Berriak

Milioi bat euro baino gehiago bideratu genuen 24 egitasmoetara 2013an
21 uztaila, 2014
Medicus Mundi Gipuzkoak argitalpen bat zabaldu du fundamentalismo desberdinek sexu- eta ugalketa-osasunean dituzten ondorioen inguruan
2 iraila, 2014
Dena ikusi

Ebola birusa: beste zauri bat Afrikaren Osasunean


Ebola virus

Uda honetan denok Mendebaldeko Afrikari zeharka begira gaude Ebolak eragindako beste epidemia bat agertu delako, beste bat gehiago. Eta hara begira gaude birus honek kezkatu egiten gaituelako, hainbat arrazoirengatik: lehenik eta behin, heriotza-tasa handiko gaixotasun bat delako (gaixotuen % 60 hil egiten dira) eta, bigarrenik, ez zaiolako sendabiderik ezagutzen. Gainera, horri gehitzen badiogu pertsonen artean kutsatzeko ahalmen handia duela eta lehen agertu ez zen Afrikako inguru batean agertu dela, gauzak gehiago korapilatzen dira.

Martxotik hona, 1.000 lagun inguru hil dira, eta badirudi hilabete batzuk gehiago beharko direla hori kontrolpean edukitzeko. OMEak orain berriki nazioarteko osasun-larrialdi batean gaudela adierazi du, eta premiazkoa da beharrezkoak diren giza baliabide eta bitarteko material guztiak prest edukitzea Ebola ez dadin Afrika suntsituko duen beste izurrite bat bilaka.

Honaino, herrialde “pobre” batean pizten den epidemia baten aurreko ohiko jarrera da. Oraingo honetan, ordea, harrigarriena da herrialde “aberatsetan”, Iparraldeko herrialde ere deitzen diren horietan, gizarte-alarma larria sortu dela, agian oraingo honetan ohartu garelako gaixotasun horrek beste herrialde eta erregio batzuetara “bidaiatu” dezakeela eta, batik bat, hori harrapatzeko aukerari diogun beldurragatik. Izan ere, gaixotasunek etengabe gogorarazten digute ez dutela mugarik, eta are gehiago gurea bezalako mundu globalizatu batean. Baina 2014. urtekoa orain arte Ebola birusaren ondorioz izan dugun epidemiarik larriena dela esan dezakegun arren, ezin dugu konparatu beste gaixotasun batzuek eragiten dituzten hildakoen kopuruekin, malariarekin esaterako, urtean milioi erdi pertsona baino gehiago hiltzen baititu –gehienak haurrak–; halere, beste gaixotasun horiek ez dituzte betetzen gure herrialdeetako hedabideetako azalak, ziurrenik gure osasunerako benetako mehatxu ez direlako.

Epidemia hau amaitzen denean, gogoeta egin beharko dugu munduko osasunari –orokortasun modura ulertuta– ematen diogun garrantziaren inguruan. Gogoratu behar dugu birus hau 1976. urtean deskubritu zutenetik 24 Ebola epidemia izan direla eta, hala eta guztiz ere, ez dirudi nahikoa arreta jarri dugunik horren aurka eta beste gaixotasun hemorragiko batzuen aurka borrokatzen. Baina irtenbidea ezin daiteke izan gaixotasunez gaixotasun aurre egitea; nahikoa eraginkorra den osasun-sistema lokalik ez badugu horrelako programei sostengu emateko, ezinezkoa izango da arrakasta izatea.

Gaur Ebola da, baina bihar? Afrikak munduko osasun-adierazlerik okerrenak ditu. Bertako osasuna irekita dagoen zauri bat da, oso handia, ikaragarria; ebaki horretatik odolusten ari da, eta ezin dugu sendatu tiritak jarriz –tirita bat gaixotasun bakoitzeko–, zauria okerrera doala edo “infekzio” hori beste kontinenteetara zabaldu daitekeela iruditzen zaigun bakoitzean. Hori ez da eraginkorra, konponbide kamutsa da, eta neke handia eragiten die inplikatutako guztiei.

Irtenbideak epe ertain eta luzera behar du: herrialde guztiek osasun-sistema indartsua eduki beharko lukete, epidemiak zaintzeko sistema egokiekin eta edozein osasun-larrialdiren aurrean azkar erantzuteko baliabideekin. Halere, munduan osasun-sistema ahul gehiegi dago, eta dituzten giza baliabideak, bitarteko materialak eta ekonomikoak kopuruz eta kalitatez eskasak dira beren biztanleriaren osasun-beharrei aurre egin ahal izateko.

Dena den, sistema horiek eraginkorrak izan daitezela nahi badugu, biztanleriarengandik hurbil jarri ez ezik, biztanleriak erabili egin behar ditu. Eta horretarako tokiko komunitateek parte hartu behar dute osasun-lehentasunak zehazteko orduan. Badirudi epidemia honetan zenbait komunitateren partetik tratamendua jasotzeko eragozpenak jarri izan direla, sendatu ordez laguntza horrek gaixotasuna zabaltzeko asmoa zuela sinetsirik. Eta osasun-laguntzari uko egite hori ez da gertatzen den lehen aldia. Baina epidemia baten erdi-erdian ia guztiz ezinezkoa da gizarte-ereduak eta kultura-ereduak gaixotasunaren aurkako borroka-estrategiekin bateratzea, horrelako ekintzek denbora behar dutelako. Eta beraz, osasun-sistemek epe ertain eta luzera begira lan bat dute egiteko: biztanleriaren konfiantza bereganatzea.

Epidemiari amaiera eman ez ezik, munduko osasunarentzat mehatxu berrien agerpenari aurre egiteko bideak bilatu behar ditugu batez ere. Eta mundu osoan osasuna ondasun orokor bat balitz bezala ikusten badugu bakarrik lortuko dugu hori, osasun-interesak beste interes batzuen aurretik jarriz, hala nola interes ekonomikoak edo politikoak, eta une honetan horren beharra zalantzan jartzen den arren, osasun-lankidetza eraginkor, baliagarri eta epe luzera emaitzak ekarriko dituen baten alde apustu egin behar dugu, betiere osasun-sistemak indartuz. Afrikaren osasunean irekitako zauria itxi egin behar da, eta hori gure esku dago. Denon esku.

Autorea: Carlos Mediano, Nazioarteko Medicus Mundiko lehendakariordea

Iruzkinak itxitak daude.