Berriak

(#COVID19) EKUADOR: Emakumeen aurkako indarkeriaren salaketa eta laguntza
21 apirila, 2020
(#COVID19) INDIA: Baztertzea jasaten duten emakume eta neskei babesa eta pandemiaren eraginari buruzko ‘online’ bilerak
8 maiatza, 2020
Dena ikusi

(#COVID19) EL SALVADOR: Estrategiak indarkeria matxistaren aurrean


*IRUDIA: Covid19-ko zifra ofizialak¹

Erdialdeko Amerikako herrialde gehienen antzera, El Salvadorrek oso egoera hauskorrrean egin behar dio aurre Covid19ari: pobreza maila handiak, desberdinkeriak eta osasun sistema publiko ahulduek populazioaren gehiengoa jartzen dute bere giza eskubideak urratuak izateko egoeran, osasun gaietan bereziki.

Gure tokiko bazkideek kontatzen digute ezen egia bada ere El Salvadorko Gobernuak bizkor erantzun zuela martxoaren 14tik aurrera ezarritako prebentzio neurriekin –eta mezu indartsu batekin, esanez egoera honetan garrantzitsuagoa dela osasuna eta bizia zaintzea irabazi ekonomikoak baino–, hezkuntza, merkataritza, lan eta osasun arta jarduerak mugatu eta etetearekin batera, eta beste hainbat “gizarte isolamendu neurri” deiturikoekin, giza eskubideen urraketa ugari gertatu direla. Horiek denak Giza Eskubideen Babeserako Prokuradoretzak eta gizarte zibileko hainbat erakundek dokumentatu dituzte. “Giza eskubideen urraketak bereziki atxilotze zentroetan eta ospitaleetan gertatu dira, pertsonen atxiloketa arbitrarioekin, espetxe sistemen krisiarekin, hala nola Gobernuaren neurriekin kritiko agertu diren komunikabideen aurkako erasoekin, hark bere estrategian dikotomia faltsua ezarri baitu: alde batean osasunaren eta biziaren babesa, eta bestean giza eskubideen errespetua” esan digute El Salvadorretik.

GKEen balorazioa

El Salvadorren  nazioarteko elkartasun lankidetzan gabiltzan erakundeok elkarrekin ondoko gogoeta egin dugu, pandemiaren egungo egoera eta etorkizun laburrean herrialdeak aurre egin beharko dizkion ondorioak baloratzeko; ondorioak larriagotu daitezke bizi den tentsio politikoarengatik, joan den otsailean errepublikako presidenteak botere legegilearen aurka eman nahi izan zuen kolpea dela eta:

– Konfinamendu neurriek ez dituzte kontuan hartzen salvadortar gehienen beharrak eta errealitate sozioekonomikoa, muturreko pobrezia egoeran bizi baitira, ekonomiaren sektore informalean bizirauten dute, lan prekarioekin, biziraupeneko nekazaritza ekonomian, beren oinarrizko beharrak ezin asetuta.

– Erakunde feministen datuen arabera, salbuespen egoera ezarri denetik emakumearen aurkako indarkeriak gora egin du. Berrogeialdian erasotzailearekin bizi beharrak etengabeko arriskuan jartzen ditu eta ez du oihartzunik eremu pribatutik landa². Dena den, positiboki baloratzen da emakumearen indarkeriaren aurkako salaketa gehiago ari dela jartzen, nahiz eta zoritxarrez haientzako babesa ez den behar den moduan iristen, eta feminizidio kopurua gehitu egin den. Berrogeialdia hasi geroztik zazpi feminizidio gertatu dira, eta hala tipifikatu gabeko beste bost. Beste alderdi garrantzitsu bat da krisiak ermakumeak erasan dituela gehien, bereziki merkataritza informalean dabiltzanak eta hainbat zerbitzu eta jarduera informaletakoak; horiek  denak konpentsazio neurririk gabe geratu dira, nola den gobernua ematen ari den $300 USDko dirulaguntza.

– Lehen Mailako Osasun Arreta utzita dago, gobernuaren erantzuna isolamendu neurrietara mugatua baitago; horrela, lehentasuna behar lukeena bazterrera geratzen ari da, nola den talde zaurgarrien babesa (heldu nagusiak, haurdunak, gaitasun berezidunak, gaixotasun kronikodun edo eta immunoeskasdunak).

– Frogatuta dago Covid19aren birusaz ez kutxatzeko neurrietan eraginkorrenetakoa dela eskuak eta bizitokiak maiz garbitzea. Ordea, salbadortar gehienek ez dute eskueran edateko eta etxeko urik. El Salvador Ur Foroak eta Uraren defentsarako Aliantza Nazionalak etenik gabe nabarmentzen dute edateko uraren hornidura falta San Salvadorko alde populatuenetan (non 1.7 milioitik gora lagun bizi baitira), eta salatu dute larrialdi egoeran ez dela baliabiderik jarri biztanle gehienek edateko eta etxerako ur hornidura izan dezaten bizitokien behar bezalako higienizaziorako. Bestetik, badira ur sistema komunitarioak, baina salbuespen egoera dela eta, kaltetuak izan daitezke mantenurako behar diren giza eta material baliabideen faltagatik; ondorioz, are eta jende gehiago egon daiteke ur faltaren arriskuan birusari aurre egiteko.

– Azkenik, pandemiaren krisiak eta hartutako neurrien ondorio ekonomikoak gehiago kaltetuko ditu populazioaren talde babesgabeenen familia ekonomiak, produkzio eta zerbitzuetatik modu informal eta biziraupenezkoan bizi diren horienak, berehala eskastuko direlako haien bizi baldintza prekarioak.

Testuinguru honetarako ekintzak

Larrialdiari buruz, eta konfinamendua dela eta, gure tokiko bazkideekin hainbat administrazio eta koordinazio jarduera egiten ari gara martxan dauden eta hastear diren egitasmoak berregokitzeko; Osasun Ministerioarekin lanean eta lurraldeei laguntza ematen ari gara Osasunaren Foro Nazionala/APROCSAL, El Salvadorko Unibertsitatea eta Las Melidas erakundeen bitartez.

Bestalde, lekuan bertan AECIDko Kooperaziorako Bulego Teknikoarekin eta Espainiako Enbaxadarekin koordinatzen ari dira salbokonduktoen kudeaketa Kanpo Harremanetarako Ministeriordearen aurrean, kasu zehatzen zirkulaziorako eta larrialdiaren inguruan lortu daitekeen laguntza banatu ahal izateko.

Estrategiak indarkeria matxistaren aurrean

Eusko Jaurlaritzarekin batera landutako “Sexu eta ugalketa eskubideen ariketak hobetzea El  Salvadorko San Salvador eta Cuscatlanen” egitasmoarekin jarraitu da, gehiena telelan moduan Las Melidas erakundeko kideekin eta Medicus Mundiko Luzmila Arguetarekin. Egitasmoaren esparruan eta indarkeria prebenitzeko hedabideen kanpainen barruan, emakumearen aurkako indarkeria prebenitzeko eta salatzeko komunikazio estrategiak garatzen ari dira, deiei arreta emateko lege lerroak gaituz eta agintaritzarekin harremanetarako aholkularitza eta laguntza eskainiz. Erresistentzia Feministaren esparruan, berrogeialdian izandako feminizidioekiko komunikabideen monitorizazioa koordinatzen ari dira, eta etengabeko kanpainan daude giza eskubideen urraketak salatzeko, zehazki gobernuak ezarritako salbuespen egoeraren ondorioz emakumearen aurkako indarkeriari dagozkionak.

———————————————

¹ El Salvadorko Osasun Ministerioko web orriko datu ofizialak https://covid19.gob.sv/

² http://ormusa.org/ormusa-la-violencia-feminicida-durante-la-cuarentena-domiciliar-obligatoria-por-covid-19-en-el-salvador/

Iruzkinak itxitak daude.