El Salvador

2017an egindako barne hausnarketako prozesu baten ondorioz, beharra ikusi genuen sexu eta ugalketa eskubideen defentsan Erdialdeko Amerikan egiten dugun lana zabaltzeko.

El Salvador da lan egitea erabaki genuen herrialdeetako bat, eskubide horien urraketa maila handia baita:

  • El Salvador da Latinoamerikako herrialde bortitzenetako bat. Ondorioetako bat da feminizidio portzentaia handia, urtez urte gora doana. Egun, hilero 40 emakume eta gehiago hiltzen dituzte.
  • Herrialde horrek du nerabe haurdunen Latinoamerikako portzentaia handienetakoa. Egoera honi gehitu behar zaio haurduntza horietatik gehienak sexu indarkeriaren ondorio direla, eta gehienetan inguruko jendeak eragindakoak.
  • El Salvador da, munduko beste lau herrialderekin batera, abortua legez kanpo duena edozein egoeratan, baita emakumearen bizitza arriskuan dagoelarik ere.
  • Datu horiek, besteren artean, eragiten dute emakumeen suizidio portzentaia handia izatea, bereziki 15 eta 19 urte arteko nerabe eta gazteengan, eta jarraian 10 eta 14 urte artekoengan.
Gauzak horrela, 2018tik aurrera eskuz esku gabiltza lanean Melida Anaya Montes emakume elkartearekin, eta Osasunaren Nazio Foroa, Alames Sarea eta UES El Salvadorko Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin, sexu eta ugalketa eskubideen urraketetan eragiteko. Bide horretan, gure lanaren ardatzak dira:
  • Oinarrizko erakundeekin lan egitea, haien eskubideen berri izan eta bete daitezen eragiteko.
  • Osasun arloa sentsibilizatu eta trebatu, eskubide horien defentsan aliatu bat izan dadin.
  • Eskubide horien aldeko intzidentzia lanean Akademia inplikatu..
  • Latinoamerika osorako sarean egindako lana sustatu.