Berriak

“Sexualidatea, genero eta garapena” XVII. Kurtsoa
16 otsaila, 2017
“Merkataritza Libreko Itunek osasun arloa pribatizatzeko prozesuak bizkortzea ekarriko dute”
3 apirila, 2017
Dena ikusi

Manuela Ramos Mugimenduko kide Pilar Puenteri elkarrizketa: “Ikastetxeetan sexu-hezkuntza egotea bete gabeko eskaera bat da oraindik”


Duela hilabete batzuk atera zen berria Perun: San Juan de Mirafloreseko El Nazareno ikastetxeak (Pamplona Alta, Lima) nerabeen haurduntzak % 15etik  0ra murriztuta zeuzkan bere ikasleen artean, 10 urteko epe batean. Oraingo helburua: egoera hori herrialde guztira zabaltzea. Nerabeen arteko haurduntza-tasa handiak dira arazo nagusia Peruko aita-amen aburuz. Arazo hori –eta sexualitateari loturiko beste batzuk– konpontzeko funtsezko elementu bat litzateke herrialde guztian sexu-hizkuntza integrala ezartzea. Hori frogatzeko, Manuela Ramos Mugimenduak, Medicus Mundi Gipuzkoarekin lankidetzan, programa pilotu bat abian jarri du herrialdeko 14 ikastetxetan. Pilar Puentek, Manuela Ramos Mugimenduko Sexualitate eta Autonomia Fisikoko Saileko koordinatzaileak, azaldu digu nola lan egiten ari den El Nazareno ikastetxekoa bezalako lorpen garrantzitsuak lortzeko, han ere, hain zuzen, proiektu hau aurrera eramaten ari baita.

 

-Nerabeen haurduntza da Peruko aita eta amen kezka nagusietako bat. Zein dira halako kezka sortzen duten zifrak?

Osasunari buruzko azken inkesta nazionalaren arabera (2015ekoa), 15 eta 19 urte arteko nesken % 14 haurdun geratzen dira, edo badute ume bat. Hala ere, landa-eremuetan sakonago begiratuz gero, hango neska askok oinarrizko hezkuntza bukatu gabe daukatela eta pobrezia-egoera handiagoekin, daitekeena da datu hori % 40ra ere iristea.

 

-Eskolatzea, beraz, garrantzizko faktorea da ehuneko hori handitzeko edo gutxitzeko.

Hain zuzen ere, kalitateko hezkuntza lortzen ez duten nesken artean ari dira atzematen haurdun geratzen diren nerabe gehiago. Baina horretan sexu-hezkuntza funtsezkoa da, hezkuntza izate hutsak ez duelako halabeharrez ziurtatzen haurduntza-zifra horiek gutxitzea.

 

-Orduan, aurrera eramaten ari den programarako arrazoia da ikastetxeetan sexu-hezkuntza falta dela?

Beti lan egin izan da arazo hori sexu- eta ugalketa-osasunerako laguntza-zerbitzuen bidez konpontzeko, informazioa eta orientazioa emanez, bai eta metodo antikontzeptiboak erabiltzeko aukera ere. Baina neurri horiek ez dira nahikoak, nerabeen haurduntzen atzean dauden egiturazko arrazoiei heltzen ez bazaie. SHIa (sexu-hezkuntza integrala) tresna bat da neska-mutilek, informazioa ez ezik, trebetasun sozialak ere erabili ahal izateko, halakoen bidez gai izan daitezen beren sexualitatea era osasungarrian gauzatzea negoziatzeko, arriskurik gabe, eta indarkeriarik gabe. Zeren nerabeen haurduntza horietan eskubide-urraketak ere baitaude. Haien artean, ehuneko hainbat intzestuen eta bortxaketen ondorio dira, ez dira halabeharrez harreman onartuen ondorio.

 

-Aipatu dituzun horiez gain, zein beste egiturazko arrazoi nabarmenduko zenituzke, nerabeen haurduntzen tasan eragina dutenen artean?

Esaterako, neskei beren bizi-proiektuak garatzeko ematen zaizkien aukera urriak. Askotan, neska nerabeek berrekoizpen-funtzioak betetzen dituzten familia-ingurunean, mutilak ikastera edo etorkizunerako lanbide-arloan garatzera irteten diren bitartean. Neskak neba-arreba txikien kontu geratzen dira, bai aita, bai ama lanera joaten direlako, diru-sarreren sorrera oso txikia baita Perun. Gutxieneko soldata 850 sol da (240 € inguru), txikienetako bat Latinoamerikako esparruan. Egoera horretan, neskak sakrifikatzen dira. Eta, gainera, haurdun geratzen badira, are baztertuago geratzen dira ingurune horretan. Pobrezia eta desberdintasuna dira gakoa. Besta arrazoi bat da familia-unitatearen barruko indarkeria.

 

– Neurriren bat hartu dute administrazio-maila bateko edo besteko gobernuek, nerabeen haurduntza-zifra horiek murrizteko?

Egia esan, Peruko gobernuak 2008an orientazioko hezkuntza-ildo bat onartu zuen hezkuntza-erakundeetan SHIa ezarri ahal izateko. Baina, tamalez, politika hori ez dute zabaldu, eta murriztapen asko dauzka, hura diseinatzearekin batera ez delako halabeharrez aldatzen hura gauzatu behar duten pertsonen pentsaera. Horrek esan nahi du oso lan handia egin behar dela irakasleekin ikastetxeetan. Eta horixe egiten ari gara, eta ondorioz ulertu dugu lehenik eta behin sexualitateari buruz dituzten ikusmolde kontserbadoreak hautsi behar ditugula, halakoek eragozten baitute, hain zuzen, ikaskuntza-saio objektibo, zientifiko eta, batez ere, laikoak egitea.

 

-Dena dela, egiten ari den lana irakasleak berak gainditzen ditu…

Bai. Funtzionarioekin ere lan bat egin behar da, politika publikoak berrikusten diharduten pertsonekin. Sentsibilizatu egin behar dira sexualitatean genero-ikuspegia lantzeko funtsezkotasunaz. Haiekin sexu-eskubideez eta ugalketa-eskubideez eztabaidatu behar da, halakoak ere giza eskubideen artean egonik. Dibertsitate sexualaren kontzeptua sartu behar da, horrekiko fobia handia dagoelako. Badaude, esaterako, bullying homofobikoko kasu asko, eta batzuetan nerabeek –mutilek zein neskek– beren buruaz beste egin dute azkenean.

 

-Halaber, badago lan bat gurasoekin. Haiek sexualitateaz dituzten ikusmoldeetan ere haustura egon behar da?

Bai. Oso ideia zabaldua da promiskuitaterako joera izango dutela sexu-hezkuntza integrala hartzen duten neska-mutilek, sexu-harremanak izatera akuilatuko direla, jendearen kontzientzia kolektiboan oso errotuta baitago sexualitateaz hitz egitea genitalitateaz hitz egitea dela, sexu-jardueraz, sexualitatearen dimentsioa ez denean genitalez bakarrik hitz egitea, baizik eta harreman, sentimendu, emozio eta bizipenen multzo batez.

 

-Programak sexu-hezkuntza beste irakasgai batzuetan txertatzea du helburu. Nola sartzen da, adibidez, matematika-eskola batean?

Benetako erronka izan da, oso interesgarria. Prestakuntza-jarduerak egin ditugu irakasleekin, zenbait gaitasun garatu behar baitzituzten, datuak interpretatzeko eta analizatzeko, estatistikako taulak eta grafikoak egiteko, etab. Lan egin dugu material horiek sexualitateari buruzko datu jakin batzuen joera analizatu ahal izan dezaten. Esaterako, haien barrutian edo herrialdean nerabeen haurduntzaren datuak nola dauden, zer-nolako indarkeriak erasaten dien ikastetxeko mutilei eta neskei… Horrela, beren errealitatearen informazio horrekin jokatu dute, konparazioak egiteko ea mitoek nori eragiten dieten gehiago, mutilei ala neskei; zein diren nerabeen haurduntzen zifrak… Ikaskuntza-mota horren aberastasuna da neska-mutilak inguruari begiratzen hasi, eta datuek beren errealitatearen isla direla ikusten dutela, eta badaudela arrazoi batzuk, datu horietara eramaten dutenak. Arrazoi horiek desberdintasunari loturik daude, bazterkeriari, haziera-sistemei, eskubide-urreketari, gizonen eta emakumeen artean oraindik dagoen desberdintasunezko harremanari, gizon izan edo emakume izan, hazten edo balioesten diren modutik hasita.

 

-Programak bi urte daramatza jardunean, eta beste bat-edo falta da bukatzeko. Une honetan, bilakaera bat nabaritzen da, balioen eta jokabideen aldaketa bat mutilen eta nesken artean?

Bai. Lehen hezkuntzako neska-mutilek orain hainbat gai aztertzen dituzte dibertsitate sexualaz, abortuaz, indarkeria matxistaz, gorputzaren autozainketaz… Horrek adierazten digu gai hori ez dela tabua jada. Irakasleek ere aldaketa pertsonala egin dute. Sexualitateari, genero-berdintasunari, eskubideei buruz hitz egiteak beren praktika pertsonalak zalantzan jarrarazten dizkie. Eta konturatzen dira beren ikasleak ere gehiago ireki direla gai horien inguruan hitz egitera: aholkua eskatzen diete sexualitatearekin zerikusia duten gaiez, badakitelako ez dutela zigorra jasoko horregatik, eta estigmatizatu ere ez dituztela egingo. Era berean, ikusten dugu barneratu egin dela dibertsitate sexuala ez dela gaixotasun bat. Neska-mutilak, halaber, barneratzen ari dira beren sexualitatea erabaki pertsonal bat dela, inork inposatu behar ez diena. Eta sentitzen dute haiek ere ez dutela harreman bat inposatu behar.

 

-Nola jabetu zarete aurrerapen horietaz?

Esaterako, sexu-hezkuntza integralaren alde eta indarkeria matxistaren aurka antolatu genuen lehiaketa baten bidez. Ustekabe handia izan da ikustea nolako eragina izaten ari den egiten dugun lana. Begirada genitalizatu eta biomedikotik, sexualitatearen arriskuen gaineko begiradatik, berdintasunezko harremanez hitz egitera igaro dira, mutilen zein nesken artean emozio berak egoteaz, beren eskema mentalak aldatzeaz. Irabazi zuen marrazkian, sexualitateari loturiko gai guztiak emakumeen mendekotasunaren inguruan eraiki izan diren kontzepzioetan daude. Ahalduntzeaz ari da, autonomiaz, espazio publikoak berdintasunez erabiltzeaz, nerabezaroko haurduntzak haien bizitza zapuzten duen moduaz, beren ongizate indibidualaren inguruko erabakiak hartu beharraz.

Iruzkinak itxitak daude.