Berriak

Berriz ere fundamentalismoei buruzko topaketak egingo ditugu. Eman izena!
14 urria, 2019
“Gaur egun, Brasilen, Estatua LGTBI kolektiboaren etsaia da”
26 azaroa, 2019
Dena ikusi

“Argentinak zorrak dauzka eskubideekin eta abortua horietako bat da”


Victoria Tesorierori elkarrizketa, Argentinan abortua legala izateko kanpainako kidea.

15 urte soilik zituela, abortuaren eskubidearen inguruko lan bat egin zuen eskolan. 2007. urtean abortua legala izatearen alde borrokatzen duen kanpainara hurbildu zen eta 2010. urtean kanpaina honetara batu zen. Hau, Buenos Aireseko talde batean egin zuen, eta baita, garai hartan sortzen ari zen lan talde parlamentario batean ere.

Gaur egun, Gizarte Zientzietan doktoratzen ari den bitartean, bere burua militante feminista, politiko eta sozialtzat dauka. Berak, abortuaren eskubidearen aldeko militantziak eta feminismoaren aldeko militantziak bizitza aldatu diotela aitortzen du; baita geroz eta inplikatuago sentitzen dela kausa honetan ere. Horrez gain, uste du generazio honetako beste “nesken” aldean, bere adineko emakumeek, edota bere amaren edo amonaren adineko emakumeek, beraien prozesu propio bat jarraitu behar izan zutela abortua emakumeen berezko eskubide bat zela konturatu ahal izateko.

 

Nola deskribatuko zenuke Argentinako gaur egungo egoera abortuari dagokionez?

Argentinan, 1921. urtean eztabaidatu zen lehen aldiz abortuaren inguruan. Data horretan sortu zen gure kode penala, zeinek esaten duen abortua legala dela haurdunaldia biolazio baten ondorioz gertatu bada, edota emakumearen osasunerako edo bizitzarako arriskutsua baldin bada. Hala ere, oro har, hau ez zen osasun zerbitzuetako errealitatea. Izan ere, emakume askok legislazio hau ez zuten ezagutzen, eta mediku eta medika askorekin ere berdina gertatzen zen. Horrek esan nahi duena da, azken urteetan aurrera pauso asko lortu diren arren, oraindik ere aurrera pausu hauek modu zuzenean ezartzeko arazoak daudela. Gainera, azken urteotan aborturako eskubidea mugimendu askoren eskari nagusi bezala agertzen joan da, mugimendu hauek era esponentzial batean hazten joan diren heinean. Izan ere, mugimenduen hazkunde honek asko lagundu du abortua despenalizatu eta legislatzeko arrazoien inguruko kontzientzia sortzeko momentuan. Asko aurreratu dugu azken urteotan antolakuntza materialean, kontzientzian; abortuaren inguruko hitzarmen sozialean, hain zuzen ere.

Zein da jende gehienaren jarrera gaur egun?

Egin ditugun inkesten arabera, ikusi liteke Argentinako gizarteko %60a abortua despenalizatzearen eta legalizatzearen alde dagoela.

Datu hauek sexuka banaturik al daude? Iritzi berdina al daukate emakumezkoek eta gizonezkoek?

Ez dut uste sexuaren arabera iritzia aldatzen denik, bai ordea generazioen artean. 55 urtetik gora dituztenen artean zailtasunak aurkitzen hasten gara gai honen inguruan, abortua legalizatzeko momentuan. Hala ere, generazio berriak guztiz ados agertzen dira abortua legala izatearen ideiarekin.

Abortuaren inguruan ari garenean emakumeen eskubideen inguruan ari gara. Zein da hauen (emakumeen) gaur egungo egoera Argentinan?

Asko aurreratu da eskubideei dagokionez. Osasun sexualaren inguruko lege bat daukagu emakumeek ospitaleetan antisorgailuak doanik jaso ahal izateko, baita tronpen ligadura eta basektomia doanik egin ahal izateko lege bat ere. Erditze unerako ere lege bat daukagu, baita genero biolentziari dagokion lege bat ere, zeinek biolentzia sinbolikoa ere kontuan hartzen duena, genero identitatearen inguruko lege bat ere badago, berdintasunezko ezkontza legea… Horrez gain, Micaela deitzen den lege bat ere badaukagu, zeinek genero perspektiba batetik abiatuz , eta hau guztiz kontuan izanik, generoa eta biolentzia lantzen dituena; edo Brisa deitzen den legea ere badago, zeinek feminizidio baten bidez umezurtz gelditu diren umeak babesten dituena, hauei laguntzak eskainiz; hauez gain, beste lege asko eta asko daude. Hori horrela izanik, lege guzti hauek dira Argentina abangoardiako herrialde bihurtzen dutenak, eskubideak bermatzen dituztenak. Hala ere, zorrak daude, eta abortua horietako bat da, zainketarako politikekin batera.

Lehen aipatzen zenuen abortuaren inguruan onartzen dena gero errealitatean ez dela aplikatzen. Berdina gertatzen al da gainerako legeekin?

Non bizi zarenaren arabera lege horiek aplikatzen dira edo ez. Egoera larria da justiziarako sarbideari dagokionez. Gainera, Mauricio Macriren azken gobernuak programa asko murriztu zituen, eta bertan behera utzi zituen Osasun Ministerioa eta baita Lan Ministerioa ere. Horrek, genero perspektiba zuten programa askoren murrizketa ekarri du. Hori horrela izanik, Ekintzarako Plan Nazionalak, zeinek genero biolentzia lantzen duen, %52ko murrizketa jasan du. Gobernuen orientazioa, pentsatzeko modua, guztiz garrantzitsua da gure eskubideei dagokionez; baina, hala ere, gobernu neoliberalek, Estatuaren gaitasunak murrizten dituzte eta gizarte guztia kaltetzen dute, batik bat emakumeak eta gizarteko talde marjinalak kaltetuz. Emakumeok beti galtzen ateratzen garen proiektu politikoak dira. Guk abortatu ahal izateko lege baten alde borrokatzen dugu, zeren, uste dugu gure eskubidea izateaz gain, Estatuak bermatu beharreko zerbait dela.

Nola heldu zinen aborturako legea borrokatu beharreko zerbait dela pentsatzera?

Uste dudalako abortatzen dugun emakumeon inguruan estigma asko egon direla, eta oraindik ere badaudela. Falta zaigun eskubide bat da. Uste dut, abortua, feminismoa bezala, batik bat borroka kulturala dela. Ez da nahikoa lege batekin. Hala ere, lege bat izatea pauso garrantzitsu bat da, baina egiatan behar duguna aldaketa kultural bat da; gure gaineko opresio hori bukatu dadin.

Zer nolako ekintzen bidez eramaten dituzue aurrera zuen errebindikazioak?

Denetarik egiten dugu. Baldintza sozialak sortzen dituzten ekintzetan eta baldintza politikoak sortzen dituzten ekintzetan laburbildu litezke. Lehenengoan, mobilizazioak, tailerrak, ikus gai egiteko kaleko ekintzak, eskoletako ekintzak, unibertsitateak, ikerketarako eta formakuntzarako zentroak, sindikatuekin egiten diren ekintzak, baita kazetariekin ere egiten diren ekintzak (zeintzuekin abortuaren eskubidea medioetan modu zuzenean lantzeko dekalogo bat egin genuen), eta orokorrean, feminismotik haratagoko aliantzak bilatzea egongo litzatezke. Bigarren tipologiak, politikarekin zerikusia dauka, eta partidu politikoen baitan egiten diren ekintzekin zerikusi zuzena dauka. Izan ere, gutariko askok partidu politikoetan militatzen dugu, eta ez da erraza izan beraien agendetan abortuaren eskubidea txeratzea. Zeren, legegileak konbentzitu behar dira,hau da, legeak sortzen dituztenak, erabakiak hartzen dituztenak, funtzionarioak; gure esku egon den guztia egin dugu.

Urte duzu hori dela lana egiteko bidea edo zerbait gehiago egin beharko litzateke?

Konbentzituta nago aliantzak sortzeko estrategia dela bide zuzena; beti ere erabakitako akordio komun batzuk jarraituz eta gure kasuan lema batekin, “heziketa sexuala erabakitzeko, antisorgailuak ez abortatzeko, abortua legala ez hiltzeko!”. Horrez gain, lege proiektu bat ere beharrezkotzat ikusten dut.

Ze aldaketa legislatibo lortu dituzue azken urteotan? Eta maila sozialean ze eboluzio eman da?

Asko lortu ditugu. Adibidez, abortuaren inguruko legislazio espezifikoan Heziketa Sexual Integralaren legea sortu zen 2006. urtean, eta 2012. urtean FAL akatsa deitzen dena, zeinek kode penalaren interpretazio zuzena finkatu zuen. Horrez gain, Kode Zibilaren eta Nazio Komertzioaren inguruan guztizko berrikuntza izan dugu. Gero, emakumeen eta dibertsitate funtzionala daukan jendearen eskubideetan ere aurrera pausoak eman dira; eta gizartean bertan ere aldaketa handi bat eman dela esan beharra dago. Uste dut, urte batzuk barru edota hamarkada batzuk barru konturatuko garela sortu dugun iraultzaz. Izan ere, eman den aldaketa oso handia izan da: gaur egun abortuaren inguruan hitz egin daiteke, eta ez hitz txarretan; izan ere, populazioaren %60a gurekin ados dago… Itzelezko aldaketa da!

Hala ere, legalizazioak premiazkoa izaten jarraitzen du…

Bai, guztiz premiazkoa da; izan ere, gaur egun, oraindik ere gure herrialdean ekiditu daitezkeen heriotza asko dauzkagu.  Hala ere, amen hilkortasun tasak behera egin du pastillen bidez nola abortatu daitekeen informatzen duten emakume askori esker: misoprostolaren erabilerak izugarri egin du gora. Hala ere, ekiditu daitezken heriotza asko daude oraindik. Gainera, gezurra dirudi 2019. urtean oraindik ere emakumeek beraien gorputzaren eta amatasunaren inguruan ezin erabaki izanak. Abortua osasun publikoari dagokion gai bat da, giza eskubide bat, autonomiazko eskubide bat, emakumeen oinarrizko eskubide bat eta haurdun gelditu daitekeen edonoren eskubide bat.

Ze ondorio izan ditzake emakume batentzat askatasunez abortatu ahal ez izateak?

Kasu hoberenean behartutako amatasuna. Gero, “Belenen” kasua ere izan dugu, adibidez, bera 27 urteko neska bat da zeinek abortu natural bat izan zuen eta zeini hilketa bat burutzea leporatu zioten. Berak bi urte eta erdi igaro zituen preso salaketa faltsu batengatik. Horrez gain, abortu klandestinoak ere arazoak ekartzen dizkie modu honetan abortatzea erabakitzen duten emakumeei, zeintzuek gehienetan ez dute baldintza oso onetan abortatzen eta informazio falta handia daukate; izan ere, ez daukate klinika pribatuetan abortatzeko dirurik.

Uste duzu abortua kasu guztietan legala izan beharko litzatekeela?

Abortatzeko eskubidea legala egiteko lege proiektuaren arabera, gestazioko 14. astera arte abortuak legala, segurua eta doakoa izan beharko luke, eta aste horiek igaro baino lehen emakumeek haurdunaldia boluntarioki etetea bermatu beharko luke. Gero, kode penaleko hiru kausa originalak egongo litzatezke, zeintzuk ez diren asteen arabera mugatzen.

Zein uste duzu izango dela gobernu berriaren jarrera abortua legalizatzearen aurrean?

Mauricio Macriren gobernuak eztabaida bultzatu zuen, baina Senatuan gai hau geldiarazi zuen eta bertan behera gelditu zen. Hala ere, Alberto Fernandez, hurrengo presidentea izango dena, abortuaren eskubidearen alde agertu da.

Zein uste duzu izan beharko litzatekeela bere papera gai honen aurrean?

Estatuak osasuna eta eskubideak bermatu behar ditu kasu guztietan. Aurkitzen garen momentu berezi honetan, espero dut gobernuak eztabaida hau bultzatzeko borondate politikoa izatea.

Zergatik uste duzu abortuak Argentinan ilegala izaten jarraitzen duela? Norbaiti mesede egiten al dio horrela izateak?

Uste dut abortuak ilegala izaten jarraitzeko interes asko daudela. Lehenik eta behin, Eliza Katolikoa daukagu, zeinetara beste aktore garrantzitsu bat gehitzen den, Eliza Ebanjelikoaren kupula, hain zuzen ere, zeinek indar handia hartu duen gure herrialdean. Leku askotan, elizak eta bereziki beraien kupulak, gobernuekin elkarlanean aritzen dira politikak sortzeko momentuan, eta krisi eta ezarpeneko momentuek aktore hauek indartzen laguntzen dute. Guk, mugimendu bezala, ez daukagu beraiek daukaten boterea, ezta beraien baliabide edo lobby boterea ere. Uste dut, hau arazoaren alde garrantzitsu bat dela, baina ez da bakarra. Klase politikora dedikatzen diren gehienek abortua zerbait “piantavotos”-a bezala ikusten zuten, hitz egin beharko ez litzatekeen zerbait bezala, eta medioek ere berdina egiten zuten. Zentzu horretan, sektore askori buruzko lan fin bat burutu behar izan dugu.

Zer falta da abortua Argentinan legala izan dadin?

Kongresuan, berriz ere, gai honi buruzko eztabaida zabalduko duen borondate politikoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude