Berriak

Nazioarteko laguntzaren osasunerako ekarpenak gutxitu egin dira osasun arazoek jarraitzen duten bitartean
31 urria, 2018
Dena ikusi

“Atsegina da oso ikustea han egindako lanak gero erabilera praktikoa duela”


ELKARRIZKETA Jule Maiz, Erizaintzan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean

Beste urte batez, lau gaztek bi hilabete eman dute Perun, sexu eta ugalketa osasunari buruzko praktikak egiten Manuela Ramos Mugimenduarekin, martxoan gure ikastaro “Sexualitatea, generoa eta garapena” egin ondoren. Haietariko batekin solas egin dugu, erizaintzan graduatua den Jule Maizekin, esperientzia nolakoa izan den konta diezagun.

Tokian bertan izandako esperientziaz hitz egin aurretik, Jule, konta iezaguzu nolatan egin zenituen ikastaroa eta ondorengo praktikak. Zerk erakarri zintuen medicusmundigipuzkoaren jarduera hauetan?

Ahizpak eman zidan ikastaroaren berri, berak jaso baitzuen deialdia. Nik interesa banuen genero gaietan formatzeko, beraz berak berria eman orduko izena eman nuen. Gainera beti izan nuen gogoa herrialderen batera kooperante gisara joateko eta, ikastaroa egin ondoren oso interesgarria iruditu zitzaidan medicusmundi gipuzkoak nola planteatzen zituen praktikak. Ikusi nuen antolaketa ona zutela eta suspergarria zen neretzako Peru gisako herrialde bateko erakunde batekin lan egin ahal izatea. Aukera egokiak ziren formatzen jarraitzeko.

Praktikak Maddi Telletxearekin batera egin dituzu, Ayacuchon, Peruko mendialdean. Nolako hasiera izan zenuten han bertan?

Egia esan, hasieran kosta egin zitzaigun egokitzea. Gure errealitatearen oso bestelako komunitate bat aurkitu genuen, oso itxia -esaten da gero euskal jendea itxia dela…-. Baina behin hizketan hasita ohartu ginen oso iragan gogorra izan zutela, Sendero Luminoso erakundearen indarkeria zela eta. Denek esaten zizuten garai hura, 90.eko urteak, oso gogorra izan zela, oraindik ere oso gogoan dutela. Beldur handia pasa zuten, beraz normala da etorri berriekiko mesfidantzak izatea. Kosta zaie irekitzea. Baina pixkana-pixkana, haiengana hurbiltzen eta hurbiltzen, azkenean lortu genuen komunitateko kidetzat har gintzaten. Dena den, hasierako jarerra itxiaz landa, oso atseginak izan dira gurekin; oso ondo zaindu gaituzte.

Konta iezaguzu zer jarduera egin dituzuen han eta zein gertatu zaizuen gogokoena.

Iritsi berritan, 10 saioko gida bat prestatzeko proposamena egin ziguten, 10 gai desberdinekin sexu osasunaz eta genero indarkeriaren prebentzioaz, 14 eta 15 urteko neska eta mutilentzat. Bada, hasi ginen dokumentatzen han bertan zuten material guztiarekin, darabiltzaten dinamikei buruz eta beste. Bai Maddirentzako bai neretzako, erizainak eta beti esparru klinikoan lan egindakoak izanik, oso aberasgarria izan da, sekula ez baikenuen egin heziketa komunitarioko lanik. Ondo asmatu behar genuen gai horiek nola landu Ayacuchoko ingurune jakinean. Hoberena izan zen azkenean lortu genuela praktikan jartzea prestatutako lanaren zati bat: zehazki, prestaturiko hamar saioetatik bi izan ziren. Poz handia eman zigun ikustea guk egindako lan guztiak bazuela gero erabilera praktikoa, lanerako balio zuela. Jarduera honetaz gain, Manuela Ramos Mugimenduak antolatzen zituen ekitaldi guztietara gonbidatzen gintuzten. Hain dira langileak, gu egondako egun bakoitzean ba zela zerbait. Interesgarria izan zen, halaber, han egon ginen bitartean eskualdeko hauteskundeak izatea, aukera eman baitzigun ikusteko nolakoa den halako momentu bateko prozezu politikoa.

Ikusi duzue, beraz, hauteskunde garaietan Manuela Ramosek alderdi politikoekin egiten duen lan zehatza?

Bai, eta oso interesgarria da. Hemen egiten denaren oso bestelakoa da. Jende guztia joan daiteke alderdiek antolatutako ekitaldi guztietara eta mundu guztiak hitz egin dezake. Eztabaida irekiak dira, eta bertan galdetu edo eztabaida daiteke alderdi batek planteatzen duenaz. Baina ekitaldi guztiak ez dira irekiak. Ordea, Manuela Ramosek akreditazioa du alderdien ekitaldi, prentsaurreko eta bestelakoetara joateko. Eta guk haietara denetara lagundu ahal izan ditugu. Ikusi dugu, halaber, Manuela Ramosek zein prozesu darabilen  hautagaitza bakoitzak genero gaiak jaso ditzan bere politiketan. Agiri bat idatzi zuen politikariei sinatzera emateko, non haiek hitzematen zuten bertan planteatutako genero agenda beteko zutela hauteskundeak irabaziz gero.

Ayacuchon bizitutakoaren artean, nabarmenduko al zenuke Manuela Ramos egiten ari den lanean lehentasunezkoa izan daitekeen problematikarik?

Nahiko deigarria egin zitzaigun zenbat haurdun nerabe dagoen. Ayacuchon %17koa da prebalentzia. Gu iritsi berritan ospatzen ari ziren Nerabeen planifikatu gabeko haurdunaldiaren prebentziorako nazioarteko eguna. Aste osorako ekitaldiak antolatuta zeuden. Ari dira aurrerapenak egiten, bai. Adibidez, lortu da neskek hezkuntza ez uztea amak izateagatik eta eskolara seme-alabekin joan ahal izatea.

Beraz, bertatik bertara jabetu zarete erakunde honek azken 40 urte eta gehiagotan egin duen lanak baduela zuzeneko eraginik?

Erabat. Mundu guztiak ezagutzen du, denek dakite zertan diharduen eta jende askok eskatzen die laguntza. Hainbeste non ez baita denetara iristen dauzkan baliabideekin. Ordura arte erakundeak ezin iritsi izan zuen hainbat eskolatan egon ginen, bertako irakasleek deituta. Mantso doa aurrera egitea, baina egiten ari den lanaren fruituak agerikoak dira. Erakundean lanean ari direnek bizitzeko modu bat egin dute emakumeen aldeko borroka. Ia eguneko 24 orduak ematen dituzte horretan. Bulegotik irtendakoan ere, hainbat taldetan ari dira gai berdinak lantzen, edo eta kalean zerbait edaten egonda ere beti zeuden telefono eta albisteei so.

Amaitzeko, zer balio ematen diozu esperientziari? Berriro egingo al zenuke? Inori gomendatuko al zenioke?

Nik balio super handia ematen diot. Maddi eta biok oso kontent egon gara. Ez genuen elkar ezagutzen, eta, egia esan, oso ondo moldatu gara. Nik jendea animatuko nuke joateko, baina esango nieke burua irekita eramateko. Gu prest egon gara han planteatu diguten guztia egiteko, eta nik uste dut hori dela ikasteko modua. Inplikatzen saiatzen ginen, gauza denetan interesa jartzen, eta jarrera horrek erraztu egin die hangoei gu integratzera egin beharreko lanetan, guri jarduera guztien berri ematera. Guretzako  oso esperientzia aberasgarria izan da arlo guztietan, bai profesionalki eta baita pertsonalki ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude