Berriak

Gazteak Hegoaren Bila lehiaketak 200 parte-hartzaile baino gehiago bildu ditu
16 martxoa, 2018
Las Lorocas taldeak irabazi du Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren seigarren edizioa
23 apirila, 2018
Dena ikusi

Donostiako Parte Zaharreko kaleetan egingo dira medicusmundiren “Gazteak Hegoaren bila” lehiaketaren azken proba eta bukaerako jaia


Larunbat honetan, apirilak 21, Gazteak Hegoaren Bila lehiaketaren seigarren edizioko azken proba eta bukaerako jaia egingo dituzte Donostian Euskadiko hiru medicusmundi elkarteek. Eguna 10:30ean hasiko da, Zuloaga plazan, hura izango baita lehiaketaren azken probaren abiapuntua; handik, Parte Zaharreko kaleetan barrena eramango da aurrera proba, bertako merkataritza-establezimenduen laguntzarekin. Probarako, parte hartzen duten 20 taldeetako kideek beren sormenari onena atera, eta mozorroturik agertu beharko dute hitzordura, osasun-zentro bateko pazienteak itxuratuta, zentro horretara joaten den pertsona bakoitzak izan litzakeen ezaugarri batzuk eta besteak islatzen saiatuz. Proba burutu eta gero, Kresalan bukaerako jaia egingo da, eta hantxe banatuko zaizkie sariak talde irabazleei; gainera, Oihulari Klown-ek umore-ukitua emango dio jaiari.

Seigarren edizio honetako talde irabazlea Erdialdeko Amerikara joango da bidaian, eta aukera izango du medicusmundik han aurrera eramaten duen lankidetza-lana hurbiletik ezagutzeko. Bigarren sailkatzen den taldeak bidaiatzeko diru-laguntza bat jasoko du, Espainiako estatuaren barruan edo herrialde mugakide batean elkartasunarekin eta/edo lankidetzarekin zerikusia duen esperientzia bat ezagutzeko helburuz.

“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketa bi urtean behin antolatzen dute Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa), EAEko 19 urtetik 30 urtera bitarteko gazteei zuzenduta, lau kideko taldeetan parte har dezaten. Aurten lehiaketak proposatzen dituen lau proben bidez (esketx bat egitea, irrati-mezu bat grabatzea, kanta bat sortzea, eta sorpresazko azken proba), osasun-zerbitzuen erabileran gertatzen diren ekitaterik ezeko egoerez gogoeta egiteko gonbita egin zaie. Proba-formatu horien bidez, zenbait galderari erantzun behar izan diete; esaterako, ea zer rol jokatu behar duten erakundeek osasun-sistemak sendotzeko edo ea ekitaterik ezeko egoerarik dagoen osasun-zerbitzuen erabileran. Helburua, gazteak osasun-arloko ekitatearen alde mobilizatzea, maila globalean partekatutako ardura baten ikuspegitik.

Halaber, beste eragile batzuk inplikatuz sarean lan egiteko asmoz, antolakuntzak laguntza jasoko du proben ebaluazioan, Donostiako UPV/EHUko Erizaintza Eskolaren, Honduraseko Unibertsitate Nazional Autonomoko –medicusmundi bizkaiak Hondurasen lankide dituen kontraparteetako bat– familia-osasuneko taldeetako zenbait ikasleren, eta Haziak arabar musika-taldearen eskutik.

Gazteak Hegoaren Bila lehiaketaren seigarren edizio hau “Osasun publiko eta unibertsalaren alde. Inequidades en el acceso a la salud” proiektuaren bigarren fasearen barruan kokaturik dago.

Iruzkinak itxitak daude.