustez, eta  praktika horren gaitzespen soziala gero eta handiagoa da. Halaxe espero dut!

-Bestalde, osasun publikoan emakume ezkongabeek eta lesbianek laguntza bidezko ugalketa izateko aukera ere eskatzen duzue. Printzipioz, gobernuak horren inguruko lege bat onartu zuen, baldintzak emakume ezkondu eta heterosexualenekin parekatzen zituena, aurtengo lehen hiruhilekoan indarrean sartu beharrekoa. Zer neurri falta dira orain eskatzen duzuen aukera hori bermatzeko?

Gure iritziz, hasteko, mekanismoak ezarri behar dira gardentasuna bermatzeko obulu-ematean eta laguntza bidezko ugalketarako tekniketan.

 

Ez gara indarkeria obstetrikoaren kontziente izan

-Amatasunaren gaiari helduz oraindik, manifestuak indarkeria obstetrikoa desagerrarazteko ere eskatzen zuen. Zer eskakizun dituzue arlo horretan?

Gai interesgarria da. Indarkeria obstetrikoa emakume askok pairatu dugun indarkeria-mota bat da, horren kontziente izan gabe ere, askotan. 2017. urtean, Mujeres para la Salud elkartean inkesta bat egin genuen indarkeria obstetrikoari buruz eta ginekologia-zerbitzuei buruz, eta lurralde guztiko 2.000 emakumek erantzun zuten; horrekin, Los servicios de ginecología que deseamos las mujeres txostena osatu genuen («Emakumeok nahi ditugun ginekologia-zerbitzuak»), lortu genituen erantzunak jasota. Txosten horretan agerian jarri genuenez, emakume inkestatuen % 49k esan zuten beren bizitzetan behin bederen indarkeria jasan izana sentitu zutela ginekologia-zerbitzuetan, eta ezetz erantzun zutenen beste erditik, askok egoera desatseginak igaro izana adierazi zuten galdera irekietan, bereziki jasotako tratuaren edo egindako prozedura medikoen aldetik. Halaber, ikerketa hartan emakumeei galdetu genien ez zerk aldatu behar zen zerbitzu horietan, eta erantzunen artean ageri dira lantalde medikoaren tratu humanizatu on bat, profesionalen prestakuntza integral eta eguneratua, begirunez eta sotiltasunez egindako jarduera eta prozedura medikoak, intimitatea errespetatuz eta minik eragin gabe, espazio fisiko nahiz tresna egokiak erabiliz… Horiek guztiak indarkeria obstetrikoa desagerrarazten lagunduko luketen faktoreak dira. Baina premiazkoenari bagagozkio, badira hartu beharrezko hainbat neurri, hala nola zesareen, eragindako erditzeen eta episiotomien tasak murriztea, altzari obstetrikoak egokitzea, desgaitasuna duten emakumeentzat bereziki, edo poliziak esku hartzea, haurdunaldia borondatez eteteko hainbat klinika akreditatutan, emakumeei eta profesionalei egiten zaien jazarpenaren aurrean.

 

Haurdunaldia borondatez eteteari buruzko legedian oso atzera egiteko mehatxua egon da

-Une batean asko aipatu zen gai bat, gero itxuraz desagertu dena, haurdunaldiaren borondatezko etenduran neskato adingabeen eta gaitasuna judizialki aldatuta duten emakumeen babesa indartzeko 11/2015 Lege Organikoari lotuta dago. Lege horrek autonomia kentzen die 16 eta 17 urteko emakumeei, haurdunaldia borondatez eteteko. Zuen ustez, legegintzaldi berrian gai hori berrartuko da?

Halaxe espero dugu, legegintzaldi berria hartzen ari den itxura kontuan hartzen badugu, batez ere. Hilabete gogorrak igaro ditugu horrekin lotuta, haurdunaldia borondatez eteteari buruzko legedian atzera, oso atzera, egiteko mehatxua zela medio, hain zuzen, Coalición Popular-ek aurkeztu zuen lege batera (1985ekoa), osasun publikoan abortatzeko eskubidea erabiltzeari traba asko jartzen zizkion lege batera, guztiz zail jartzen baitzuen (ezinezko ez bazen) eskubide hori osasun-sare publikoko zentroetan gauzatzea. Gero, Gallardón Legearen mehatxua ere izan genuen, baina hura ez zen azkenean onartu, feminismotik aurrera eraman genuen borrokari esker. Zorionez, egungo egoera politikoa aldatu egin da azken hauteskundeetan, eta emakumeek nahitako amatasun osasungarri bat aukeratzeko eskubidea gehien zaindu dutenek gobernatzen gaituzte.

-Manifestuaren beste alderdi interesgarri bat da gizonen eta emakumeen arteko erikortasun desberdina aintzat hartzeko eskaera. Zein gaixotasunek eragiten diete gehiago, edo beste era batera, emakumeei?

Hasieran aipatu dudanez, gaixotasun askok eragiten diete desparekotasunez eta desberdin emakumeei eta gizonei, miokardio-infartuak edo depresioek kasu. Badira beste gaixotasun asko emakumeen artean erikortasun handiagoa eragiten dutenak, edo bizi-baldintza okerragoak, beste faktore batzuen artean, gaixotasunaren sintomei antzematen ez jakiteagatik (sintomak desberdinak izan arren, gizonen gaineko ikerketen emaitzak emakumeetara estrapolatzea eragiten duen genero-isuria dela medio), edo sendabide egokirik aurkitu ez delako, emakumeen ezaugarri biologikoetarako. Gaixotasun horien adibide ditugu hipotiroidismoa, gaixotasun autoimmuneak, nahasmendu muskulueskeletikoak, neke kronikoa, fibromialgia, anemia, endometriosia…

 

Asaldagarria da generoko prestakuntza-gabezia

Osasun fisiko eta psikikoaren gaineko inpaktua prebenitzea eta artatzea ere aipatzen duzue mendekotasuna duten pertsonak edo gaixoak zaintzen dituztenen kasuan –zaintzaile horiek, hain zuzen, emakumeak izanik gehienbat–, genero-indarkeria jasan duten emakumeen kasuan, diskriminazioaren kasuan (desgaitasuna duten emakumeak, etorkinak, landa-eremukoak, adinekoak eta instituzionalizatuak), edo emakume prostituituen kasuan. Askotariko emakume-kolektibo batzuez ari gara. Badira orokorrean hartzeko moduko neurriak, denen onerakoak, ala kolektibo bakoitzaren arazoez banan-banan arduratu beharko litzateke?

Bi aukerak dira egokiak. Batetik, zeharkako neurriak daude, orokorrean har daitezkeenak eta emakume guztientzako onura ekar dezaketenak, hala nola arlo guztietan –eta, bereziki, emakumeen osasunean– sartu nahi dugun genero-ikuspegi feminista hori aintzat hartzea, ikuspegi horrek, hain zuzen, desberdin eragiten diguten bizi-baldintzatzaile horiek nahiz ezaugarri biopsikosozial horiek kontuan hartzera bultzatzen baitu. Eta, gainera, kolektibo bakoitzari banan-banan begiratu behar zaio, eta haietako bakoitzaren ezaugarri bereziak kontuan hartu; izan ere, hori gertatzen ez den bitartean, hipermedikalizatuta eta gaitzen jatorriak estaltzen jarraituko dugu.

-Azkenik, baina gutxienekoa izan gabe, aitzitik, manifestuak proposatzen zuen osasun-arloko prestakuntza eta ikerketa genero-ikuspegiz egiteko, eta genero-indarkeriaren arloko prebentzioan eta laguntzan nahitaezkoa izatea. Hori ia hutsetik hasi beharko litzateke, ezta? Beti entzuten da, behintzat, horren inguruan ia prestakuntzarik ez dagoelako kexa, osasun-zerbitzuek berek esanda baita ere.

Halaxe da, osasun arloan genero-ikuspegia duen prestakuntza eta ikerketa asko falta da, eta nahitaezkoa izan beharko luke, ez bakarrik genero-indarkeriaren arloko prebentzioan eta laguntzan lan egiten duten profesional guztientzat, emakumeekin eta haien ahalduntzearekin lotura duen edozein arlotan dihardutenentzat ere. Mujeres para la Salud elkartearen uste sendoa da behar hori badagoela, eta horregatik, 2015. urtean, ESEN eskola sortu genuen; bertan, Máster en la Psicoterapia de Equidad Feminista deritzon masterra («Ekitate feministako psikoterapiako masterra»), eta Malestares de Género («Genero-ondoezak») graduondokoa  –haien prebentzioa eta emakumeen osasun integralean duten inpaktua– ematen ditugu. Zehazki, azken horretan, zeharkako prestakuntza eskaintzen dugu beren eguneroko jardueran emakumeekin lan egiten duten emakume guztientzat, haien lanbide-adarra edozein izanik ere, genero-ikuspegi hori, beren lanbidean ez ezik, beren bizitzan sartu nahi baldin badute, funtsezkoa baita haiek berek deseraikitzea beren sineste sexistak, askotan ez baikara haietaz kontziente, lanean topatzen dituzten emakumeenak deseraiki ahal izateko. Asaldagarria da halako profesionalen generoko prestakuntza-gabezia, are gehiago kontuan hartzen badugu zer beharrezkoa den genero-indarkeriaren arloko prebentzioan eta laguntzan. Prestakuntza hori gabe, okerrak egingo ditugu ziur aski, hala nola biktimak birbiktimizatzea, sistemaren mendeko bihurtzea (eta hainbeste nahi duten ahalduntzea ez lortzea), eta beste asko.

Iruzkinak itxitak daude.